Wikipediaren sortzailea, Zientziaren Astearen inaugurazioan

Wikipediaren sortzailea, Zientziaren Astearen inaugurazioan


Jimmy Wales estatubatuarrak, Wikipedia entziklopedia librearen sortzaileetako batek, hitzaldi bat eman zuen astelehenean Miñaoko Parke Teknologikoan. Hitzaldi harekin batera, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta Pedro Luis Uriarte Innobasqueko zuzendariaren hitzak entzun ziren ekitaldian, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren VI. Astearen inaugurazioan.

Jimmy Wales (eskuinean) eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria.
Interneten ospe handia hartu du Wikipediak, kontzeptu berri bat ekarri baitu sarean dauden produktuetan. Erabiltzen duen filosofia esaldi honetan laburbiltzen eta erakusten du Walesek:

Imagine a world in which every single person on the planet is given free access to the sum of all human knowledge. That's what we are doing. (Imajinatu mundu bat non pertsona guztiek giza jakintza osoa eskura duten. Horixe ari gara egiten).

Utopia hori buruan zutela sortu zuten Wikipedia entziklopedia, eta gaur egun 8 milioi artikulutik gora ditu 253 hizkuntzatan. Walesen datuen arabera, euskarazko bertsioak 21.214 artikulu zituen inaugurazioaren egunean. Hindi hizkuntzarekin konparatu zuen; askoz hiztun gehiago izanda, hindiz idatzitako artikulu-kopurua 14.205 zen. "Jakina, arrazoi asko dago hori horrela izateko", esan zuen.

Wikipediaz gain, Wikia izeneko proiektuaz hitz egin zuen Walesek, entziklopedia librearen ideia beste informazio-mota batera zabaltzen duen proiektua. Besteak beste, software librea zabaltzeko balio du Wikia proiektuak. Wikia abian da, 3.000 gai baino gehiago eskaintzen ditu gaur egun Interneten.

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Softwarea