}

WiFi: kablerik gabe konexioen hedapena

2003/10/01 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Unibertsitateak, erakunde publikoak, nazioarteko enpresa handiak eta hiritar elkarteak, guztiak jarri ditu ados WiFik, eta Internet sarearen hedapen-olatu berria bultzatzeari ekin diote denek batera. Edozein tokitan ezar daiteke, merkea da, instalatzeko erraza eta konexio-abiadura egokia eskaintzen du. Internet informazioaren autobideetatik askatu eta arnasten dugun airera iritsi zaigu.

EHUko Informatika Zerbitzua (CIDIR) aitzindaria izan da haririk gabe eremuak ezartzen. Donostian, Informatika Fakultateko liburutegian, kafetegian eta baita zelaian ere, ikasle eta irakasleek kablerik gabe konekta daitezke sarera. (Argazkia: O. Araolaza).

Internet sareak erabat estali ditu Twente-ko Unibertsitateko bazter guztiak. Wireless edo haririk gabeko eremuek ekarriko dituzten aldaketen eredu da Herbehereetako unibertsitatea. Hasi berri den ikasturtean unibertsitate-campusak dituen 140 hektaretako edozein txokotatik konekta daitezke ikasle eta irakasleak ordenagailu-sarera. Horretarako, 650 hot-spot edo sarbide-puntu prestatu dituzte campusean barreiaturik. Ordenagailu eramangarrian WiFi txartela jarri eta inolako kable eta haririk gabe, liburutegitik, igerilekutik edo zelaitik sar daitezke Interneten Twenteko 6.000 ikasleak. Europako wireless-sare handiena izango dute eskura bertako ikasle eta irakasleek.

Informatika-konpainia handiek probalekutzat hartu dute Twenteko kanpusa eta, beraz, momentuz parekorik ez duen wireless-eremua prestatu dute bertan. Baina probalekuetatik haratago, WiFi sareen hedapena hezur-mamizko errealitatea da eta puntucom enpresen krisiaren ondoren haize berriak ekarri, edo gutxienez negozio-ilusioak berpiztu, dizkio industriari. Aireportuetan, enpresa eta hotel handietan, unibertsitateetan eta kongresu-jauregietan ezarri dira lehen eremuak. Euskal Herrian ere unibertsitatearen bidez egin ziren lehen saioak. Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako campusa aitzindarietakoa izan zen eta Informatika Fakultatean martxan jarri zuten haririk gabeko sareak urte eta erdi darama funtzionatzen.

WiFi kaleetan

Baina unibertsitate eta enpresa handiekin batera, elkarteetan antolatutako hiritar-taldeek ere bere gain hartu dute Internet edozein txokotara helarazteko ekimena eta beren kasa ari dira atzipen-puntuak han eta hemen prestatzen. Horretan ari dira buru-belarri, besteak beste, Euskal Wirelesss, Donosti-Wireless, Bilbowireless edo Gasteizko Anuestroaire taldeak. Hirietako kaleetan atzipen-puntuak ezartzen dituzte eta, uhinek hartzen duten 100 metro inguruko espazioan, inora entxufatu gabe Interneten nabigatzeko aukera eskaintzen dute.

EAEko etxeen % 31n dago Interneteko sarbidea. Beste modu batera esanda, EAEko biztanleen % 69k ez du Interneterako sarbiderik etxean.

Hirietan hainbat ekimen daude martxan, beraz, baina baita herri txikietan ere. Adibidez, Nafarroako Aiegi herrian WiFi sarea ezarri dute bizilagunen artean. Populazio txikiko, eta, ondorioz errentagarritasun ekonomiko urriko herri txikietan ez dute kablea iritsiko zaien esperantza handirik. Beraz komunikazio-enpresak noiz iritsiko diren zain egon gabe, aurrea hartu eta herritarrek heldu diote WiFi sareak hedatzeko lanari.

Izan ere, komunikazio-sare nagusietatik albo batera geratzen ari ziren auzo, herri eta eskualdeetan Interneterako sarbideak eskaintzeko irtenbide aproposa bihurtu da WiFi. Ozeano Pazifikoaren hegoaldean, Niue izeneko irla txikian, 1.700 lagun bizi dira. 260 km 2 ditu uharteak eta hortik aurrera itsasoa baino ez. Lurrari dagokionez erabat isolatuta egonik, ulertzekoa da bertako biztanleek Interneterako sarbidea izateko zuten grina. Interneten zaleen elkartea osatu eta konexioa eskaintzen duten atzipen-puntuak ezarri dituzte han-hemen irla osoa estali duten arte.

Eten digitala saihestu

Erakundeek eten digitala txikitzeko baliabide interesgarria dela ikusi dute wireless eta bete-betean heldu diete haririk gabeko teknologia hedatzeko ahaleginei. Komunikaziorako teknologia berriak eskura dituztenen eta ez dituztenen artean sortzen den tarteari deritzo eten digitala . Adibidez, Eustatet-ek eskainitako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen % 31n dago Interneteko sarbidea. Konexio-tasa urria da hori alor honetan aitzindari diren Danimarkarekin, Herbeherekin edo Suediarekin alderatuta, horietan biztanleen % 65 inguruk baitu Interneteko sarbidea etxean.

Datuak ispilutik begiratuz gero, kezka areagotu egin daiteke. Izan ere, EAEko etxeen % 31n Internet konexioa dagoela esatean, biztanleen % 69k etxetik sarbiderik ez duela adierazten ari gara. Horietako batzuk izango dute ziur aski Interneten sartzeko beste modurik, lanean, eskolan, ziber-kafeetan edo Kzguneetan, baina beste hainbatek ez du horrelako aukerarik eta horixe da, hain zuzen ere, hainbat aditu kezkatzen dituen eten digitala.

892.11b estandarrak, 2,4 GHz-eko frekuentzia zabalaren funtzionatzen du eta 11 Mbps-ko gehienezko transmisio abiadura du. (Argazkia: J. Mendiburu).

Hain zuzen, eten digitala txikitzeko bideetako bat Internet sarea edozein kaletara eta ingurutara eraman dezakeen WiFi teknologia ikusten hasi dira hainbat erakundek. Sprik WiFi teknologia duten haririk gabeko sareak leku publikoetan instalatzeko diru-laguntzak eman ditu eta Eusko Jaurlaritzak ikerketa-lerro estrategikotzat jo du wireless alorra. Zenbait erakundek hirietako kaleetan Internetera konektatzeko aukera eskaintzeari ekin dio wireless espazioak sortuz. Zamoran, adibidez, Wireless Satellite Networsk enpresak hirigunearen % 75 estali du dagoeneko.

Komunikazioa irrati-uhinez

Wireless edo haririk gabeko sare bat, funtsean, ordenagailuak kablerik erabili gabe elkarrekin konektatzen dituen sarea da. Gure eguneroko bizimoduan arruntak dira haririk gabeko komunikazio-sareak. Adibidez, ez dago esan beharrik telebistaren eta eskuko agintearen arteko komunikazioa haririk gabe egiten dela. Telebista eta eskuko agintea izpi infragorrien bidez komunikatzen dira. Infragorriak erabiltzen dira PDA eskuko ordenagailuen edo GSM telefonoen artean ere.

Infragorri izpien bidez gehienera 4 Mbps-ko abiaduran bidali eta jaso daiteke informazioa. Baina izpi infragorrien arteko komunikazioa gauzatu ahal izateko, igorleak eta hartzaileak zuzenean begiratu behar diote batak besteari eta tartean ez da oztoporik izan behar. Horregatik, eskuko agintearekin punteria-lanak egin behar izaten dira zenbaitetan telebista kanala-aldatu ahal izateko.

Haririk gabeko konexio azkar eta ahaltsuak egin ahal izateko txip berriak garatu dira azken aldian Silicon Valley. AG100 izenekoak 108 Mbps-ko banda-zabalera eskaintzen du.

Izpi infragorriekin batera-irratifrekuentzia gero eta gehiago erabiltzen ari da etxetresnetan. Lehendik hedatuta zeuden irrati- eta telebista-seinaleez gain, orain, zenbait kotxetan, urrutitik irekitzen duten giltzek irratifrekuentziaz funtzionatzen dute, baita garajeetako ateek, haririk gabeko etxeko telefonoek, eta, noski, GSM motako telefono mugikorrek ere.

Wireless sareetarako zenbait estandar merkaturatu dira azken urteotan, tartean IEEEk (Institute of Electrical and Electronic Engineers) araututako 802.11 izenekoa. Horren bertsioetako bat, 802.11b izenekoa zabaldu da gehien, eta horren inguruan sortu da WiFi izen komertziala, Wireless Fidelity adierazteko laburdura. 802.11b estandarrak 2,4 GHz-eko frekuentzia-zabaleran funtzionatzen du eta 11 Mbps-ko gehienezko transmisio-abiadura du. Behin sarbidea eskaintzen duen atzipen-puntua ezarrita, 10 ordenagailu inguru konekta daitezke hotspot edo sarbide horretatik eta, inguruko horma eta oztopoen arabera, 100 metro inguruko erradioan izango da eskura.

802.11b estandarrak lortu du hedapen handiena eta horren inguruan zabaldu da WiFi izena, baina negozio-espazio berriak inbertsioak erakarri ditu eta etengabe ari dira aurrekoaren ahalmenak hobetzen dituzten tresna berriak merkaturatzen. Adibidez, 802.11g izenekoak 56 Mbps-ko banda-zabalera eskaintzen du. 2003ko abuztuan Silicon Valleyn aurkeztu den AG100 txipak jauzi berri bat iragartzen du haririk gabeko sareetan. MIMO izena jarri diote teknologia berri honi eta 108 Mbps-ko gehienezko transmisio-abiadura duela jakinarazi dute. Gainera, estal dezakeen eremua sei aldiz handiagoa izan omen daiteke.

WiFi txartela ordenagailu eramangarrian sartu eta ordenagailua sarera konektatzen da irrati-frekuentzia bidez. Inguruan dauden eraikinen arabera 100 inguruko erradioan emaitza ona eskaintzen du konexioak. (Argazkia: G. Roa).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia