Voyager 2aren azken misioa: Neptuno
1989/10/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jupiter, Saturno eta Urano atzean laga ondoren, Neptuno ingurutara iritsi zen joan den abuztuan. Planeta erraldoietako txikienean aurkitu duenaren berri emango dugu artikulu honetan.
Neptuno, Urano baino objektu ikusgarriagoa gertatu da. Planeta honetan, Voyager 2k cirrus hodeiak eta beste zenbait objektu, batzuk argiak beste batzuk ilunak, aurkitu ditu. Neptunoko atmosfera-aktibitatea ustekabea izan da. Uranok, Neptunoren antzekoa izanik tamainaz eta konposizioz, itxura leuna erakutsi zion Voyager-i duela hiru urte t’erdi. Ez zegoen beraz, Neptuno desberdina izango zela pentsatzeko arrazoirik. Eguzkitik %50 urrunago egonik eta hotzagoa izanik aktibitaterik ez zuela izango espero zen.
Neptunoren satelite “berrien” arteko handiena, 1989N1 izenekoa, 250 km-ko erradioa du gutxi gorabehera.Baina topaketa baino zenbait hilabete lehenagotik Voyager-ek igorritako irudiak Neptuno bestelakoa zela erakusten hasi ziren. Horien artean “Orban Handi Iluna” izenekoa zegoen, Jupiterren “Orban Gorri Handi”-aren antzekoa. Beste orban ilun txikiago bat planetaren gainazalean ibiltzen da hego poloaren inguruan. Honen tamaina argazkietan handitzean, erdian orban distiratsua zuela ikusi zen. Bestetik, Orban Handi Ilunaren eta orban ilun txikiagoaren artean orban distiratsu batek planetaren gainazala zirkunbalatzen duela ikusi zen. Orban hau iluna baino azkarrago higitzen denez, etengabeko harrapaketa-jokoan ari direla badirudi.
Neptunoren gainazalean barreiaturik marra distiratsuak daude. Cirrus hodeiak direla uste da. Cirrus hodeien geruza gainazaletik 50 km-tara dagoela kalkulatu da eta behe-mailako hodei-geruzan itzalak sortzen dituzte. Goi-hodeiak metanoz osaturik daude eta behe-hodeiak hidrogeno sulfuroz.
Neptuno. Kolore faltsuzko irudia. UM, kolore more eta berdeko erradiazioz bakarrik osaturik dago. Orban Handi Iluna urdina dager.Eguzkiak goi-atmosferan dagoen metanoa eragiten duenean, erreakzio kimikoren bidez, metanoa hidrokarburo astunago bilakatzen du. Hauek pisuagatik hondoratzen dira. Behe-atmosferan tenperatura handitzen da eta hidrokarburoak deskonposatzen dira metano emanez. Honek gorantz egiten du berriro.
Neptuno alde batera utzirik Voyager 2k Tritonen, haren sateliterik handienean, jarri zituen begiak. Tritonen gainazalean Ilargiko itsasoen antzeko “laku izoztuak” daude. Laku izoztuen zenbait tokitan harmaila modukoak ikusten dira eta uste denez urtze/izozte-prozesu etengabe baten ondorio izan daitezke.
Neptuno eta Triton ilgora itxuraz Eguzkiaren argipean.Gainera, Tritonen gainazalean haranak eta arrakaldurak bete dituzten koladak daude. Kolada hauek metanoz eta nitrogenoz osatutako glaziareak dira seguruenik eta Lurreko izotzezko glaziareen moduan isurtzen dira. Bestetik, Tritonen gainazalean marra luze ilunak daude. Hauek izotzezko sumendiak izan daitezke.
Hau da Voyager-ek bidalitako datuen behin-behineko interpretazioa. Denbora asko beharko da datu guztiak aztertzeko eta seguruenik hemen aipatu ditugun fenomeno batzuen interpretazioa aldatu egingo da.
Neptunoren eraztunetako bi.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia