Vint Cerf, Interneteko ebangelista
2006/04/24 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bere hitzaldian, Interneti buruzko gogoetak plazaratu zituen eta etorkizuna nola ikusten duen gailu berrien merkaturatzearekin lotuta. Bestalde, Internetek kazetaritzan sortu duen irizpideen aldaketa azpimarratu zuen: telebistan denbora da garrantzitsuena, eta paperean espazioa. Interneten, berriz, erabiltzailearen atentzioa da baliorik preziatuena.
Harekin solasaldi labur bat izateko aukera izan genuen eta hainbat gairi buruz hitz egin genuen.
Hainbat arrazoi daude arrakasta horretarako. Lehenengoa da, bost urtez lanean aritu ginela horretarako 1973an hasita. Egia esateko, lau protokolo-generazio sortu genituen TCP/IP-ra iritsi arte; TCP, TCP2, TCP3., TCP3.1., eta agian gehiago, eta, azkenean, 1978an TCP/IP-aren oinarriak finkatu genituen.
Egia esan, oso gogor lan egin genuen hartan eta, horrez gain, jende dezentek parte hartu zuen proiektuan: Norbegiakoak, Japoniakoak, etab. Horiek beste protokolo batzuetan zebiltzan lanean, baina denek parte hartu zuten TCP/IParen sorreran. Beraz, oso prozesu zabala izan zen.
Protokoloa inplementatzen 1975ean hasi ginen eta, berriz ere, jende ugarik parte hartu zuen; Ingalaterran, Norbegian, Massachussets-en, Stanford-en probatu eta testatu zen, esaterako. Hala, zerk ematen zituen akatsak ikusten genuen eta, hura konpondu ondoren, aurrera jarraitzen genuen berriz ere. Izan ere, gure helburua ahalik eta diseinu onena egitea zen.
Nire ustez horregatik lortu zuen arrakasta, batetik, oso prozesu parte-hartzailea izan zelako eta, bestetik, parte-hartzaileetako asko oso tematiak ginelako. Izan ere, lehenengo, diseinatzen eman genituen bost urte eta, gero, beste bost urte inplementatzen. Beraz, prozesua luzea izan zen.
1983rako ikertzaile-komunitate guztiak erabiltzen zituzten Internetera konektatzeko sistema eragile guztietarako inplementazioa lortu genuen. Hala, ikertzaileei gure protokoloa inplementatzeko eskatu zitzaien, ordaindutako ikerketa baitzen, eta, beraz, denek baiezkoa eman ziguten.
Urte hartan eta hamarkada batez, gure protokoloaren eta sistema irekiko Interneteko konexio-protokoloen arteko gatazka sortu zen. Nire ustez, TCP/IP-k arrakasta handiagoa lortu zuen toki gehiagotan inplementatu zelako eta, beraz, toki gehiagotan erabiltzen zelako. Eta, azkenean, pragmatikoak garenez, dabilen hori erabiltzen dugu.
Interneti buruz hitz egin duzu zure hitzaldian, sareak, interkonexioa. Zein izango da zure ustez Interneten etorkizuna?Egun, 250.000 sare daude elkarrekin konektatuta Interneten eta horietako edozeinetara konektatzeak balio erantsia ematen dio sareari. Beraz, hori oso positiboa da. Nire ustez bi gauza nabarmendu daitezke etorkizunera begira: lehenengoa, irrati bidezko sarbidea Internetera eta, bigarrena, abiadura handiagoa.
Sarbide gehiago egongo dira Internetera eta gailu desberdinetatik gainera, eta gailu horietako gehienek irrati bidezko konexioa erabiliko dute Internetera sartzeko. Sareekin zer egin dezakegun ulertzen hasiberriak gara.
Baina, egun, mundu guztia ez dago Internetera konektatuta, beraz, zer gertatuko da Internetera konektatzeko modurik ez duen jendearekin?Bai, gaur egun munduko biztanleen % 15 soilik dago Internetera konektatuta, baina, bi mila milioi telefono mugikor daude, eta beste hainbat milioi sistemak haririk gabeko sarbidea eskaintzen dute. Noski, jakina da, haririk gabeko sistema horien jabeetako askok ere badutela Interneterako hari bidezko sarbide arrunta. Baina, hala ere, milioika jende gehiagok izango du telefono bidez sartzeko aukera Internetera, beraz, erabiltzaile-kopurua ikaragarri handituko da.
Jendea, ondorioz, modu batean baino gehiagotan konektatuko da Internetera, telefono mugikorraren bidez, haririk gabeko sarbidea eskaintzen duten gailuen bidez, edo ordenagailu eramangarriarekin esaterako.
Internetek dituen abantailak aipatu dituzu hitzaldian, erraztasuna edukiak ekoizteko eta kontsumitzeko, parte-hartzailea, sormena bultzatzen du, ... baina oraindik ia eduki gehienak ingelesez daude. Zer gertatuko da, beraz, hizkuntza gutxituekin eta kultura txikiekin?Hori arrazoi historikoengatik gertatu da, izan ere, hasierako edukiak ingeles hiztunek sortu zituzten. Orain, ordea, World Wide Web-ak UNICODEa duenez, geroz eta herrialde gehiagok jarriko dituzte edukiak Interneten beren hizkuntzan. Adibidez, Txinak, oso garbi du Interneten bere edukiak txineraz jarri behar dituela. Beraz, motibazio handia dago geroz eta herrialde gehiagotan hizkuntza gutxituen hiztunek beren edukiak plazaratzeko. Egia esan, arazo tekniko asko ditu horrek eta baita politikoak ere; izan ere, jendeak eduki horiek berehala nahi ditu Interneten eta askotan ezinezkoa da hori.
Alderdi kulturalera bueltatuta, kultura gordetzeko, musika gordetzeko, irudiak gordetzeko eta hizkuntza gordetzeko tokia dela Internet uste dut. Web guneak diseinatu eta eraiki daitezke herrialde bakoitzaren komunitateari begira, beren ama-hizkuntzan. Esaterako, Zeelanda Berriari eta maoriei buruzko web gune bat dute Zeelanda Berrian. Hori haien kultura gordetzeko modu bat da.
Hainbat gauza ikusten ari naiz. Adibidez, gazte jendeak mezu elektronikoak oso mantsoak direla pentsatzen du; beraz, beste modu batzuk bilatzen ditu mezuak bidaltzeko. Beste fenomeno bat ere gertatzen ari da: egun dugun abiadura dela eta, bideoak sartzen hasi dira Interneten eta ez dago haiek jaitsi eta ikusten egon beharrik, ez da denbora errealean egin beharreko zerbait dagoeneko.Horren ordez, bideoa jaitsi bitartean beste zerbait egiten egon zintezke, gero ikusteko. Horrek asko erraztu du bideoen sarrera Interneten.
Sarean bilatzen den informazioaren inguruan ere aldaketa nabaritzen da. Esaterako, komunitate akademikoak informazioa trukatzeko gune gisa erabiltzen du Internet.