Vinlandeko mapa benetakoa da?
2002/08/01 Elhuyar Zientzia
Azken analisien arabera, ez dago garbi Amerikako ipar-ekialdea marraztuta duen lehen maparen tinta XX. mendekoa dela.
Bikingoak esploratzaile sutsuak izan ziren. Europako iparraldetik abiatuta, lurralde asko esploratu, konkistatu eta kolonizatu zituzten. Bidaia horietako ospetsuenetako batzuk Erik Gorriak eta Leif Ericsson haren semeak Amerikara egindakoak dira.
Hilketa pare bat izan zirela eta, Erik Gorria Islandiatik erbesteratu zuten hiru urtez; epe horretan esploratzeari ekin zion, eta laster Groenlandia aurkitu zuen. Islandiara itzuli eta, gezurren bitartez, lur hori kolonizatzeko jendea lortu zuen.
Groenlandiatik abiatuta, Erik Gorriaren semea itsasoratu eta hego-mendebaldera joan zen. Bidaia horretan Ternuako kostaldea aurkitu zuen, eta Vinland izena eman zion, ustez lur haietan mahastiak hazten zirelako. Denborarekin, han ere eraiki zituzten koloniak bikingoek. Historia horiek guztiak dokumentatuta geratu ziren bikingoek lur horietatik alde egin zutenean.
Dokumentu horien artean, XV. mendeko mapa bat da bereziki ospetsua. Mapa horretan Ericssonek aurkitutako Vinland dago marraztuta, eta horregatik deritzo Vinlandeko mapa. Dokumentu hori benetakoa bada, Amerikako lehen mapa izango litzateke, hau da, historiagileentzat oso agiri garrantzitsua; baina faltsua dela aldarrikatu dute aditu askok. Orain, mapa horren tinta analizatu da, eta eztabaida laborategira iritsi da.
Kimikarien lana
Vinlandeko mapak 1957an lortu zuen ospe handia; urte hartan, Yale Unibertsitateak milioi bat dolar ordaindu zuen eskuratu ahal izateko. Garai hartan bikingoak Amerikan Kolon baino lehen egon zirelako teoria oso berritzailea zen, baina geroztik induskatu diren aztarnategiek berretsi egin dute ideia hori.
Dena dela, 1974an, ikerketa batek mapa faltsua zela proposatu zuen; zientzialariek anatasa aurkitu zuten mapan, 1923an asmatutako konposatu sintetiko bat. Baina, hamaika urte geroago, beste ikerketa batek zalantzan jarri zuen aurrekoaren emaitza: anatasak titanioa du, baina X izpiez egindako azterketak oso titanio-kantitate txikia aurkitu zuen maparen tintan. Eztabaida pil-pilean zegoen.
Orain, Londresko talde batek Raman mikroskopiaren bitartez aztertu du tinta hori. Zientzialarien ustez, marrak XV. mendean erabiltzen zen tinta-mota bat imitatuz eginak dira. Baina tinta-mota horrek burdina asko du, eta Vinladeko mapako tintak ez du burdinaren aztarnarik. Aitzitik, ikatzaren eta anatasaren arteko nahastea dela diote.
Azken kritikak
Azken emaitza horiek ere zalantzan jarri dira: adituen ustez, Raman mikroskopiak ez du hori guztia ondorioztatzeko adina datu ematen. Espekulazio handia dagoela diote. Bestalde, ez da ezagutzen tintatze bikoitza egiten duen faltsutzailerik; adituek esan dutenaren arabera, zientzialariek historiagileekin batera lan egin beharko lukete.
Eztabaida guztiz nahasteko, beste ikertzaile-talde batek pergaminoaren adina aztertu du karbono-14 teknikaren bidez. Haien ustez,
1423-1445 urte-tartekoa da, XV. mendekoa, alegia. Datu horrek ere ez du ezer frogatzen, baina faltsua dela frogatzea zaildu egiten du.
Hogeita hamar urteko eztabaida horrentzat ez da luzaroan azalpen garbirik izango. Teknologiak aurrera egiten duen heinean, aldeko eta kontrako argudio berriak sortuko dira. Horretan, behintzat, ez dago zalantzarik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia