Usurbilgo organoa haize berriz
2006/10/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Horretarako, adituek instrumentu hori jotzen dutenekin, alegia organo-joleekin, hausnartzen dituzte organoa hobetzeko egin daitezkeen aldaketak. Izan ere, lana ondo egiteko, ezinbestekoa da organo-joleen eta zaharberritze- lanetan esperientzia handia eta ezagutza duten adituen arteko elkarlana.
Usurbilgo organoaren zaharberritze-lanak egiteko aukeratutako organo-fabrikatzailea --DLFO (Manufacture d'Orgues)-- Frantziako organo erromantikoak zaharberritzen esperientzia handia duen enpresa bat da. Prozesuaren helburu nagusia da organoari jatorrizko ezaugarriak itzultzea --hau da, Mutinen soinu- eta teknika-ekarpenak, Fernand Princek 1920an egokituak--, eta organoaren estiloari dagozkion soinu-aukera berri eta egokiak eranstea instrumentuari, egiturari kalterik egin gabe.
Prozesu luzea da. Gutxi gorabehera 10.000 lanordu behar izango dituzte guztia egiteko. Zazpi pertsonako lantaldea da, eta irailaren 13an hasi ziren organoa desmuntatzeko lanetan. Denis Lacorre da proiektuaren arduraduna, eta, hark, esaterako, organoa erabat desmuntatu ondoren, hainbat aste hartzen ditu pentsatzeko eta zaharberritze-lanetan zer bide hartu erabakitzeko; baita organo-joleei zer egingo duten azaltzeko eta haiekin hainbat kontu kontsultatzeko ere. Haren esanean, "zaharberritze-lanek hainbat etapa izaten dituzte, eta aldi berean lan bat baino gehiago izaten ditugu eskuartean, lan-etenaldirik ez izateko".
Ezaugarri bereziak
Organo honek bi jatorri garrantzitsu ditu; zein baino zein garrantzitsuagoak. Oinarrian, areto-organo bat zen. Usurbilgo elizara ekartzeko, ordea, hainbat eraldaketa jasan behar izan zituen, eta eliza-organo bilakatu zen. Gaur egun oraindik ere areto-organoaren hainbat ezaugarri mantentzen dituen arren, helburua ez da jatorri hori berreskuratzea.
Helburua XIX. mendearen hasieran zuen estilo sinfoniko frantsesa berreskuratzea da, betiere Cavaillé-Coll etxearen izaerari eutsita. Besteak beste, asmoetako bat da aurrealdeko baranda aurrera ekartzea (gutxi gorabehera metro bat edo metro-erdi) eta kontsolari buelta ematea. Hala, garai batean zen bezalakoa geratuko litzateke; alegia, organo-joleak organoari begira joko luke, eta, hala, zuzendariaren eta organo-jolearen arteko harremana estuagoa izango litzateke.
Halaber, Usurbilgo organoak jatorrizko ezaugarri tekniko bereziak ditu, gure ingurunean ez ezik estatu espainiar osoan parekorik ez dutenak. Eskuko teklatuek 64 nota dituzte; pedalek, 34. Estatu espainiarrean ez dago organorik Usurbilgoak adinako teklatu-hedadura duenik.
Era berean, Mutinen jatorrizko bost konbinazio doigarriak oso elementu interesgarriak dira organogile eta organo-jole ororentzat. Organo-joleak organoa jotzen ari den bitartean sonoritatea aldatu nahi badu, pedal bati zapalduta aldatu egiten dira aldez aurretik prestatutako konbinazioak, eta soinuak ere aldatu egiten dira.
Organoaren barrualdea hustu arte
Organoa piezaz pieza desmuntatu dute. Kaxa huts-hutsik laga arte. Zalantzarik gabe, fabrikazio paregabeko organoa dela badakite. Baina ikusi dute hainbat egurrezko elementu pipiak janda daudela, eta, beraz, berritu egin behar direla. Gainera, Denis Lacorrek ez zuen uste pipia hain sakonera iritsiko zenik, "baina arazo horrekin oso ohituta gaude".
Lan konplexua dirudien arren, organoa desmuntatzea nahiko sinplea omen da, betiere instrumentua bera ondo ezagutzen bada. Oro har, metodologia bati jarraitzen diote. Denis Lacorre aditu frantsesak beste hainbat organogilerekin ikasi zuen metodologia hori, eta, azken finean, egin eta egin ikasten den zerbait dela azpimarratzen du. "Egun, erreflexu baten antzekoa bilakatu zait". Ezbairik gabe, instrumentu bakoitzaren ezaugarrietan arreta jarri behar da, baina ohituraren poderioz, lana ia-ia berez egiten dutela dio.
Organoaren barrualdean elementu ugari daude, eta horietako bakoitza, gainera, oso handia da. Lehenengo eta behin, funtsezko elementu guztiak (hauspoak, pieza mekanikoak, haize-kaxak, espresio-kaxak, tutueria eta kontsola) goitik behera garbitu behar dira. Mekanikari eta hauspoari dagozkion pieza guztiak desmuntatu eta berritu egin behar dira.
Organo-kaxa da bere horretan ia-ia ukitu gabe geratuko den elementu bakarra. Haritzezkoa da; egitura, berriz, lerki-pinuzkoa (hari gorriak dituen izeia, oso gogorra). Hautsa kenduko diete organo-kaxari eta egiturari, eta pipien eta lizunaren aurkako tratamendua emango diete. Ebanisteriari, aldiz, likido nutritiboa emango diote. Zur tinkozko sabaia fabrikatuko dute, organo nagusia eta pedala babesteko eta jokoen soinua homogeneoagoa izateko.
Haize-kaxen edo sekretuen zaharberritzea da, beharbada, zatirik garrantzitsuena, organoak behar bezala funtziona dezan. Haize-kaxak fidagarriak izan daitezen, oso-osorik berritu behar dira. Izan ere, organoak haizearen bidez funtzionatzen du. Beraz, ezinbestekoa da une oro nahikoa haizez hornitzea, soinua sortzeko. Haizearen hornikuntza eskasak edo ezegonkorrak arazo larriak eragin ditzake. Horrexegatik, pixkanaka haizearen elikatze-sistemak hobetzen joan dira, haren hornikuntza hobetzeko, eta fluxu jarraitu eta egonkorra lortzeko. Batetik, atmosferako airea biltzen dute, eta konprimitu egiten dute, jarraian hori behar bezala banatzeko. Azken finean, airea biltzen eta gordetzen duen sistema bat besterik ez da.
Sekretuek konprimitutako aire hori tutuetara bideratzen dute. Sekretuetan tutu asko daude, eta tutu horietara haizea iristeko oso ondo kalkulatuta egon behar du denak. Alegia, ez du inolako haize-ihesik izan behar. Sekretu horiek ez dira inoiz ireki; batek daki zer aurkituko duten horietan. Sekretuetako tutu horiek larru bereziz egiten dira; adibidez, antxume-larruz. Ahuntza ernari dagoenean, abortua eragiten zaio, antxumearen larruak ilerik izan ez dezan.
Sekretu bakoitza zaharberritzeko, gutxi gorabehera 600 ordu beharko dituztela uste du Denis Lacorrek. Ireki eta zaharberritu ostean, haritzezko kaxa horiek kola bereziarekin ixten dituzte. Besteak beste, behien hezur eta nerbioekin edo untxien larruarekin egindako kola erabiltzen dute. Kola organikoak erabiltzen dituzte, sintetikoak beharrean.
Do, re, mi...
Organo baten zaharberritzean, beharbada, alderdi teknikotik lanik konplexuena bukaerako gozatzea da, instrumentuaren onena ateratzeko. Horrek luze jotzen du, eta, normalean, azkenerako uzten dituzte definizio-lan horiek. Izan ere, hamaika gogoeta egin behar izaten dituzte adituek organo-joleekin eta benetan etxe horretako organoak ezagutzen dituztenekin.
Harmonizazioari dagokionez, lan bikaina egin zuen aurretik Princek, Usurbilgo instrumentua berriz muntatu eta harmonizatu zuen harmonistak. Horrenbestez, ia osorik kontserbatu da 1920ko organoa. Cavaillé-Collen estetika du, eta ez Mutinen 1920ko hamarkadako soinua --tinbreak gogorrak eta neurriz gainekoak ziren--. Tutuen tamainak, tailatzeak eta materialek soinu noblea eta sakona ematen diote. Princek berak esaten zuenez, organoak harmonistaren eskuetatik pasatu ondoren lortzen du soinurik onena.
Desmuntatze- eta zaharberritze-lanak amaitu ostean, hori guztia berriz ere muntatu beharko da. Aditu frantsesaren esanean, berreraikitzea zertxobait zailagoa da. Izan ere, instrumentu bakoitza ezberdina da, eta bakoitzaren mugak aurkitu behar izaten dituzte, emaitza onena lortzeko. "Instrumentu bakoitzaren mugak kontrolatzea ezinbestekoa da sonoritate eta teklatu-ukitu hobea izateko".
Prozesua luzea da, baina, lanak amaitutakoan, organoan hainbat aldaketa igarriko dira. Besteak beste, ez da haize-ihesik egongo, eta, hortaz, soinua garbiagoa izango da; hau da, gozatuagoa eta erregistro guztian homogeneoagoa izango da. Halaber, estilo sinfonikoko hainbat jokoz aberastu nahi dute organoa, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako musikagile handien errepertorio zabala hartu ahal izateko. Horretarako, potentzia handiko jokoak erantsiko dituzte, eta organoa indartsuagoa izango da. Tinbre biribilagoa izango du, eta joko-aukera zabalagoa eskainiko du. Gutxi gorabehera bi urte itxaron beharko dugu Usurbilgo organoan jotako piezak entzuteko, baina mereziko du.