Uste baino lehia gutxiago itsasoan
2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arrantzaleek esaten dute baleek eta fokek arrain-sardak agortu egiten dituztela, eta hil egin behar direla, arrantza-sektorea babesteko. Animaliak babesteko elkarteen ustez, ordea, gehiegizko arrantzak ugaztun horiek janaririk gabe uzten ditu, eta arrisku handian dauden espezie batzuen etorkizuna kolokan jartzen du.
Gai horretaz egin den lehenengo ikerketa globalaren arabera, ordea, badirudi kasu gehienetan alferrikako eztabaida dela hori. Izan ere, ikerketa horrek erakutsi du itsas ugaztunek eta arrantzaleek oso gutxitan arrantzatzen dutela sarda beretan.
Alde batetik, itsas ugaztunak non egoten diren aztertu dute, eta, bestetik, zein diren arrantza-eremuak. Datu guztiak prozesatu ondoren, hau ondorioztatu dute ikertzaileek: harrapaketen % 80an ez zaizkio elkarri gainjartzen ugaztunak eta arrantzaleak, edo, gainjartzekotan, oso gutxi.
Datu horiek behin-behinekoak dira, eta azterketa nahiko orokorra dela diote zientzialariek. Hala ere, gerta omen liteke non edo han gatazkarik sortzea arrantzaleen eta ugaztunen artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia