Urteko ilargi beterik handiena

Hogeita zortzi egunean behin izaten dugu Ilargia osorik ikusteko aukera, eta gaur, horretaz gainera, urte osoko ilargi beterik handiena ikusi ahal izango dugu.

Ez da izango ilusio optikoa. Urteko garai batzuetan besteetan baino handiagoa ikusten dugu, Ilargiak duen orbitak eraginda. Ilargiaren orbitak elipse-itxura du; hortaz, posizio guztietan ez dago Lurretik distantzia berera. Hain zuzen, 50.000 kilometroko aldea dago hurbileneko posizioaren eta urrutieneko posizioaren artean.

Gaur, abenduaren 12an, punturik hurbilenera iristeko lau ordu falta zaizkiola ikusiko dugu ilargia beteta, eta, hori dela eta, 2008. urtean ikusi ditugun ilargi beteak baino % 14 handiagoa eta % 30 distiratsuagoa izango da. Ea eguraldia ongi portatzen den eta ikusten uzten digun!

Argazkia: A. Ayiomamitis/NASA

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia