}

Urtegietako uretan itotako indigenak

2001/10/28 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Orrialde hauetan behin baino gehiagotan izan ditugu hizpide enpresa handiek garapen ekonomikoaren izenean ekosistemetan –eta, ondorioz, faunan eta floran– eragindako hondamendiak. Baina fauna eta flora ez dira kaltetuta suertatzen diren bakarrak. Lekuko biztanleak ere bizi-ohiturak aldatu beharrean izaten dira eta, kasurik okerrenean, lurraldez aldatu behar izaten dute, eta beraien aberastasun- kultural eta arkitektonikoa betiko galdu.

Milaka urtegi eraiki da azken hamarkadetan eta gehienek ondorio lazgarriak eragin dituzte lekuko biztanleengan; alde batetik, bizileku berri baten bila abiatu behar izan direlako eta, bestetik, garapen ekonomikoaren izenean beraien historiaren lekukotasunak ur azpian galtzen ikusi dituztelako. Talde indigenek eta tribalek ez dute onarpen ofizialik, ezta beraien interesak defenditzeko lege-baliabiderik ere. Hortaz, kasu gehienetan, indigenek, beraien etxea galtzeaz gain, ez dute proiektuak sortutako etekinaren zati txikiena ere jasotzen.

Noraezean galdutako indigenak

Urek estaltzen ez duten ondarea elektrizitatea garraiatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta bestelakoek hondatzen dute.
Elhuyar

Aurreko hamarkadetan herrialde industrializatuetan gertatu den bezala, azken urteetan, garapen bidean dauden herrialdeetako azpiegituren plangintza eta inplementazioa ez da arduratu lekuko biztanleen beharrez, ezta, proiektuek biztanleei eragindako aldaketez ere. Kasu anitzetan, urtegiek arazo horiek areagotu eta kalteak bizitu baino ez dute egin eta esandakoa baieztatzeko adibideak ez dira falta. Urtegien Munduko Batzordeak argitaratutako txostenean, Brasil, Argentina, Mexiko, Panama, Kolonbia, Guatemala, Estatu Batuak, Kanada eta Siberiako 60 kasu baino gehiago aztertu dira.

Baina txosten horretan agertzen ez diren beste herrialde batzuetan, egoera ez da nondik inora hobea. Filipinetan, esaterako, eraiki edo gutxienez proposatu diren urtegi guztiak herrialdeko indigenak bizi diren 6-7 milioi hektareatan kokatuta daude. Gauza bera gertatzen da Indian ere; talde tribalak biztanleriaren % 8 baizik izan ez arren, garapen proiektuek eragindako desplazamenduen % 40-50 horiek egin behar izan dituzte. Urtegiek hainbeste indigena talde nolatan kaltetu dituzten azaltzea erraza da; ibaietako aranak emankorrak dira, eta, horregatik, lur horiek antzinako zibilizazioen kokagune izan dira. Ondorioz, eraikitako urtegi bakoitzak gutxienez indigena--talde bat noraezean jartzea ez da harritzekoa.

Leku-aldatzeak, trauma eta tristura handia eragiteaz gain, talde indigena eta tribalak desagertzearen arrazoi ere badira. Adibidez, Brasilgo waimiri-atroari taldeko indigenak 6.000 inguru ziren 1905. urtean, baina pairatu dituzten masakre eta gaixotasunengatik, 80 urte geroago, 374 baino ez ziren gelditzen. 1987an, Balbina urtegiaren urek beraien bi herri urperatu zituzten eta 107 pertsonak beren bizilekuak utzi eta, noraezean, alde egin behar izan zuten.

Urtegiak eraikitzeagatik beren lurrak uztera behartzen dituzten indigenentzat oso zaila izaten da kokaleku berria bilatzea. Horren adibide da, Bangladeshen, Chittagong Hill Tracts urtegi hidroelektrikoak tokialdatzera behartu dituen 100.000 chakma indigenen kasua. Proiektuak beraien lurren bi bosten urperatu zituen. Ondorioz, 40.000 Chakma Indiara joan ziren. Baina, urteak joan eta urteak etorri, ez dute sekula bertako herritartasuna eskuratzea lortu, ez beraientzat ezta beraien seme-alabentzat ere. Gainera, lur-eskasiagatik, chakma budisten eta bangladeshtar musulmanen arteko konfliktoa sortu eta 10.000 pertsonak bizia galdu dute proiektua 1962an amaitu zenetik.

Baina urtegiek eragindako kalteak ez dituzte garapen bidean dauden herrialdeetako indigenek soilik pairatu. Estatu Batuetako Missouri ibaian eraikitako urtegiek, adibidez, bertako talde indigenei 142.000 hektarea lur emankor eta hainbat leku sakratu urperatu zizkieten. Ondorioz, gosetea ez ezik, indigenek beren aberastasun handienak galdu eta trauma kulturala pairatu zuten. Okerrena, gainera, urteak aurrera egin ahala indigenei egiten zaien jaramona ez dela areagotzen ikustea da. Horren adibide dira Kanadako Churchill ibaian egin nahi diren bi urtegi eta bi urdesbideratzeak. Proiektu horiek ur ertzetan bizi, baina ofizialki lurren jabe ez diren innu indigenak kaltetuko dituzte.

Historiaren lekukotasuna ere urpean

Urtegiak eraikitzen dituzten enpresek ez dituzte lekuko biztanleen ohitura eta beharrak kontuan hartzen.
Elhuyar

Indigena talde anitzen historiaren lekukotasuna eta kulturaren zati handia urtegi erraldoien uretan ito dira. Urtegi handiek tenpluak, elementu sakratuak, hilerriak eta hainbat eraikuntza arkitektoniko urperatu dituzte. Gainera, urek estaltzen ez duten ondarea elektrizitatea garraiatzeko beharrezkoak diren azpiegiturek, errepideek, trenbideek eta langileentzako herri berriek hondatzen dute.

1998an, esaterako, Indian, Narmada Sagar urtegia eraiki baino bost urte lehenago urpean geldituko ziren 254 herrien ondarea aztertu zuten. Horrela, Behe-Paleolitotik hasi eta Burdin- Aroa bitarteko ehunka leku arkeologiko identifikatu zituzten, baina aurkikuntza identifikatze-fasean soilik gelditu zen. Tamalez ez zen berreskuratze-planik egin eta guztia urpean ito zen.

Hegoafrikako Ananda urtegia eraiki zenean ere antzeko gertaera penagarria bizi izan zuten bertako indigenek. Urtegia egin behar zen lekuan aurkitutako hilotzak hobitik atera, atera zituzten, baina indigenei kontsultatu gabe guztiak zulo batean sartu zituzten. Noski, horrek bertako biztanleak mindu eta haserrea bizitu zuen.

Bestalde, urperatutako tresnek balio ekonomiko handia dutela eta, lapurretak ere izan dira. Izan ere, ibaiertzen erosioak hondakin arkitektonikoak agerian uzten ditu eta miaketa ilegaletan balio handiko elementuak ebasten dira.

Emakume indigenak ura garraitzen.
Elhuyar

Hainbeste adibidek argi eta garbi uzten dute urtegiak eraikita ikaragarrizko galerak sortzen direla, baina oraindik ez da behar besteko neurririk hartzen. Turkian, adibidez, 298 proiektutatik 25etan soilik egin dira kultura-ondareari dagozkion azterketak eta horietatik bostetan baino ez da ondare hori urperatu baino lehen berreskuratzeko lana egin. Izan ere, denborak edo aurrekontuak garrantzi handiagoa du urtegiak egiten dituzten enpresentzat eta, gainera, ez omen dago azterketa arkeologikoak egiteko prestatutako nahikoa jende.

Lege berrien eske

Herrialde askotan, indigenen eskubideak ez dira behar bezala finkatu izan eta, ondorioz, ez dute behar adinako babesik izan. Esan bezala, urtegiak eraikitzean bertako indigenak alde egin beharrean izaten dira eta jasaten dituzten kalteak ez dira inondik inora eskaintzen zaizkien laguntzekin konpontzen.

Kasu hoberenetan, trukean lur batzuk ematen zaizkie, baina, zoritxarrez, ez dira beraienak bezain emankorrak izaten. Horixe gertatu zitzaien, adibidez, kuna eta emberga indigenei Panamako Bayano urtegia eraiki zutenean. Panamako gobernuak behin eta berriz hautsi zituen hitzarmenak eta ez zitzaien lur emankorrik eman, ezta lur berriak beraienak direla dioen agiri ofizialik ere.

Horrelako injustiziarik berriz gerta ez dadin, indigenek lege berriak eskatzen dituzte. Lege horiei esker, beraien kultura eta ondarea babestu eta ofizialki beren lurren onarpena egingo litzateke eta, aurrerantzean, talde horiek garapenerako proiektuetan hitza izango lukete.

Dirudienez, eskari hori kontuan hartu da herrialde batzuetan eta konstituzioek talde indigenen oinarrizko eskubideak onartzen dituzte. Baina, gauza bat da legea eta oso bestelakoa legea aplikatzea. Izan ere, Argentinan, esaterako, nahiz eskualde askok kultura-ondareari dagokion legedia berriztatu duten, urtegien kasuan kultura aberastasuna gordetzeko ez da jarraipenik egiten edo ez da nahikoa izaten. Ondorioz, ondasun arkeologiko edo kulturalak zaintzeko, oraindik ere, Urtegien Munduko Batzordeari neurri egokiak martxan jartzeko eskaria luzatu beharko diote kaltetutako komunitateek.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia