}

Urrutirako bidea hastapenetan

2010/04/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Auto elektrikoak ez dira berehalako batean sartuko gizartean.
Urrutirako bidea hastapenetan
2010/04/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Corey Leopold)

35.000 euro balio du Think autoak, une honetan salgai dagoen turismo elektriko bakarretako batek; 10.000 euro ingururen truke, errekuntzako motorra duen maila bereko edozein auto eros liteke. Aldea oso handia da, eta, hortaz, ezinbestekotzat jotzen da auto elektrikoak merkatzea, jendeak auto elektrikoetarako jauzia ematera animatzeko.

Baina, prezioak jaisteko, ekoizpenak handiagoa izan behar du, eta, auto-konpainiek eskaria nahikoa handia dela ikusi behar dute, auto elektrikoak seriean ekoizten hasteko. Izugarrizko gurpil zoroan dago sartuta auto elektrikoen merkatua.

Gurpila apurtzeko hautagairik onena erakunde publikoak dira. Argi dute hori auto-saltzaileek, ikertzaileek, nahiz fabrikatzaileek. Izan ere, automobilen sektoreko salmenten % 17 inguru, erakunde publikoen edo korporazio handien auto-flotak hornitzeko erosten dira. Hortaz, "gobernuen diru-laguntzez baliatuz, beraiek has litezke auto elektrikoak erosten", Mondrag n Automoci n erakundeko Mikel Uriberen ustez.

Hiri handietan auto elektrikoak alokatzeko sistemak jartzea ere "aukera on" bat izan litekeela jotzen du Uribek. Hainbat hiritan bizikletak alokatzeko dauden sistemak bezalakoak lirateke, hiri barneko mugikortasuna beste nolabait sustatzeko, eta, bide batez, auto elektrikoen salerosketa pizteko.

Geldi-geldi

Irtenbidea badago; orain, irteerako pistola-tiroa behar da. "Oraingoz, ez dugu eskari bakar bat ere jaso auto elektrikoak erosteko", dio Mercedes Mondelok, Astigarragako Autos Elizasuko saltzaileak. Think auto elektrikoa dute salgai han, beste hainbat bizikleta, moto eta autobus elektrikorekin batera. "Jendea ikustera etortzen da, gustuko du, baina ez da hortik aurrerago joaten; gizartea apatiko ikusten dut", adierazi du.

Salerosketa hain geldi ikusita, "oso zaila" ikusten du Espainiako Gobernuak sustatutako Movele proiektuaren asmoa: 2.000 auto elektriko sartu nahi ditu merkatuan 2010. urtearen bukaerarako. Uribe, ordea, ez da iritzi berekoa. Haren ustez, "oso motz" geldituko da kopurua. "Hain zuzen, dagoeneko Movele2 proiektua prestatzen ari dira, 2010eko lehenengo laurdenerako bukatu egingo baitzaie auto elektrikoak erosteko laguntzetan emateko aurreikusi zuten dirua", azaldu du. Izan ere, edozein pertsona fisikok edo erakunde publikok zein pribatuk eska dezake diru-laguntza.

Hala ere, Uribek ere ikusten du herritarrei erakunde publikoei baino gehiago kostako zaiela auto elektrikoak erosten hastea. Ez du uste, dena den, apatia-kontua denik, behar-kontu bat baizik: "Nire ustez, une honetan auto berria erosi behar duena ez da pentsatzen hasiko auto elektrikoan; orain indarrean dauden diru-laguntzetan pentsatzen ari da, bi mila euro merkeago erosiko duelako autoa".

Gainera, jendea "errekuntzako motorra duten autoen ezaugarrietara ohituta" dagoela uste du Cegasako Igor Canterok. Prezioari ez ezik, autoen autonomiari, tanga betetzeko denborari, eta tanga betetzeko aukera ematen duen azpiegiturari egiten die erreferentzia Canteroren adierazpenak. "Auto elektrikoekin ezin dugu horrelakorik espero; ez dugu izango", dio.

Bi auto dituztenentzat

Ederki asko ezagutzen dituzte erabiltzaileen erreparo eta erreserba horiek guztiak auto-konpainiek, eta, hala ere, guztiek ez bada, gehien-gehienek agindu dute 2012. urtean salgai izango dutela motor elektrikoarekin dabilen auto-modelo bat edo beste. Norentzat, baina?

Uriberen ustez, herritarren artetik "bi auto dituzten familiak dira erosle potentzialak". Bi auto dituzten familietan, bietako bat hirirako auto txiki bat izaten da askotan; bada, auto hori elektrikoa izatea izango litzateke helburua. Izan ere, hirietan auto elektrikoen erabilera bultzatu nahi da, eta hobariak eskaintzen dizkiete hainbat administraziok auto elektrikoen erabiltzaileei: ez dute TAOrik ordaindu beharrik, baimena dute autobusen erreitik ibiltzeko, zenbait zergatan beherapenak egin dituzte (hala nola BEZean edo ibilgailuaren zirkulazioaren gainekoan), eta abar.

"Nire ustez, poliki-poliki sartuko da auto elektrikoa, eta une jakin batetik aurrera, igoera askoz nabarmenagoa izango da", dio Canterok. Halaxe gertatu da beste teknologia berri batzuk automobilen sektorean sartu direnean; adibidez, auto hibridoak iritsi zirenean. Iaz, Toyota Prius-aren 400.000tik gora ale saldu ziren munduan, baina auto horrek bederatzi urte daramatza merkatuan, eta orain arteko salmentak askoz txikiagoak izan dira.

Auto elektrikoen merkatua 2012an abiaraziko dela kontuan hartuta, inork pentsa dezake baterien teknologia kantitate handitan produzitzeko moduan egotera iristen denerako beranduegi izan daitekeela, horretarako bizpahiru urte beharko dituztela adierazi baitute adituek.

Bateriekin lanean dabiltzan ikertzaile eta fabrikatzaileak, baina, ez daude horrekin kezkatuta. Izan ere, ahalmen handiko eta prezio txikiko bateriak ez dira hasiera-hasieratik beharko. "Auto elektrikoen merkatuak indarra hartzen duen unerako egon behar dugu prest", dio Igor Canterok; "mundu guztiak auto elektrikoa erosi nahi duenerako".

Canteroren ustez, Europako zuzentarauek zeresan handia izango dute azkeneko pauso horretan: "karbono dioxidoa isurtzeko mugak gehiago zorrozten dituztenean, halabeharrez bultzatu beharko dituzte herritarrak auto elektrikoak erostera, une jakin batetik aurrera ezingo baitute arauek eskatzen dutena adina jaitsi errekuntzako motorra duten autoen isurketa-maila".

Lakar Iraizoz, Oihane
3
263
2010
4
021
Garraioak; Ekonomia
Artikulua
44

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia