
Duten mintzari esker erortzean helikopteroen hegaldia gogora ekartzen diguten hazi guztiek, astigar-haziek, esate baterako, tornado edo zurrunbilo txiki-txiki batzuk sortzen dituzte airean lurrerako bidean doazela. Haiei esker, nahiko ibilbide luzeak egitera irits daitezke jatorrizko zuhaitzetik. Herbehereetako Wageningen Unibertsitateko zientzialari batzuek aztertu dute hazion sakabanatzeko estrategia.
Haize-tunel bat kez bete, eta hainbat hazi erortzen utzi zituzten zientzialariek, haziek airean zuten eragina aztertzeko. Erortzen eta biraka hastean, zurrunbilotxoak eratzen dira hazi horien “hegoaren” gainaldean, eta, zurrunbiloek presioa txikitzen dutenez, haziek denbora gehiago ematen dute airean erori bitartean.
Irudia: David Lentink
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.