}

Urpeko aberastasunak

2000/02/13 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Itsasoari gero eta gehiago begiratzen zaio. Orain arte gehienbat arrantzarako eta garraiorako erabili da, baina beste era bateko baliabideak lortzeko iturri bikaina izan daitekeela ere uste da. Itsasotik energia merkea ateratzeko saioak gero eta ugariagoak dira batetik, eta, bestetik, mineralak ustiatzea helburu duten ikerketak ari dira garatzen.

Gatza minerala da, baina itsasoan hori baino mineral askoz gehiago dago. Mineral horien guztien jatorria urak egiten duen ibilbidearen ondorioa da. Euriak lurrazala bustitzen du. Itsasora iritsi aurretik, ur horren zati bat lurrera iragazten da, eta bide horretan gero itsasora eramango dituen substantzia asko biltzen ditu. Bukaeran, substantzia horietatik gutxi disolbatzen dira, eta badira besteak baino zailago disolbatzen diren substantziak. Horrez gain, urarena baino pisu espezifiko handiagoa dutenez, substantzia asko urpera joaten dira, itsasoaren hondoarekin bat egin arte.

Itsasoek milaka milioi urte dituzte eta, hala ere, bertan disolbatutako material-mordoa aurki daiteke: itsasoen % 3,25 disolbatutako materia solidoa da, eta -pisatzerik balego- 1,5 trilioi tonako pisua izango duela uste da. Itsasoko uretan dagoen material solido guztia bereiztuko balitz, 50.000 bilioi tona material biltzea lortuko litzateke; horietatik, 37.000 inguru gatza izango lirateke, eta gainerakoak beste mineral batzuk.

Zer dira, baina, mineral horiek. Magnesioa da bat, eta adituen arabera orotara 1.900 bilioi tona egon badaudela uste da. Horrelako altxorra edukita, nekez agortuko litzateke urte gutxitan, eta gainera atera eta erabiliko litzatekeenaren zati bat berriro itsasora itzuliko litzateke. Baina kontua ez da hain erraza, ezin baita itsasoko ura hartu eta behar den magnesioa iragazi. Izan ere, magnesioa uretan ez dago etenik gabe; hau da, posble litzateke gune jakin batean izugarrizko magnesio-poltsa aurkitzea, baina inguruan bat ere ez izatea. Hortaz magnesio-kopuru onargarria lortzeko, itsasoko ur-piloa iragazi egin beharko litzateke. Adibidez, kilo bat magnesio lortzeko 950en litro iragazi beharko lirateke. Hori, hala ere, ez da eragozpen, gaur egun prozesu hori errentagarri bihurtu duten teknikak egon badaudelako.

Itsasoko uretan maiz agertzen den beste mineraletariko bat bromoa da -kloroaren familiakoa-. Egin diren kalkuluen arabera, itsasoan 100 bilioi tona egon daitezke. Magnesio-kopuruarekin alderatuz gero, kopuru hori ez litzateke % 20ra iritsiko. Horrek kilo bat bromo lortzeko, iragazi beharreko ur-kopuruak magnesioaren kasuan baino 20 aldiz handiagoa izan beharko lukeela esan nahi du. Beraz, kilo bat bromo lortzeko 19.000 litro ur iragazi beharko lirateke. Kopuruak ikaragarria dirudi, eta izan, horrela da, baina dauden teknologiei esker prozesua errentagarri ateratzen da. Eta kontua ez da teoria hutsa, planetan lortzen den bromo guztiaren hornitzaile handienetarikoa itsasoa baita.

Magnesioa eta bromoa bezala, itsasoko uretan badago iodoa aurkitzea ere. Hori bai, bromoa baino askoz ere gutxiago, milaka aldiz gutxiago: guztira 86.000 milioi tona. Horrek 20 milioi litroko kilo bat iodo dagoela esan nahi du. Bistan denez, proportzio horiek kontuan hartuta mineralaren erauzketa-prozesua ezingo litzateke inola ere errentagarria izan. Hortaz, gizakiak asmatutako teknologiak ezin egingo lioke aurre eragozpen horri. Zorionez, naturak badu bere teknologia propioa. Kasu honetan algek dute zeregin hori. Algek, berez xurgatzen dute uretan dagoen iodoa; algak batu, erre, eta erre eta gero sortzen diren errautsetatik atera daiteke iodoa.

Azkenik, mineraletan estimatuenetariko bat aipatu beharra dago: urrea. Itsasoan 12 milioi tona daudela uste da. Hori jakinda, baliteke dagoeneko norbait galbahea besapean hartuta txalupatxoa alokatzeko lanetan hastekotan izatea. Geldi hor! Ez hartu alferrikako lanik!. Egin kontu: kilo bat urre ateratzeko 270.000 milioi litro iragazi beharko lirateke. Eragiketa bera kilo bat urre baino askoz ere garestiago aterako litzateke, eta jakina, askoz ere aspergarriago, neketsuago, etab. Beraz, urrea dagoen tokian uzten da, itsasoan.

Poltsikoa betetzeko ez du emango, baina, ohikoak alde batera utziz, beste era bateko fruituak ere ateratzen dira itsasotik. Osasun-arloa da horietako bat, itsasoan disolbatuta dauden mineraletariko batzuk oso onuragarriak baitira. Itsaso Hila horren adibide izan daiteke, hango uraren ezaugarriak oso ezagunak baitira:

  • Sufrea : antibiotiko gisara erabiltzen da, batez ere azaleko zelula hilen eragina murrizteko.
  • Magnesioa : alergien aurkakoa, azaleko azkura txikiagotzen du.
  • Iodoa : antiseptikoa, gorputzaren metabolismoan laguntzen du.
  • Litioa-Estrontzioa : zelula barneko prozesu biologikoa laguntzen du.
  • Selenioa : antioxidatzailea, bizitza luzatzen du.
  • Zinka : A bitamina xurgatzea errazten du.
  • Bromoa : oinazea murrizten du.
  • Kaltzioa : hezurrak indartzen ditu.
  • Potasioa eta sodioa : beste mineral batzuk xurgatzen laguntzen dute.
  • Hidrogenoa : azaleko zelula hilen eragina murrizten dute.
  • Kobrea : hezurrak eta tendoiak egoera onean egon daitezen laguntzen du.
  • Burdina : hemoglobinan eta mioglobinan oxigenoa eramaten du.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia