}

Urdaibaiko basoen diagnostikoa

2006/04/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Autonomia Erkidegoko azaleraren erdia baino gehiago basoa da. Baina baso asko izateak ez du esan nahi osasuntsu daudenik; eta kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea.
Urdaibaiko basoen diagnostikoa
2006/04/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: M. Onaindia)
Urdaibaiko zuhaitz, landare eta arbolak aztertzeko ikerketa bat abiatu dute EHUko Landare Biologia eta Ekologia sailean. Urdaibaiko ekosistemaren kalitatea ezagutzea da helburu orokorra. Halaber, ekosistemaren kalitatea kudeaketarekin erlazionatu nahi dute.

Ekosistema baten kalitatea neurtzeko lehenengo urratsa kartografia on bat lortzea da. Kasu honetan, 1:10.000 eskalako mapekin lan egiten dute; eskala nahiko zehatza da, kontuan hartzen bada Urdaibaik 22.000 hektarea dituela. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren aire-argazkiak edo fotogramak erabiltzen dituzte. Argazki horiekin orbanak marrazten dira maparen gainean. Orban horiek kolorearen arabera bereizten dira eta kolore bakoitza landaredi-mota bati dagokio. Orban horiek identifikatzeko eta ezaugarritzeko zuzenean bertara jo behar izaten dute. Noski, orban guztiak aztertzea ia ezinezkoa da, 22.000 hektarea aztertzea lan neketsua baita oso.

Kartografia egina dagoenean, ekosistemaren laginketa egokia planifikatzen da; alegia, laginketa adierazgarria izateko azalera osoaren zer portzentaje minimo aztertu behar den erabakitzen da. Horretarako, teknika estatistikoak erabiltzen dituzte.

GPSaren bidez hurbiltzen dira aukeratutako laginketa-puntuetara. Han, laginak, hau da, zuhaitzak, zuhaixkak nahiz landareak, neurtzen dituzte (diametroa, altuera, dentsitatea), zein espezietakoak diren apuntatzen dute eta abar. Espeziea ez badute ezagutzen, lagina jaso eta laborategian identifikatzen dute.

Formula matematikoak

Ekologikoki oso garrantzitsua da basoek altuera eta adin desberdinetako landare, zuhaitz eta zuhaixkak izatea.
E. Imaz
Lan estatistikoa dator ondoren. Jasotako datu horiek guztiak kalkulu-orri batean sartzen dituzte eta biodibertsitate-indizeak kalkulatzen dituzte.

Esaterako, Shannon indizea da gehien erabiltzen dena ekologian. Zenbat eta handiagoa izan horren balioa orduan eta hobea da ekosistemaren kalitatea, oro har. Dena den, ekosistema baten kalitatea ez da soilik indizeetan oinarritzen. Ekosisteman espezie adierazgarririk ba ote dagoen ere aztertu behar da. Izan ere, hainbat espeziek ekosistemaren kalitate ona bermatzen dute. Ekosistemaren kalitatea ona dela esaten da, biodibertsitate-indize altuak eta espezie adierazgarriak dituenean.

Hariztiak egoera tamalgarrian

Orain arteko emaitzen arabera, gaur egun, Urdaibaiko artadien egoera nahiko ona da; hariztien kasuan, aldiz, nekez esan daiteke horrelakorik. Izan ere, basoei dagokienez behintzat, hariztiak dira, zalantzarik gabe, gizakiaren eraginagatik kalte gehien pairatu dutenak. Gutxi eta oso sakabanatuta daude, desagertzeko arriskuan.

Halaber, pinudi ugari dago eta horrek hainbat arazo sortzen ditu ekologiaren ikuspegitik. Biodibertsitatea murriztu ez ezik, lurzorua asko pobretzen dute, lurrak emankortasuna galtzen du, alegia.

Lurzoruaren jarduera oso garrantzitsua da ekosistema bat emankorra izateko. Horrexegatik, hain zuzen ere, Urdaibaiko lurzoruko entzimak ikertzen ere ari dira, Neiker ikerketa-zentroko ikertzaile-talde batekin. Izan ere, entzimek lurzoruaren funtzionamenduaren edo jardueraren berri ematen dute. Gainera, lurzoruan dauden entzimak eta ekosistemaren dibertsitatea zuzenean erlazionatuta daudela uste dute ikertzaileek.

Halaber, ikerketaren beste helburuetako bat da egungo egoera eta duela 20 urtekoa alderatzea; ekosistema berak nola eboluzionatu duen ikustea, alegia. Eta, noski, aldaketarik egon bada, horien arrazoiak zein izan diren eta zergatik gertatu diren jakin nahi dute.

Jakintza hedatuz
26
Proiektuaren laburpena
Basoetako dibertsitatearen neurketa espazio-maila ezberdinetan: paisaiatik ekosistemara.
Zuzendaria
Miren Onaindia.
Lantaldea
M. Onaindia, I. Amezaga, S. Mendarte, M. San Sebastian, L. Peña eta G. Rodríguez.
Saila
Landare Biologia eta Ekologia.
Fakultatea
Zientzia eta Teknologia Fakultatea.
Finantziazioa
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa eta EHUko UNESCO Katedra.
Ezkerretik hasita, Sorkunde Mendarte, Ibone Amezaga, Miren Onaindia, Lorena Peña, Gloria Rodriguez eta Mikel San Sebastian.
(Argazkia: EHU)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
219
2006
4
027
Unibertsitateak; Botanika; Ekologia