Urbanizazioaren mapa zehatza egin dute
2009/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2009ko Munduaren Garapen Txostenean, urbanizazioari buruzko mapa berri bat argitaratu dute Munduko Bankuak eta Europako Batasunak. Urbanizazioaren definizio bateraturik ez dagoenez, maparen egileek definizio berri bat sortu dute, aglomerazio-indizea, eta horretan oinarrituta egin dute mapa.
Mapari begiratuta, hainbat ondorio atera daitezke. Besteak beste, agerian uzten du uste baino lehenago iritsi dela populazioaren erdia hirietan bizitzera. Hain zuzen ere, hori 2007-2008an gertatuko zela uste zuten, baina mapak 2000. urtean izan zela erakusten du. Horrez gain, hiri batetik ordubetera baino gutxiagora bizi da populazioaren erdia baino gehiago, baina alde handia dago garatutako herrialdeen eta garatze-bidean direnen artean: lehenetan populazioaren % 85 bizi da distantzia horretara, eta besteetan, % 35.
Aipatzekoa da populazioaren % 95 Lurraren % 10ean biltzen dela, baina, hala eta guztiz ere, Lurraren % 10 bakarrik dagoela bakartuta edo hiri handi batetik 48 ordura baino gehiagora.
Egileen arabera, mapa oso erabilgarria da alderdi asko aztertzeko, eta erabakiak hartzeko lagungarria izan daiteke, ekonomian, gizarte-politikan zein ingurumenean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia