}

Urakanen iragarpenarako tresnak

2000/07/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Urakanen eta ozeanoaren jokaera bateratzen duen eredua garatu da iragarpen zehatzak egiteko

Karibeko uharte eta hondartzak paradisuaren ideiaren barruan ezinbestekoak badira ere, ez dira ahaztu behar bertan izaten diren urakanak. Ez dira piraten edo marinelen istorioetan soilik agertzen. Urakanak errealitatearen osagai dira. Ingurune haietako hondamen naturalik ugariena.

Izan ere, fenomeno horien ezaugarrietako bat da norabide finkorik ez izatea ibilbidean. Batzuetan, sortu bezain pronto desegiten dira eta beste batzuetan ez dira hain bortitzak izaten. Gaur egun, faktore horien aurrekalkulua egiteko sistema badu Estatu Batuetako National Weather Service erakundeak. Herri asko izaten da iragarpen horien beharrean.

University of Rhode Island-eko (URI) talde batek urakanen inguruko iragarpenen zehaztasuna handitzeko eredua prestatu dute. Eredu horrek urakanak eta itsasoaren jokaera lotzen ditu. Zehaztasuna orain arte erabilitako sistema % 30an hobetuko dela uste da. Sei urteko lanaren emaitza da. Epe horretan datu asko jaso dira, urakanen ezusteko urtaroetakoak barne. Lan horren eskutik URI-ko Isaac Ginis eta Lewis Rothstein ikertzaileak iragarpen sistema nazionaleko kide bihurtu dira. Iragarpen sistema horrek Mexikoko Golkoan eta Atlantikoan eratzen diren ekaitza tropikalak ditu ikusmiran.

Ihesarako beta

Helburua urakanen ibilbidea eta indarra iragartzea da. Horrela, iragarpena zona horretako biztanleentzat fidagarri suertatuko da. «Gure ereduaren errorea kostaldeko 90 miliakoa da (145 kilometro inguru), ekaitza lehorretik 24 ordutara dagoenean» dio Rothstein-ek. «Egun osoko aurrerapena izanda, zehaztasun handia da».

Sistema berri horren zehaztasunaren gakoa bi eredu teorikoen loturan datza. URI-ko taldeak ozeanoaren jokaeraren eredua garatu dute eta NOAA-ren (National Oceanic Atmospheric Administration) urakanen ereduarekin egokitu eta bateratu egin dute. Atmosferaren eta itsasoaren arteko elkarrekintza ekaitzen eboluzioan oso garrantzitsua da. Elkarrekintza horrekin zerikusia duten faktoreak, beraz, erabil daitezke gertatzen diren aldaketak jarraitzeko. Faktore horietako bat, adibidez, itsasoaren uraren azaleko tenperatura da.

Eredu informatikoa da. NOAA-k duen egoitzetako batean izango da martxan eta iragarpenak bidaliko denbora errealean National Hurricane Center-eko (NHC) laborategietara. Han, beste eredu batzuen informazioa ere kontuan hartuz, azken iragarpen orokorra prestatuko da.

NHC-eko taldeak irrikan daude eredu berri horiek probatzeko. Isaac Ginis-ek eta Lew Rothstein-ek lan aitzindaria burutu dute bi ereduak bateratzean», dio Max Mayfield-ek, bertako buruak. Orain arte NOAA-n erabiltzen duten sistema 1995. urtean garatu zuten bertako laborategietan. Programa hori NOAA-ko egoitza batean dago martxan Pazifikoaren ekialdean eta Atlantikoaren aldean eratzen diren ekaitzen jarraipena egiteko. Sistema hori egokia da, oro har, ekaitzen norabidearen iragarpena egiteko. Hala ere, ez du intentsitatearen berri behar moduan ematen. Urakan baten bizitasuna itsasoaren azaleko uraren tenperaturarekin zerikusia handia du.

Oraingo sistemak aldaketarik gabeko tenperatura onartzen du. Eredu horrekin lortzen diren emaitzekin, ekaitzen benetako indarra baino biziagoko iragarpenak egiten dira gehienetan.

Urakanak ekaitzik bortitzenak dira eta hondamen natural suntsitzaile gogorrenetako bat. Estatu Batuetako ekialdeko eta Mexikoko Golkoko komunitateek urtero-urtero pairatzen dituzte euren ondorioak. Ginis eta Rothstein-en ereduak itsasoko tenperaturen zirkulazioa aztertzen du. Emaitzetan, indarra eta tenperaturaren aldaketak erabat lotuta azaldu dira.

Abian izateko epea

Lortutako emaitza teoriko horiek aurreko bi urteetan jasotako urakanen datuekin baieztatu nahi izan da. Ereduaren egileek National Weather Service erakundetik 315.000 dolar jaso dituzte sistema berria hurrengo hiru urteetan martxan jartzeko. Gordeta dauden itsaso eta atmosferako datuak eskuragarri dituzte orain eredua hobetzeko eta hortik etekin handiena atera ahal izateko.

Bestalde, Ginis-ek eta Rothstein-ek Accurate Environmental Forecasting, Inc. enpresa sortu dute, asegurantzako konpainiei eguraldiari buruzko informazioa saltzeko. Eredu berriaren oinarri zientifikoa 1999ko apiriletik argitaratuta dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia