Urak dakarren energia
2000/12/03 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Erreka eta ibaien ura Kristo aurreko I. mendetik erabiltzen da energia-iturri moduan. Erdi Aroan ere energia hidraulikoa industrializazioaren oinarri izan zen. Gaur egun, ordea, energia hidraulikoa elektrizitatea lortzeko erabiltzen da (energia hidroelektrikoa), horretarako, presa edo urtegian bildutako ura turbina batean zehar pasarazita. Turbina horrek alternadoreak higiarazten ditu eta ondorioz uraren energia zinetikoa energia elektriko bihurtzen da. Ur-kantitatea eta uraren abiadura zenbat eta handiagoak izan, are elektrizitate gehiago ekoiztuko du zentral hidroelektrikoak. Jarritako potentzia 5.000 kVA-tik beherakoa denean Zentral Hidroelektriko Txiki edo Minizentral Hidroelektriko deritze. Horietakoak dira, hain zuzen ere, Euskal Herrian eraikitako gehienak.
Historiari dagokionez, Euskal Herrian, XIX. mendean enpresa askok euren zentrala eraiki zuten energia elektrikoa eskuratzeko. Joera hori indartu eta orokortu egin zen mende honen lehen urteetan. Baina urtegi eta presa handiak erabiltzen dituzten konpainia handien, petrolioaren prezio baxuen eta zentral txiki horien kostu altuen eraginez, 60ko hamarkadatik aurrera zentral hidroelektriko txikiak egiteari utzi eta martxan zeuden asko itxi egin zituzten bata bestearen atzetik. Azken urteotan, ordea, petrolioaren krisiak eta, neurri batean, energia alternatiboen bultzadak zentral txiki horietako hainbat eraberritu, automatizatu eta berriro ere lanean jarri ditu, batez ere 80ko hamarkadaz geroztik.
Zenbait azalpen tekniko
Zentral hidroelektriko Txikiak bi motakoak izan daitezke: aldaparodun zentralak eta presa-oineko zentralak. Lehenek ura presa txikiaren bidez hartzen dute ibai edo erreken ibilgutik. Jarraian, ura aldaparoan zehar zamatze-ganbarara doa eta, bertatik, presiodun hodira zehar turbinara bideratzen da. Zamatze-ganbara beharrezkoa da presiodun hodian airerik sar ez dadin, horrek gehiegizko presioa sortuko bailuke. Ura turbinetatik pasa ondoren, lekuan bertan askatzen da ibai edo errekara. Presa ondoko zentralak elektrizitatea sortzeko edo bestelako erabileretarako egindako urtegi handietan eraikitzen dira, presaren behealdean. Kasu horietan ura presan jaso eta zuzenean presiodun hodira sartzen da. Ondoren, aurrekoetan bezala, turbinetatik pasa eta ibilgura doa.
Argi dago energia hidroelektrikoa sortzeko ura ezinbestekoa dela, baina, era berean, ezinbestekoak dira, elektrizitatea sortzeko sorgailuez gain, horiei eragingo dieten turbinak ere. Turbinak bi taldetan sailka daitezke: akzio turbinak, uraren isuri-abiadurak eraginda lan egiten dutenak, eta erreakzio turbinak, uraren presioak era abiadurak eraginda dihardutenak. Gure herrialdeko zentral txikietan lehenengo taldekoak erabiltzen dira eta horiek hiru motakoak izan ohi dira. Pelton turbinak, bereziki egokiak jauzi handi eta nahiko ur-emari txikietarako. Kaplan turbinak, jauzi txiki (30 m-tik beherakoak) eta emari handietarako dira egokiak. Azkenik, aurrekoan tarteko egoeretara moldatzen diren Francis turbinak ur-emari eta -jauziaren tarte zabalean erabil daitezke. Dena den, turbina batekin edo bestearekin jarri beharreko potentzia eta urtean zehar ekoitziko den energia zenbatekoak izango diren jakiteko, ibai edo errekak puntu horretan duen emaria zein den jakin behar da. Hori hainbat parametro kontuan hartuz egiten da (prezipitazioa, lurzoru-mota...), baina, beti ere, urte-serie luzea behar da, urte lehor, normal eta euritsuak sar daitezen. Datu horietatik egun bakoitzean ibilguak duen emaria eta emari sailkatua (zenbateko ur-emaria urteko zenbat egunetan) kalkulatzen dira. Azken horri emari ekologikoa, hau da, urte osoan ibilguak behar duen gutxieneko ur-emaria kendu eta Q80 eta Q100 kalkulatzen dira, hots, urteko 80 eta 100 egunetan zehar dagoen emaria. Horiekin turbina-mota bakoitzak zenbat egunetan lan egingo lukeen jakin daiteke eta, beraz, egokiena aukeratu.
Abantailak eta desabantailak
Abantaila nabariak ditu hidroelektrizitateak. Batetik, energia-bihurketaren etekina oso handia da, % 80/90 bitartekoa eta, bestetik, batez ere tamaina txikiko sistemetan, eragin ekologiko kaltegarria txikia da. Egun, energia eskuratzeko modu sinple eta merkeena izanik, energia-iturri berriztagarrietan erabiliena da.
Tamaina txikiko zentraletan eragin ekologiko kaltegarria txikia izanda ere, egon badago. Zentral hidroelektrikoek ura kontsumitzen eta poluitzen ez duten arren, arrainen migrazioa eta ibaian behera elikagaiak behar bezala garraiatzea oztopatzen dute; ibaiaren dinamika erabat aldatzen dute, ibilguaren zenbait zatitan ur-emaria biziki murriztuz; eta geruza freatikoen maila eta urtegian bildutako uraren konposizioa aldatu egiten dute. Presa txikien ordez urtegiak daudenetan, horiek eraikitzeak aldaketa itzelak sortzen ditu urperatutako lurraldeetan, bai ekologikoak eta bai sozialak. Izan ere, presa eta urtegi handiak eraikitzen diren tokietan bertako biztanle askok beste toki batzuetara alde egin behar izaten dute. Aipatu kalte horien larritasuna obraren tamainaren araberakoa izaten da, eta ezinbestekoa da ekologikoki onargarritzat jotzen diren neurri zuzentzaileak (emari ekologiko egokia gordetzea, arrainek presak gainditzeko egitura bereziak ipintzea...) behar bezala aplikatzea.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia