Ura ugari bai, baina ez gehiegi

Ura kaltegarria izan daiteke. Osasuntsua, izan, bada, bai eta beharrezkoa ere; baina tamainan hartuta. Kopuru handiegietan, bueltarik ez duten gaixotasunak sor ditzazke. Baita heriotza ere.
Urak bizitzeko ezinbestekoak diren eginkizunak ditu
Darwin Bell

Aipatu dugun hori, hipotesi bat izan zitekeen, baina kasu errealak ezagutzen ditugunetik errealitatearen deskribapena da. Orain urte eta erdi, 2007. urtearen hasieran, emakume estatubatuar bat ur gehiegi edateagatik hil zela jakin genuen. Irrati-kate batek antolatutako lehiaketa batean parte hartzen ziharduen. Han, txiza egin gabe ur gehien edaten zuenak Wii kontsola eskuratuko zuen. Emakume horrek ez zuen kontsolarik lortu, eta, gainera, bizia galdu zuen.

Aurten, buruko paralisi baten berri izan dugu. 'Detox' edo desintoxikazio izeneko dieta bat egiten ari zen Ingalaterrako emakume bat. Ustez, dietistak gomendatu zion ahalik eta ur gehien edan zezala, eta gatzik ez hartzeko. Ur-intoxikazioaren ondorioa dieta hasi eta bi astera agertu zen: buruko paralisia.

Desintoxikazio-dietak toxinak kanporatuz argaltzeko egiten dira. Dieta hauen arabera, elikagai eta edariekin hartzen ditugun toxinak gorputzera itsasten dira. Aldiz, ura edanez horiek bota eta argaldu egiten da. Gorputzak, ordea, badu toxinak kanporatzeko sistema: gibela. Beraz, ezer gutxitarako balio dute dieta horiek, komunera bisita ugari egiteko ez bada.

Gorputzak ur-kopuru handiegia hartzen badu, ez daki nola erantzun (Megan Soh)

Uraren neurria

Egia da hona ekarri ditugunak oso muturreko kasuak direla eta mundu honetan gehiago direla ur-gabeziaz hiltzen direnak, ur gehiegi edanda hildakoak baino. Baina guztiak du bere neurria.

Ura edatea guztiz beharrezkoa da. Bizitzeko ezinbestekoak diren eginkizunak ditu: elikagaiak eta gasak garraiatzen ditu, hondakinak kanporatzen laguntzen du (gernuan eta gorotzetan), gorputzaren tenperatura erregulatzen du, hezurren arteko giltzadurei labaintzen laguntzen die, leuntasuna ematen dio azalari eta sendotasuna ehunei... baina neurrian hartuta. Egunean bi litro likido hartzea neurri egokia da. Baina bi litro horiek ez dira urari bakarrik dagozkionak; infusio, kafe, barazki edo zukuetan ere hartzen dugu ura.

Hortik gora? Pertsonaren, beroaren eta esfortzuaren arabera, zenbaitetan beharrezkoa izan liteke. Baina, lasai, kasu horietan badugu abisatuko digun mekanismo bat: egarria, hain zuzen ere. Gainerakoan, ez dago ur gehiago edateak mesede berezirik egiten duela frogatzen duen ebidentziarik. Kalteak muturreko kasuetan agertzen dira. Baina ez dira nolanahikoak. Nahikoa da giltzurrunetako batek behar bezala lan ez egitea ur-intoxikazioa gertatzeko.

Infusio, kafe, barazki edo zukuetan ere hartzen dugu ura.
Danny Smitherman

Ur-intoxikazioa

Gorputzak ur-kopuru handiegia hartzen badu, ez daki nola erantzun, eta sistemak gainez egiten du. Izan ere, gehiegizko likido-kopuruak odoleko gatz-kopurua disolbatzen du, eta zelula eta organoek “uholdea†jasatea eragiten. Kasurik okerrenean, buruko zelulak eta beste organo batzuk puztu egin daitezke, eta behar bezala lan egiteari utz diezaiokete. Buruko gune batzuk puzten direnean, burezurreko presioa areagotu egiten da, eta kalteak buruko minarekin hasten dira, arnasteko arazoekin jarraitu eta, azkenean, buruko atakea ere izan daiteke.

Bestalde, hain dramatikoak ez diren kalteak ere eragin ditzake ur larregi edateak. Esaterako, urte askoan hainbeste ur hartuta, uretan dauden poluitzaileak gorputzean metatzeko arriskua dago.

Honaino iritsita, hona hemen ohar bat ur asko edan duela-eta garagardoa edaten hastea bururatu zaionarentzat. Bitxia iruditu arren, ur-intoxikazioa urik hartu gabe ere gerta liteke, ura osagai duten elikagaiekin. Garagardo larregi edateagatik ere gertatu izan da.

Beraz, ura bai, eta ugari; baina ez larregi. Ez nahastu, ez gara arrainak eta!

7K-n argitaratua.

Arakistain Aizpiri, Lorea

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Zientzia eta teknologiaren komunikazioan dihardu 2008ko otsailaz geroztik
Elhuyar Fundazioan. Haur eta gazteei zuzendutako azpisailaren arduraduna da.
Haur eta gazteei zuzendutako proiektuetan erredakzio eta dinamizazio lanak egiteaz gain, Zernola olinpiada, Teknoskopioa eta Irrika proiektuen ardura izan du, eta horien webguneen berritze-lanak gidatu ditu.

Kazetaritzan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean (2005),
Elhuyarren hasi aurretik, irratian egin du lan, batez ere Euskadi Irratian eta Herri Irratia–Loyola Median. Loyola Media Eibar irratiko arduraduna izan zen, baita magazinetako eta albistegietako aurkezlea ere.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna