}

Ura garunean

2007/07/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Kasu harrigarri bat gertatu da Marseillan, Frantzian. Berrogeita lau urteko gizon bat medikuarengana joan zen, ezkerreko hanka ahul sentitzen zuelako. Medikuek aurkitu zuten arazoak jatorri neurologikoa zuela, eta garunaren tomografia bat egin zioten. Irudian ikusten da zer aurkitu zioten: garunaren tokian ur-poltsa handi bat zuen gizonak.

Hidrozefalia deritzo ezaugarri horri, eta ohikoa da; garunetik pasatzen den ur-jarioa ez bada behar bezala irteten, pilatu egiten da. Baina hau muturreko kasu bat da. Medikuen ustez, gizonari txikitatik pilatu zitzaion ura garunean, eta urak garunaren tokia hartu du. Horrek ez du esan nahi garunak materia hori falta duenik; kaskezurraren kontra estututa dago. Gizonak bizimodu normala egiten du, eta adimen-kozientea tarte arruntaren barruan du. Medikuek drainatu egin diote ura. Horrek ez dio handitu garunaren tamaina, baina kalterik ere ez dio egin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia