}

Ura egon badago, baina erabilgarria gutxi!

2001/05/06 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ura urre urdina dela esaten da eta ez da gutxiagorako, sua itzali beharrean leku askotan piztu ere egiten baitu. Israelen eta Palestinaren arteko gerraren gakoetako bat, Afrikako miseriaren oinarrizko arrazoia... Pertsona batek 200-250 litro ur kontsumitzen ditu egunero, erabiltzen den uraren % 70 ureztapenerako bideratzen da, lantegiek ere kantitate handiak behar izaten dituzte...

Denerako behar da eta, gainera, kalitate onekoa.

Uretapenerako, biztaleak eta industria urez hornitzeko edo energia elektrikoa sortzeko sortutako ur-biltegi handia.

Lurrean, 1,34 miliar km3 ur dagoela zenbatetsi ahal izan da. Guztia eskuragarria eta kalitate onekoa balitz, Lurreko biztanle guztientzat nahikoa eta sobera! Ez genuke behin eta berriz –batez ere uda partean– ur gutxi dagoela eta kontsumoa murriztu egin behar dela entzungo. Baina, kontuan izan, Lurreko uraren % 2,5 soilik dela ur geza eta kantitate horren 3/2 izotzetan harrapaturik dagoela. Hori gutxi balitz, uraren zikloaren parte den kantitatearen % 20 ez da eskuragarri eta gainerako % 80aren 3/4ak memento eta leku txarrean erortzen dira, uholdeak sortuz adibidez. Horrenbestez, argi gelditzen da ura egon badagoela, baina ez beti gizakiak behar lukeen leku, memento eta kalitatekoa.

Beno, arazoa ura kalitate egokikoa topatzea bada, hor dauzkagu itsaso eta ozeano zabalak; itsasoko urari gatza kentzeko sistema diseinatu, eta kito! Amaitu dira ur-eskasiak sortutako arazo guztiak! Ongi pentsatua da, baina, zoritxarrez, ur eskasiaren arazoa ez da hain erraz konpontzen.

Saiatu, aspalditik saiatu dira ingeniariak eta teknikariak itsasoko ura edateko ur bihurtzeko sistemak garatzen, baina oraingoz ez dirudi erabat erabilgarria izango den sistema diseinatzea lortu dutenik. Izan ere, kontuan hartu behar da itsasoko ura ez dela iturriko ura eta gatza edalontzi batean nahasita lortuko genukeen ura. Itsasoko ura 65 elementuz osatua dago eta, behin ura eta gatza bereizi ondoren, ezinbestekoa da, ondotik edateko ur bihurtuko duen tratamendua egitea. Prozesu luzea eta, dudarik gabe, herrialde txiroenentzat garestiegia.

Gaur egun, merkatuan urari gatza kentzeko bi sistema daude. Zaharrena XX. mendearen hasierakoa da eta, beste askotan bezala, prozesu industrialak naturak egiten duena kalkatzen du. Itsasoko ura irakin, lurruna gainazal hotz baten kontaktuan hoztu eta ur geza bihurtzen da. Bigarren teknika, energia gutxiago behar duena, alderantzizko osmosia da. Hau da, presio altu batean, itsasoko ura hainbat mintzetatik iragazten da edateko ur bihurtu arte.

Ongi pentsatutako sistemak dira biak, baina, zoritxarrez, gehien behar dituzten herrialdeentzat ez dira batere egokiak langile talde espezializatua, instalazio garestiak eta funtzionamendu-gastu handiak dituztelako.

Lurreko uraren %97,5 itsasoan dago. Ur hori, ordea, ez da kontsumorako erabilgarria

Bestalde, ikuspuntu ekonomikotik sistema horiek aplikatzeko modukoak balira ere, itsasoko urari gatza kentzeak kalte ekologiko handiak sortuko lituzkete, gatz hori ez bailitzake desagertuko. Batez besteko itsasoko uraren gazitasun maila % 3,5 da. Horrek esan nahi du litro bat uretan, gutxi gorabehera, 35 g gatz mineral daudela. Litro bat edateko ur lortzeko, itsasora edo lurpera, gazitasun handiko beste litro bat edo bi jaurti beharko lirateke eta horrek desoreka nabarmena sor dezake.

Kontzentrazio handiko ura itsasoan dilui daitekeela pentsa daiteke, baina beti bezala, gauzak neurrian egin beharko lirateke. Lurrera botatzekotan, arazoa are larriagoa litzateke, lur- azpiko ura gazituko bailuke eta horrek ondorio larriak izango lituzke fauna, flora eta lurraren emankortasunean. Egokiena sistema hori osagarri gisa erabiltzea litzateke eta ez sistema nagusi bezala. Zoritxarrez, lehen esan bezala, instalazio horien inbertsioak handiegiak dira sistema alternatibo gisa soilik erabiltzeko.

Uraren erabilera neurtu

Ikusten denez, itsasoko ura gatz- gabetzea lortuko balitz ere, arazo berriak sortuko lirateke eta, beraz, gutxiago kontsumitzen ikasi beharra dago nahitaez. Badirudi uraren merkatuko enpresa handienak ere bide hori hartzekotan direla. Besteak beste, beraien proiektuen artean, lehentasun handiagoa du erabilitako ura berriro erabiltzeak, itsasoko ura edateko ur bihurtzeko sistema ekonomikoak bilatzeak baino. Beharbada, hiri handienetan ura banatzeko bi hoditeria jarri beharko lirateke, bata edateko ura barreiatuko duena eta bestea ur zikinagoa garraiatuko duena, adibidez, kaleak garbitzeko erabilgarria.

Azken finean, zertarako diseinatuko dira itsasoko ura edateko ur bihurtzeko sistemak Kairo bezalako herrietan hoditeriaren isurketak kontaezinak direnean? Partikular, nekazari zein enpresariek isurketei batere garrantzirik ematen ez dienean?

Itsasoko ur litro bakoitzeko, batez beste, 3,5 gramo gatz mineral dago.

Herri askotan banaketa-sareko galerak ikaragarriak dira, ur zikinak garbitu eta birziklatzeko ez da batere saiakerarik egiten, ur-eskasiak urruneko ura ekarriz ase nahi dira... Garapen jasangarriaren bidean oraindik ere zeregin handia dago, eta, beste ezer baino gehiago, kudeaketa plan egokiak beharko dira aurrerantzean: nekazaritzan tantakako ureztaketa-sistemak, benetako beharrak zein diren ongi neurtzea, lekuan lekuko ura erabiltzea...

Ahal dela, utz dezagun itsasoko ura bere horretan, petrolio-isurketekin nahikoa desoreka sortzen da eta.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia