Ura aurrezteko gailuak
1998/06/01 Iturrioz, Sebas Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurra “planeta urdina” da, ura nagusi den planeta alegia. Hala ere, Lurrean dagoen ur gehiena itsasoan dago (ur guztiaren % 94). Edateko, ureztatzeko eta abarretarako ordea, ur geza erabiltzen dugu. Munduan erabiltzen dugun ur gezaren % 75 inguru nekazaritzak baliatzen du; gainerakoa edateko, garbitzeko eta industriarako erabiltzen da.
Bizi garen Lurraren partean, Euskal Herrian, zorionez oro har ur faltarik ez badago ere (gogoan izan, dena den, herri eta hirietan ur-murrizketak denok ezagutu, eta pairatu, ditugula), garbi dago ura gero eta urriago eta gero eta balio handiagoko ondasun bihurtzen ari dela eta hori uraren faktura gero eta handiagoan nabari dezakegu. Aurrera begira, urria izateaz gain, eta horren ondorioz, gero eta garestiagoa izango da, zalantzarik gabe.
Hori dela eta, beste zenbait produkturekin (zaborrekin esaterako) jokatzen dugun legez jokatu behar genuke urarekin ere. Hondakinen arloan hain ezagunak diren hiru oinarriek —murrizketa, berrerabilera eta birziklatzea— urari dagokionez ere balio dute. Artikulu honen gaia uraren berrerabilera eta birziklatzea ez bada ere, ezin aipatu gabe utzi ura berrerabiltzeko Europako zenbait tokitan (Alemanian, Suedian) egiten ari diren saioak.
Adibidez, Frankfurteko Aurrezki Kutxaren jatetxean, harrasketatik isurtzen den ura tanga batera bideratzen da, gero komunetan erabiltzeko. Hiri bereko aireportuan, euri-ura bildu eta komunak garbitzeko erabiltzen da. Izan ere, luxua baita edan ahal izateko araztu den ura gero kaka, pixa, paperak, etab. arrastaka eramateko erabiltzea.
Dena den, horrelako saioak gero eta maizago ikusiko ditugun arren, artikulu honen gaia etxe eta hirietako uraren kontsumoa murrizteko modu bat erakustea da. Ur-kontsumoa nork bere etxean murrizteko administrazioak eta agintariek emandako aholkuak lehortea dagoenean baino ez dira kontuan hartu ohi, lehortea desagertutakoan ahaztu egiten baititugu. Ur-kontsumoa murrizteko balio duten hainbat gailu daude merkatuan. Ez dira oso berriak, ez konplikatuak, ezta garestiak ere, eta bai eraginkorrak oso.
Hala ere, zoritxarrez oraindik gutxi ezagutzen eta erabiltzen ditugu. Kontzientzia ekologikoagatik ez bada ere, dirua aurrezteko balio dutelako besterik ez bada ere bada arrazoi nahikoa erabiltzeko. Artikulu honetan, ura aurrezteko sistemetan espezializatuta dagoen RST markaren zenbait gailu azalduko ditugu (hori merkatuan dagoen aurrezgailu-marka bakarra ez dela esan beharra dago).
Komun-tangako aurrezgailua
Sistema sinple hau komuneko ur-tangan jartzekoa da. Komun--tanga gehienetan, heldulekutik tira eginez gero tanga barruko balbula ireki egiten da eta ez da ixten harik eta ur guztia ateratzen den arte. Horrela, esate baterako, 200 ml txiza eramateko, 8, 10 edo 12 litro ur erabiltzen dira. Tanga gehienak erabat hustutzen badira ere, gaur egun badira merkatuan ura aurrezteko balio duten beste tanga-sistema batzuk. Hauetan, behin sakatu eta tanga hustutzen hasten da; bigarren aldiz sakatu eta balbula itxi egiten da. Baina sistema horrek arazo txiki bat du: sistema hori dagoela jakin egin behar da eta erabili egin behar da (bi aldiz sakatu behar da). Beste “sistema” bat tangan adreilu bat edo beste zerbait sartzea da, bolumena duena, tangan ur gutxiago sar dadin, baina hori ez da jende askoren gustuko irtenbidea izango.
RSTk oso sistema erraza du: tangaren balbulari pisu bi (altzairu herdoilgaitzezko zilindro bi) ezartzen zaizkio horretarako propio diseinatutako lotura batzuen bidez; hartara, heldulekutik tira egin eta tanga hustutzen hasiko da eta heldulekua askatzean, altzairuzko zilindroen pisuak eraginda, balbula lehenago itxiko da (komuneko ura kanporatzeko nahikoak dira 3 litro eta ez tangan sartzen diren 8 edo 10 litroak). Tanga normalarekin alderatuta, bi abantaila ditu: ur-emaria gutxitzea eta zarata gutxitzea (hori erosotasun handia da, batez ere gauez: tanga arrunta betetzeko, eta presioaren arabera, 50/60 segundo behar dira, baina aurrezgailua jarrita 10/20 segundo baino ez dira behar).
Txorrota-muturreko aurrezgailua
Aurrezgailu txiki hau harraska eta konketetako txorrotaren muturrean jartzen da. Hona hemen sistemaren atalak:
Egitura nagusia eta elementuen euskarria letoi kromoztatuzko zilindro barne-hutsa da; hariztatuta dago txorrotari lotu ahal izateko. Barnealdean lau elementu ardazkide daude: lehenengoa (uraren noranzkoan) barneko iragazkia da, ondoren propilenozko mintza, barreiagailua eta kanpoko iragazkia. Barneko iragazkia oso begi txikiko (0,25 mm) sarea da. Urak iragazkia zeharkatu eta propilenozko mintzarekin topo egiten du, aurrera egiteko erdiko mehargune bat baino ez dagoela.
Urrats horretan bi efektu sortzen dira: batetik, ura mehargunetik iragaitera behartzean, ur-emaria gutxitu egiten da; bestetik, mehargunera sartzen ez den urak mintzaren kontra talka egin eta punpa eginez atzerantz abiatzen da. Ondorioz, turbulentzia sortzen da barneko iragazkiaren eta mintzaren arteko tartean eta horrek 0,25 mm-ko saretoan urak ekarrita harrapatuta gelditu diren zaborrak askatu eta higitzen etengabe mantentzen ditu. Hartara, zikinkeriak sarea ixtea galarazten da.
Mehargunetik iragan den urak barreiagailuaren zuloxka ñimiñoetan barrena egin behar du aurrera. Ondorioz, urak abiada handia hartzen du eta mikronizatu egiten da, hau da, mikrometro gutxiko ttanttatan “hausten” da (1 mikrometro = 0,001 milimetro). Barreiagailutik irtenda, kanpoko iragazkirantz abiatzen da ziztu bizian, baina tarte horretan airearekin nahasi egiten da, letoizko zilindroaren eta iragazkien artean airea hartzeko zirrikituak baitaude. Zirrikitu horietatik jasotzen du airea, hau da, higitzen ari den urak kanpoko airea erakarri egiten du (abiadura handia duen likidoak depresioa sortzen du bere inguruan; beraz, inguruko airea “zurgatu” egiten du).
Barreiagailutik irten eta airearekin nahasi ondoren, urak kanpoko iragazkia zeharkatu behar du kanporatu aurretik. Kanpoko iragazkiak altzairu herdoilgaitzezko eta begi handiko (1,25 mm) hiru sare ahurrez osatuta dago. Sareek ez dute elkar ukitzen karea ez dadin metatu; izan ere, egitura horri esker, txorrota itxitakoan azkeneko tanta ere isuri egiten da eta karea ez da iragazkian metatzen (txorrota itxitakoan iragazkian gelditzen den ura lurrintzean metatzen baita karea iragazkietan).
Ura mikronizatu eta airearekin nahasirik, ur-zorrotadaren “kalitatea” mantentzea lortzen da askoz ur gutxiagorekin, hau da, aurrezgailua jarri eta iturria irekitzean ez du ematen ur gutxiago ateratzen denik edo indar gutxiago duenik baina, adibidez, ontzi bat edo harraska betetzeko denbora gehiago behar dela ohartuko gara.
Dutxako aurrezgailua
Txorrota-muturreko aurrezgailuaren antzekoa da funtzionamenduari dagokionez. Uraren irteeran pieza koniko bat dago eta bertatik iragaitean ur-emaria gutxitu egiten da. Ondoren barreiagailua dago (3, 4 edo 12 zulotxo dituena). Konotik eta barreiagailutik iragaitean ura azkartu eta mikronizatu egiten da. Gainera, barreiagailuaren eta konoaren artean turbulentzia sortzen da, karea itsastea galarazten duena. Barreiagailutik aurrera, urak inguruko airea zurgatu egiten du eta airearekin nahasita kanporatzen da, ur-zorrotadaren kalitatea mantenduz.
Zenbat ur aurrezten da?
Zenbat ur aurrezten den erraza da jakiten eta norberak egin dezake proba. Lehenengo, txorrotak harraska (edo ontzi bat) betetzeko behar den denbora hartu (d1) eta, ondoren, aurrezgailua jarri eta proba bera egin (d2). Hori eginda, aurrezten den ur-portzentaia kalkulatzeko nahikoa da formula hau erabiltzea:
aurreztutako ur-portzentaia =
= 100 - 100(d1/d2).
Dena dela, teknikariek egindako proba ofizialak ere badaude. Ondoko laukian Kataluñako Generalitateko Industria eta Energia Departamentuak 1995ean egindako proba ofizialaren datuak ikus daitezke (espediente-zenbakia: 95009807). Argi dago ur-presioa txikia izanda ere % 50etik gora aurrezten dela txorrotako aurrezgailuan eta % 37tik gora dutxako aurrezgailuan. Presioa zenbat eta handiagoa izan orduan eta gehiago aurrezten da (kontuan izan uraren presioan gorabehera handiak daudela herri batetik bestera edo auzo batetik bestera edo eraikin berean lehenengo solairutik azken solairura).
Eta zenbat diru aurrezten da?
Ur hotza erabiltzen denean, aurrezgailuak ura aurrezten duenez, uraren fakturan nabarituko da aldea, baina erabiltzen den ura beroa bada, energia ere aurreztuko da, hau da, uraren fakturan eta energiaren fakturan (dela elektrizitatea, dela gasa) nabarituko da aldea. Zenbat diru aurrezten den ez dago aldez aurretik esaterik, hori toki bakoitzean ura erabiltzen den moduaren araberakoa baita, baina garbi dago zenbat eta ur gehiago erabili hainbat handiagoa izango dela aurreztea eta lehenago berreskuratuko dela aurrezgailuaren kostua.
Ondoko laukian adibide praktiko bat ikus daiteke. Nolanahi ere, eta ideia orokor bat egiteko, jakin behar da etxebizitza arrunt batean egin beharreko inbertsioa (dutxa-aurrezgailu bat, bi txorrota-aurrezgailu —bat harraskarako eta bestea konketarako— eta komun-tangako aurrezgailua) 15.000 pezetatik (600 liberatik) beherakoa dela eta inbertsioa urtebetean, gehienez ere, amortizatu egiten dela.
Amaitzeko
Ura (eta haren bidez energia) aurrezteko teknologia hor dago, merkea da, eraginkorra eta ez du instalazio-kosturik. Gainera, ezin esan daiteke berri-berria denik. Hortaz, zergatik erabiltzen da hain gutxi? Ez dakigu. Beharbada sustapen-kanpaina bat egin beharko litzateke administraziotik, kontsumo txikiko bonbillekin egin zen bezala, baina horren zain egon gabe, zergatik ez egin proba zeure etxean, zeure tabernan, zeure eskolan, zeure bulegoan edo zeure lantegian?
Ura aurrezteko sistemei buruzko informazioa nahi izanez gero, deitu 943 33 33 03 telefonora.
UR-AURREZTEA ZENBAKITAN (Generalitateko Industri eta Energia Departamentuaren datuak).
RST txorrotarako aurrezgailua
Presioa (kg/cm2) | 0,6 | 0,95 | 1,35 | 1,85 | 2,35 | 2,9 | 3,55 | 4,25 | 5 |
Ur-emaria aurrezgailurik gabe (l/min) | 8 | 10 | 12 | 14 | 16 | 18 | 20 | 22 | 24 |
Ur-emaria aurrezgailua jarrita (l/min) | 3,66 | 4,58 | 5,5 | 6,39 | 7,08 | 7,83 | 8,66 | 9,5 | 10,2 |
Ur-aurreztea (%) | % 54,2 | % 54,2 | % 54,2 | % 54,8 | % 55,7 | % 56,5 | % 56,7 | % 56,8 | % 57,3 |
RST dutxarako aurrezgailua
Presioa (kg/cm2) | 0,55 | 0,8 | 1,1 | 1,5 | 1,9 | 2,25 | 2,7 | 3,1 | 3,55 |
Ur-emaria aurrezgailurik gabe (l/min) | 8 | 10 | 12 | 14 | 16 | 18 | 20 | 22 | 24 |
Ur-emaria aurrezgailua jarrita (l/min) | 5 | 6,08 | 7,08 | 8,25 | 9,41 | 10,3 | 11 | 11,8 | 12,8 |
Ur-aurreztea (%) | % 37,5 | % 39,2 | % 41 | % 41,1 | % 41,2 | % 42,6 | % 45 | % 46,2 | % 46,5 |
Diru-aurreztearen adibide bat (urteko eta pertsonako)
Dutxa | Konketa eta | Komun-tangaren hustualdiak | Guztira | |
| 5 minutu | 3 minutu (1) | 6 aldiz | |
Ur-kontsumoa | 16 litro minutuko | 8 litro minutuko | 10 litro hustualdiko | |
Eguneko kontsumoa | 80 litro | 24 litro | 60 litro | 164 litro |
Urteko kontsumoa | 29,2 m 3 | 8,76 m 3 | 21,9 m 3 | 59,86 m 3 |
Ura berotzeko energia (2) | 876 kWh | 262,8 kWh | 0 kWh | 1138,8 kWh |
Uraren kostua (3) | 1.898 pta. | 569 pta. | 1.424 pta. | 3.891 pta. |
|
|
|
|
|
Uraren eta energiaren kostua | 16.790 pta. | 5.037 pta. | 1.424 pta. | 23.251 pta. |
| 782 + 6.135 = 6.917 pta. | 308 + 2.422 = 2.730 pta. | 712 pta. | 10.359 pta. |
(1) Harraskan harrikoa egitea (ur beroarekin) eta konketan eskuak eta hortzak garbitzea (ur hotzarekin) dira erabilera ohizkoenak. Kalkulua konplexuegi ez egitearren, dena ur beroarekin egiten dela jo da, baina konketa eta harraskaren baturari legokiokeena baino denbora gutxixeago esleituta.
(2) 1 m 3 ur dutxan erabiltzen den tenperaturaraino (50-60 °C) berotzeko 30 kWh energia elektriko inguru behar da.
(3) Ura berotzeko energia elektrikoa erabiltzen dela joz gero. Gasa (butanoa edo gas naturala) erabiltzen bada, ur beroaren kostua merkeagoa da. 1 m 3 uraren kostua (BEZa barne) (alde handiak daude udalerritik udalerrira; adibiderako Donostiako kostua hartu da): 65 pta. 1 kWh energia elektrikoaren kostua (BEZa barne): 17 pta.
(4) Dutxa-aurrezgailuak % 41,2 aurrezten du (16 litro minutuko emariari dagokiona). Txorrota-aurrezgailuak % 54,2 aurrezten du (8 litro minutuko emariari dagokiona). Komun-tangako aurrezgailuak % 50 inguru aurrezten du.
(5) Kontuan izan kostua pertsonako dela. Beraz, etxebizitzako aurreztea kalkulatu nahi bada, ur-instalazio horiek erabiltzen dituzten pertsona-kopuruaz biderkatu behar da.
* gutxi gorabeherakoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia