}

Ur zikinen sarea, ekologikoa izatetik urrun

2007/09/09 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakion organismoak sortzen dituen hondakinak kudeatzeaz arduratzen da, besteak beste, herriko saneamendu-sarea. Herritarrentzat garbia eta erosoa da, baina herri garatuetako saneamendua ekologikoa izatetik oso urrun dago, ordea. Arazoaren funtsa gailu sinple batean dago: komunean; tanga husten den bakoitzean, ur-litro mordoa xahutzen da. Etxebizitzetako higieneari mesede handia egin zion komuneko urak; osasunean irabazi zuten herritarrek, baina ordaina inguruko urek jaso zuten.
Egun ur gehiegi xahutzen denez, komun ekologikoago baten bila dabiltza adituak.
(Argazkia: Offshoots)

Suedian egin zuten ikerketa batean kalkulatu zuten komuneko tanga hustutakoan zenbat ur botatzen den, eta ikusi zuten, batez beste, gizabanako bakoitzak urtean hemezortzi mila eta berrehun litro ur inguru botatzen dituela komuneko zulotik behera. Milaka litro ur edangarri erabiltzen dira, hortaz, herritar bakoitzaren hondakin fisiologikoak etxetik ateratzeko, alajaina. Datu hori ikusita, ura xahutzea dirudi —hala da, funtsean—, baina intentzio onenarekin egiten da; azken finean, sistema hori garbitasunaren eta higienearen atzetik egindako urteetako ahaleginaren ondorioa da.

Aspalditik dator, gainera. Gaur egun hain ohikoa, hain etxekoa den komuna XIX. mendean zabaldu zen. Ordura arte, ingurumenaren ikuspegitik ekologikoagoak ziren teknologiak erabiltzen ziren giza hondakinen arazoari irtenbidea emateko; normalean, hondakinak ongarri gisa erabiltzen ziren, eta, horretarako, baserrietan, esate baterako, zuzenean ukuilura jotzen zuen komuneko zuloak. Teknologia horrek ez zuen hirietarako balio, ordea. Eta, hain zuzen ere, hirietako higieneari hobekuntza ikaragarria ekarri zion komunak.

Komuna, noski, katearen lehenengo muturra baino ez da; saneamendu-sistema baten beharra dauka bere eginkizuna behar bezala bete dezan. Hala, gaur egun, herri eta hiriak komunetako hondakinak estoldetara bideratzeko prestatuta daude, eta ur horiek ibaira edo itsasora isuri aurretik ur-araztegietan tratatzen dira.

Esan bezala, ur asko gastatzen da giza hondakinak bideratzeko, eta, hori dela eta, hainbat aditu, kezkatuta, hondakin horiek beste era batera tratatzeko ideiak garatzen ari da. Urgutxiago erabiltzeko sistemak ohikoak dira gaur egun; esate baterako, ur-kantitate handiagoa edo txikiagoa botatzea aukeran jartzen duten komunak daude. Baina aditu horiek uste dute aldaketak sakonagoa izan behar duela, ahalik eta ur gutxien erabili behar dela eta hondakinei etekina ateratzen ahalegindu beharra dagoela.

Gaur egungo hondakin-urak hodien bidez bildu eta araztu behar izaten dira berriz ibaira edo itsasora irsuri aurretik.
(Argazkia: IQ-UVA)

Soluzio bila

Asmoa da garai bateko ideia berreskuratzea, hau da, giza hondakinak ongarri gisa erabiltzea; baina bilketa nola egin, hor dago koska. Gaur egun badira eredu horri jarraitzen dioten komun batzuk, konposta egiten duten komunak, hain zuzen ere. Komun horietan, hondakinak saneamendu-sistemara bideratu beharrean, hondakinak jasotzeko biltegi handi bat dute, non konposta egiten den. Hortaz, egokiak dira landa-inguruneko etxeetarako edo kaleko komunetarako; baina ez dira egokiak blokean egindako etxebizitzetarako. Hirietako giza hondakinen arazoa ez dute konpontzen, hortaz.

Urik behar ez duen komun duin eta egoki bat bilatzea asko kostatuko da. Izan ere, gaur egungo sistema oso erosoa da erabiltzailearentzat. Honek, komuna eta dagokion saneamendu-sistema aldatzekotan, onerako aldatu nahiko du, eta, gutxienez, ezerosotasunik ekarriko ez dion bat eskatuko du. Horregatik, biderik errazena gaur egungo komunaren antzeko egitura duen komun ekologikoago bat asmatzea da. Hala ere, gogoeta sakona eskatzen duen gai bat da, eta ez da egun batetik bestera gertatuko aldaketa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia