}

Ur-lurruna espazioan

2001/04/19 Elhuyar Zientzia

Espazioan orain arte uste izan den baino ur-lurrun gehiago dago. Andrea Moneti astronomo italiarrak zuzendutako ikerketa batean datu zehatzak lortu dira.

Espazioan barreiatuta dagoen ura detektatzen oso zaila da. Lurraren atmosfera ur-lurrunez aseta dagoenez, zientzialariek erabiltzen dituzten tresnetan interferentzia hori besterik ez da jasotzen. Irtenbidea espektroskopioak atmosferatik at martxan jartzea da. Ur-lurrunaren ikerketa ESAko ISO satelitetik egin da, hain zuzen ere. Satelite horrek espaziotik datorren argi infragorria aztertzen du bere orbitatik.

Beste molekulak bezala, ura espazioko hodeietan dago kontzentratuta. Hodei horietan molekulen kontzentrazioa oso txikia da, baina noizean behin bi hidrogeno-atomo oxigeno-atomo batekin elkartu egiten dira eta ur-molekulak sortzen dira.

Ur hori bi egoeratan izaten da espazioan. Oso hodei hotzetan dagoena, -263 ºC-tan, egoera solidoan egoten da, hau da, izotz moduan. Izotz hori hauts-partikuletan kondentsatuta gelditzen da eta hainbat uhin-luzeratako argia xurgatzen du.

Monetiren taldekoek aztertu dituzten hodeiak, ordea, beste mota batekoak dira. Hodei horien tenperatura 27 ºC ingurukoa da eta, ur-molekula solteak direnez, lurruna eratzen dute. Molekula horiek xurgatzen duten argiaren uhin-luzera tarte estuago baten barruan egoten da eta, beraz, errazago detektatzen da.

Bi urte eta erdiz, Monetiren taldekoek izarren sorleku diren bi hodei espazialetatik jaso dituzte datuak, SgrA eta GCS-3 hodeietatik. Datu horietatik abiatuta, ur-molekulen dentsitatea kalkulatu dute lurrun horietan, eta zentimetro kubikoko 20.000 bilioi molekula zenbatetsi dute, espero zena baino gehiago. Dena dela, zientzialariak ez dira asko harritu, ura baita hodei horietako prozesu kimikoetako ohiko osagaia. Jakina da karbono monoxidoa soilik izaten dela ura baino proportzio handiagoan dagoen molekula bakarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia