}

Ur bizigarria hilgarri Doñana: hondamena ulertzeko

1998/06/01 Antiguedad, Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dago hilda, baina ez zaio asko falta izan. Aznalcóllarreko presaren hausturak hilzorian utzi du Doñana. Gizakiak naturarekiko duen errespetu ezaren kapitulu berritzat har daiteke, garapenaren izenean naturan eragiten diren kalteen erakusle berritzat. Benetako garapena ote da aurrera egiteko naturaren oreka arriskuan jartzen duen jarduera? Eginda dago galdera. Bitartean, urrun joan barik, hementxe bertan badira Aznalcóllarreko presaren antzerako baldintzak dituzten tokiak, Gabiriakoa aipagarrien. Agian Andaluzian gertatutakoagatik, etorkizun hobea iragar dakioke Gabiriako Troya meatzeari. Doñana albiste txar baten gune bihurtu da, hondamenarena. Askotan izan da albiste, sarri izan baita politikoen topagune, erromeriarako helbide, ez dakit zein piztiaren bizileku apart eta bakarretariko, naturzale kaletar askoren bidaia erosoen helburu, inguruko nekazari eta abeltzainen etengabeko tirabiraren sorgune, bertoko produktuak merkaturatzeko jatorri-izendapen edo lurren espekulazio bideko hirigintzarako ate. Baina oraingoan bada alderik.
Doñana.
Ingurugiroko Ministerioa

Gertatuak gogor astindu du eta luzaro astinduko ere, Doñana ezezik inguruko amaraunean harrapaturik dauden sektore guztiak ere: ekonomikoak, politikoak, sozialak eta ekologikoak. Argi gorria piztu da Doñanan, eta ez da egun hauetakoa bakarra izan. Honelakoetan, gertaeraren uneko beroaldian esanek ez ohi dute balio handirik; hortaz, ondoko epelaldia da egokiena, hoztu baino lehen hala ere, gertatutakoaren gaineko hausnarketa serioa egiteko. Derrigorrezko hausnarketa egin behar da, hango piztia guztien gainetik, orain arteko esanak eta eginak baloratu, erantzukizunak eskatu eta, batez ere, aurrerantzean beste bide batetik abiatzeko.

Doñanako amaraunean harrapatutako sektore guztiek hitzartu beharko dute ondorengoei zer utzi, eta beraz zer bultzatu, zer baztertu. Padurak ala meatzeak? Urbanizazioak ala dunak? Gehiegizko nekazaritza ala neurriko turismo berdea? Zikoinak ala azienda? Non muga?

Doñanak lehendik ere jasaten zuen eragin kaltegarririk, oraingoa ez da lehena. Meategian gertatu berri den lohi-isuriak Doñanako inguruetan dagoeneko duen eragina eta etorkizunean izan dezakeena aztertu nahi genuke hemen. Beti ere zuhur jokatuz, egunotan esanak kontrajarriak izateaz gain denbora gehiago beharko baita datu zehatzak eskuraturik benetako eragina ezagutzeko. Eragina, gauzatua eta balizkoa, ulertzeko derrigor ezagutu behar da Doñana parkegunearen “berezko” dinamika, hau da, azken urteotan nagusi izan dena, guztiz naturala izan ez bada ere.

Sorrera geologikoa

Gabiria.
B. Kortabarria

Doñana Guadalquivir ibaiaren bokalearen inguruan dago. Geologia aldetik harana sakonune luzea da, Miozeno, Pliozeno eta Koaternarioan (azken 20 milioi urteetan) metatutako materialez betea. Iberia eta Afrika plaka tektonikoen mugimenduak baldintzatuta gertatu zen Miozeno-Pliozeno aldietako sedimentazioa itsas giroan, batzuetan, eta lehorrekoan, besteetan. Doñana inguruari dagokionez, hiru formazio nagusi antzematen dira behetik gora: margak, limoak eta hareak. Azken hauek permeabilitate handikoak direnez akuifero ona gorpuzten dute, 27 zenbakikoa akuiferoen katalogo ofizialean.

Pliozenoaren azkenean itsasoak behin-betiko atzera egin eta lehorrean utzi zuen Guadalquivirren harana. Egoera berrian bertoko ibai-sarea eratzen hasi zen; ibaiok goialdean harriak higatu, higakinak garraiatu eta behealdean utzi zituzten metaketa nabarmena gauzatuz Miozeno-Pliozenoko harrien gainean.

Guadalquivirren bokalean dago Doñana eta hor aldaketa nabaria gertatu da azken 10.000 urteetan. Azken glaziazioaren ondorioz itsasoak inguru hori menpean hartu eta sakonera txikiko badia zabala eratu zuen. Badia apurka itsasotik isolatuz joan zen hareazko barren eraginez, eta badiako egoera berrian, materia organiko ugari duten material finen jalkitzea (limoak eta buztinak), tartean harea-gorpuak ere jalkiten direla, erraztu zen. Limo-buztina hauetan eratu ziren padurak. Doñanako zenbait lekutan 150 metroko lodiera du metaketa horrek. Barneko antolaketak (geruzen geometria eta permeabilitateak) baldintzatzen du Doñanan lurpeko urek duten dinamika: norabidea eta abiadura.

Doñanako Parkeak

Doñana izenak eremu asko biltzen ditu: Parke Nazionala bera, babes-neurri zorrotzenekoa, 50.000 hektareakoa; bost parkeondo natural aurrekoa inguratuz, 23.000 ha-koa; eta horiek guztiak eta inguruko beste lur-eremu batzuk ere hartuz, Doñanako Ingurualdea.

Nazionala-naturala sailkapena administratiboa da. Izan ere, 1969tik aurrera, orduan hasi baitzen Doñanako babesgunea legez lotzen, hainbat aldaketa izan da babes-neurrietan, parkearen gaurko mugetara iritsi arte. Mugok, neurri handi batean ikuspegi ekonomikoen eta ekologikoen arteko tirabiraren ondorio dira. Era horretan, Parke Nazionalak neurri zorrotzak ditu, baina parkeondoetan egon badago lurpeko urekin ureztatzen den gehiegizko nekazaritza, kasurako.

Ekosistemaren ikuspegitik, ostera, zuzeneko lotura du Parke Nazionalak aldameneko eremuokin, uraren bidezko lotura hain zuzen. Parke Nazionala ez litzateke dagoen moduan egongo inguruan duena ez baleuka. Hortaz, egunotan nahastea sortu da batzuek lohi-uholdea Doñanaraino ez dela iritsi diotenean, Parke Nazionalaz baino ez baitira ari Ingurualdeko parkeondoak kaltetuak izan direla saihestuz. Gerora izango duen eragina bera ere nahiago izan dute batzuek ahaztu.

Jarduera antropikoa

Urteetan izan ziren arrantza eta ehiza Doñana inguruko biztanleen zeregin nagusiak. Gero abeltzaintzak eta nekazaritzak hartu zuten lehentasuna, ingurunearen eraldaketari bidea emanez, ibai-sarea moldatuz, lurresiak eraikiz eta uholde-arriskua aldendu eta lurzoruen gazitzea saihesteko ubideak eginez.

Greenpeace

XVII. mendean urrats serioak eman ziren nekazaritza bultzatzeko, baina asmo horiek abeltzainen interesekin egin zuten topo. XX. mendearen hasieran nekazariek aurrea hartu eta padurak lehortzeari ekin zioten nekazaritzako lurrak zabaltzeko asmoz. Horrela, 50.eko hamarkadan, Guadiamar ibaia Guadalquivirreraino bideratu zuten, berez urteroko uholdeetan paduran zuen eragin ona, hau da ur geza sarraraztea, eragotziz; eta Guadalquivir ibaiaren bazterretan hainbat lurrezko hesi ere eraiki zituzten helburu berarekin.

1970ean Nekazaritza Ministerioak Doñana inguruko lurralde zabala ureztatze nekazaritzara egokitzeko plangintza handinahikoa (Almonte-Marismas Ureztatze Plana) bultzatu zuen bertoko lurpeko urak baliatuz 25.000 hektarea ureztatzeko asmotan. Lurralde hori gaurko parkeondo naturaletan eta Doñanako Ingurualdean kokatzen da.

1991n 10.000 ha ureztatu ziren bertoko akuiferotik (27 zenbakidunetik). Beraz, hasieran jarritako helburuak ez dira bete, agian bete ezinak zirelako: lurraldea zabalegia eta putzuen kokapenak desegokiak dira. Azken urteotan nekazari-abeltzainak eta administrazioa hika-mikan aritu dira sarri, planak aurreikusitako irabaziak gauzatu ez direlako nonbait.

Dinamika hidrologikoa

Urak bermatzen du Doñana eta inguruko ekosistema osoaren dinamika konplexua, ura baita ezinbesteko lokarri. Urtez urte iparraldetik hegoaldera doazen hegaztiek Doñanan geraleku aproposa izatea bertako padura, urgeldi eta potxingoei zor zaie. Berdin berton etengabe bizi diren beste animalia guztien kasuan ere. Horko urak helbide bi ditu: lurgainetik, inguruko erreka eta ibaiek ekarrita, eta lurpetik, bertoko akuiferoak emanda.

Hau honela, Doñanako hainbat leku lurgaineko urek eta beste hainbat lurpekoek elikatzen dituzte. Ur-dinamikan aldaketarik izatekotan, kantitatean zein kalitatean, ekosistema osoak jasango luke horren eraginezko narriadura, lekuaren eta denboraren arabera handiagoa edo txikiagoa izango dena.

Doñanan izan daitezkeen arrisku ekologikoak ulertzeko ezinbestekoa da hango “berezko” dinamika ezagutzea. Hori ezagutu gabe ez dago bestea ulertzerik. Arestian esan bezala Doñanako ingurualdeak aldaketa dexente izan ditu azken urteotan, gehienak nekazaritzak eragindakoak, eta beraz oraingo dinamika ez da naturalki zegokiona; hala ere, hauxe da, meategitik isuritako lohiaren eraginaren gainean aritzeko ezagutu beharrekoa.

Ikuspegi hidrologikotik hiru eremu antzematen dira Doñana ingurualdean:

  1. Padura: urtaroen arabera gehiegizko urgaineztatzeak eta lehortzeak jasaten dituen eremu leuna. Limo-buztin permeagaitzen gainean eratu da padura. Horko uraren jatorria euria ez ezik, eskasa baita berau, inguruko ibaiak ere badira, ura uholdean daramatena. Ibaion artean garrantzizkoena Guadiamar da, meategitik datorrena, eta aspaldion Guadalquivirrera bideratua dagoena berezko ubidea saihestuz; ondorioz, Guadiamar ibaiak, ura oso noizbehinka baino ez du sartzen padurara. Desbideratze horiek direla kausa, paduraren azalera eta ur-lodiera gutxituz joan dira azken urteotan.
    Beste ur-ekarpen garrantzitsua La Rocina errekarena da, emari txikia baina iraunkorra duena, eta agorte-garaian beharrezko ekarpena egiten duena. Aipatzekoa da lekukoek caños izenekoez esaten dutena: behiala mareak sortutako ubideak ziren, gero ibaien uholdeko uren pasabidea padurarantz, eta gero egindako desbideratzeengatik ia agorrean direnak. Orain denbora gutxi padura lehengoratzeko hartutako neurrien artean, caños horiek baliatuz ibaietako urak, azken urteotan ohikoa zena baino gehixeago, padurara sartzen laguntzekoa dago.
  2. Doñanako ingurualdearen ia beste lurralde guztia Pliozenoko harea permeakorrek estaltzen dute. Berton dunak sartzen dira. 27 zenbakidun akuiferoaren errekarga aldea da hau, hots, euri-urek hemendik elikatzen dituzte beheko ur-geruzak.
    E. Arrojeria
    Eta euri-urez gain nekazaritzan erabilitako uren soberakina ere errekarga bihurtzen da, akuiferoa ongarriekin kutsatuz (nitratoak eta pestizidak nagusiki). Akuiferoak jokamolde diferentea du paduraren inguruan egon edo ez egon. Han akuiferoa librea da, baina padura azpian erdikonfinatu bilakatzen da, padurako material iragazkaitzek behartuta. Hemen akuiferoak padura elikatzen du behetik gora. Beraz, akuiferora sartutako poluitzaileek denbora askoko ibilbidea, urteak agian, egin dezakete, harea eta limo-buztinetan zehar geldo, han edo hemen azaleratu baino lehen. Akuiferoko ur guztiak, ordea, ez dira padurara biltzen, parte handi bat zuzenean baitoa lurpetik itsasora.
    Potxingo ugari da hemen, betiere lurpeko uren deskarga-gune. Lekukoek ojos esaten diete. Hezegune hauetara biltzen dira propio sastrakadiak eta artelatzak. Lurralde honetan, zatirik handiena Parke Nazionaletik kanpo baina parkeondoen barruan duenean, kokatzen dira jarduera antropikoak: ureztatze-nekazaritza, hainbat herrigune, ustiapeneko basoak.
  3. Aurreko eremu bion arteko lotunea, “ekotono” deiturikoa da. Azalera eskasekoa izan arren garrantzi ekologiko handikoa da, berton, permeabilitate arras desberdineko multzoen lotunea izanik, lurpeko urek azaleratu eta etengabeko giro urtsua mantentzen baitute, Doñanako ekosistemari ezaugarri propioa emanez.
    Beste berba bat bertokoek sarri erabilia lucios da, hots, sakonunean eratutako urgeldiko guneak, batzuetan lurgaineko urek sortuak eta lurpekoek besteetan, adierazteko. Bestalde, hiztegi propio aberatsa dute urarekin lotutako kontzeptuak adierazteko lucios, caños edo ojos esaterako, denek dute zerikusirik Doñanako ekosistemaren bizibidean.
Apirilaren 25ean jasan zuen Doñanak azken urteotako hondamen larriena. Argitu ez den arrazoiengatik urtegiaren horma batek krak egin eta lohi arriskutsua isuri zen Guadiamar ibaian behera, Doñanarantz.
Ingurugiroko Ministerioa

Labur esateko, Doñana ingurualdeak bi motatako urak behar ditu ekosistema urtsua izaten jarraitzeko, erreka-ibaiek aldian ekarritako azaleko urak eta akuiferoek etengabe emanak.

Meategiko lohi-uholdearen eragina

Aznalcóllarreko atari zabaleko meategiak sulfuro-mota asko erauzten ditu beruna, zinka, zilarra eta kobrea ateratzeko. Sulfuroak lurretik erauzita bertan tratatzen dira balio duena eta ez duena bereizteko. Azken hau, lohi urtsua, urtegi moduko batera botatzen da, aurretik araztegi batetik igarota, ustez. Hondakin-urok aberatsak dira elementu toxikoetan (As, Cd, Mn, Zn, Cu, Pb, Fe...) eta azidoak, hau da pH baxukoak, ekosistemarako kaltegarri izaten dira.

Apirilaren 25ean jasan zuen Doñanak azken urteotako hondamen larriena. Argitu ez diren arrazoiengatik urtegiaren horma batek krak egin eta 5 hm3-ko lohi arriskutsua isuri zen Guadiamar ibaian behera, Doñanarantz.

Arazo administratiboak eta judizialak albo batera utziz, zer ondorio ekar ditzake uholde horrek Doñanan? Askotariko erantzunak emanak dizkiote: ez duela hura ukituko, eta baduela. Jakina, batzuek, maltzurrean, Parke Nazionalaz eta epe motzeko eraginaz ari ziren, parkeondoa, akuiferoa, denbora eta ekosistemaren osotasuna apropos saihestuz.

Zer ondorio beraz?

  • Ezin dira Doñanan izan daitezkeen arrisku ekologikoak ulertu hango "berezko" dinamika ezagutu gabe. Doñanako ingurualdeak aldaketa dexente izan baditu ere, naturalki dagokion dinamikaz baliatu da isuritako lohia ingurune horretan eragiteko.
    E. Arrojeria
    Lohia ibaian behera abiatu da ohiko ubidetik irten eta alboko soro landuak lohiaz gaineztatuz; ondorioz, sorook larri kutsatu dira. Segidakoa jakina da: hainbat abere eta pizti hil, urteetako uzta galdu, elikadura-katea urte askotarako hondatu. Arazo sozio-ekonomikoak, beraz, ekologikoaz gainera.
  • Lohia ez dirudi Parke Nazionalera sartu denik. Izan ere, isuria gertatu eta gutxira lur-hesiak altxatu zituzten ibaiaren leku zehatzetan ur azidoak Guadalquivirrera bideratu eta handik itsasora joan zitezen. Ondorioz, arin heldu ziren ur azidoak ibai-bokalera eta horko arrantza ukitu. Arazo sozio-ekonomikoak hemen ere.
  • Hesiok oztopatu egin zuten lohiaren abiada, honen parte bat ubidean jalkinez. Hori laguntzeko karea bota zuten uretara: pH altua denean metal astunak prezipitatu egiten dira. Era horretan, ura garbiago abiatuko zen beherantz eta bertan geratutako lohia errazago batuko. Araztegirik jartzea ere aipatu da urok araztu eta berriz ibairatzeko. Hala ere, hau guztia, presaka egin behar dute euritea iritsi baino lehen, horren beldur baitira; euri-urak apur bat azidoak izanik lohia zorutik askatu eta uretan barrena eramango bailukete beherantz, agian hesiak ere gainditu eta caños-ez baliaturik paduraraino ere sartuz.
  • Soroetako lohiak batzen hasiak dira hondeagailua erabiliz. Kutsatutako lur guztia ezin izango dute segituan hondeatu eta eraman, eta luzaroan geratuko da hor lohi-hondarra, euri-urak edota ibai-urak noiz disolbatu eta lurperatuko zain.
  • Lurgaineko ur kutsatuek paduretan izan dezaketen eragina euritearen aurretik egin beharrekoen menpe dago. Oso bestelakoa da, ostera, lurpeko urena. Gai toxikoak dagoeneko sartuak dira akuiferora ibai-bazterreko lohiak gainezka egin ostean: bildutako laginek horrela adierazten dute. Gainera, soroetan lohia den bitartean, diluzioa gertatzeko eta lurrean barrena sartzeko aukera egongo da. Bestalde, ohiko ponpaketek urak akuiferoan duen higidura azkar dezakete.
  • Eta lurpean geldo, baino arin, abian den ur poluituaren parte bat lehenago edo geroago Doñanako hainbat hezegunetara helduko da (lucios, ojos). Larria izango ote da orduan? Batek daki, orain arte jasotako datuekin. Izan ere, akuiferoek horixe dute on: poluzioa neurri batean gutxitu egiten dutela, ez edozein poluzio ordea. Zenbat gai toxiko sartu da dagoeneko? Zenbat sar liteke aurrerantzean azaleko lohien disoluzioz?
Sanlúcar de Barramedatik abiatzen diren erromesak Parkea zeharkatzen dute urtero El Rocíora erromerian. Lohi isuria dela eta, aurten ibilbidea aldatu beharrean aurkitu dira.

Birus bat sartu da Doñanako ekosistemako muinean. Laster da oraindino iragarrita zegoen istripu horrek ekar dezakeena zehazteko. Datuak behar dira, etengabeko segimendua egin. Iragarria? Salaketa ugari omen ziren urtegiaren egoera kaskarra zela eta. Ez omen zuten serio hartu. Datu esanguratsua honako hau: bertakoek Guadiamar ibaiari río Quema esaten diote aspaldian, aldizka urak erre egiten duelako; isuriak, txikiak izan arren, ohizkoak izan dira nonbait.

Doñanako Parke Nazionala zinez babestu nahi bada, ingurukoa ere babestu behar da. Meategiko urtegia ibaiaren ondo-ondoan dago eta ibaia nora eta Doñana aldera, eta ibai hau funtsezkoa da padura mantentzeko. Nori bururatu? Ez da berdin hemen edo han jartzea, Doñanarako arroan edo kanpoan. Arriskua beti dago, baina hau askoz handiagoa da beheraxeago babestu nahi den naturgune bat dagoenean. Sena kontua, besterik ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia