}

Unibertsoaren azken mugetan

1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

European Southern Observatory erakundean unibertsoaren azken mugetan ei dagoen galaxia aurkitu dute, irudian ikus dezakezuna.

Unibertsoaren azken muturreraino gizakia ailegatzeak ametsa izaten segituko du tarte luze batean. Alabaina, bertaraino iristekotan zer aurkituko genukeen jakin dezakegu jadanik: ESO, European Southern Observatory erakundean unibertsoaren azken mugetan ei dagoen galaxia aurkitu dute, goiko irudian ikus dezakezuena. Zehatzago esanda, ESOko astronomoek argi-uhinak irudikatu dituzte, horiexek salatzen baitute nonbait, bertan galaxia bat dagoela.

Guk oraingoz ez dugu ikusterik izango, gugandik oso urrun baitago, 13 mila milioi argi urtera, hain zuzen ere. Hori asko edo gutxi den jakin dezagun, gugandik gertuen dagoen galaxia 163.000 argi-urtera dagoela kontutan hartu beharra dago. Nahikoa urrun, beraz. Big Band delako teoria ontzat ematekotan, berriki atzeman duten galaxia hori unibertsoko zaharrena dela ere ondoriozta genezake. Erabateko baieztapenik emateko datu gehiago eskuratu beharko bada ere, bidean aurrera goazela ukaezina da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia