Umeak eta trafikoa
1996/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hrietako trafikoak uste baino kalte larriagoa eragiten digu. Bereziki kezkagarria da aire poluzioak umeengan duen eragina, Osasunerako Mundu Erakundeak berriki eman dituen datuen arabera. Erakundeak egindako txostenean, trafikoak sortutako kalteak aztertu dira, gasolinetako berunak osasunarengan duen eragina bereziki; erabateko baieztapenik ematerik ez badago ere, berunak haurrengan sortzen dituen osasun arazoak helduenganakoak baino larriagoak direla garbi ikusi dute ikertzaileek.
OMEk dioenez, bi urte baino gutxiagoko umeen artean odolean jasan daitekeen berun proportzioa gainditzeak gaixotasun larriak ekar ditzake. Hiru eta bost urte bitarteko haurren % 80 pasatxok garatu du jadanik berunaren ondoriozko gaixotasunik, maila desberdinetan bada ere.
Umeak eta aurretik arnas-aparatuko gaixotasunik izan duten biztanleak ageri dira arrisku taldeetan. Mexikon, esate baterako, osasun-kontrol zorrotzak egin behar izaten dituzte horiek, hiriburuko aire-poluzioa beste inon baino altuagoa baita bertan. Urriaren bukaeran, egoera benetan larria zela ikusita, automobil-parkearen erdia baino gehiago geldiarazteko agindua eman zuen gobernuak eta lantegien iharduera % 30 murriztu behar izan zen hiriburuan. Berunaz gain, ozonoaren kontzentrazioa altuegia izateak piztu izan ditu era horretako alarmak Mexikoko hiriburuan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia