Umeak, adoleszenteak eta telebista
1990/07/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
1984ean, Amerikako Akademia Pediatrikoaren izenean, batzorde batek txosten zabal bat argitaratu zuen. Bertan hausnarketa mamitsuak egin ondoren, pediatrei eta gurasoei telebistak bortxazko jokaera agresiboen sustapenean eta obesitatean duen eraginaren berri ematen zitzaien. Telebistak iharduera sexual goiztiarrean, droga eta alkoholaren erabilera eta abusuan, eskola-errendimenduan eta estereotipo etnikoak (arraza jakin batzuenganako mespretxua, adib.) iraun eraztean eduki dezakeen eragina ere aipatzen zen txosten horretan. Geroztik, zoritxarrez, arazoak onera egin beharrean okerrera egin ote duen nago eta horregatik Akademiak berriki kaleratu duen berrikuspena azaldu nahi nieke “Elhuyar” aldizkariaren irakurleei.
1989an, batezbeste, USAko ume batek denbora gehiago eman zuen telebista ikusten, beste edozein ihardueratan baino, lotan baino izan ezik Nielsen Company–ren azken datuen arabera, 2–5 urteko umeak 25 orduz aritu ziren astero telebista ikusten, 6–11 urtekoak 22 ordu baino gehiago eta 12tik 17 urte bitarteko adoleszenteek 23 ordu egiten zituzten telebistari so. Telebista komertzialari begira ordu gutxiago igaro arren, azken estimazioek ez dute bideoa erabiltzen pasatutako denbora kontutan hartzen. Beraz, pentsatzekoa da azken 6–7 urteotan telebista-aparatuaren aurrean pasatutako denbora ez dela nabarmentzeko moduan jaitsi.
Telebistak umeengan duen eragina, hari begira emandako denboraren eta ikusitakoaren efektu metatzailearen baitan dago; ez bait da berdina, noski, programa guztien eragina (dokumentalak, irudi animatuak, telefilmeak, kirol-emanaldiak, etab.). Nork kontrolatzen du, ordea, programazioa? Nork zehazten du ETBko telesailen, edo irudi animatuen kalitate “sanitarioa”? Gure txoritxoaren erantzuleek kontutan hartzen al dituzte erizpide hauek?
Gaur egungo umea 70 urteko agurea izatera iristen denean, zazpi bat urte pasatuak izango ditu telebista ikusten. Beraz, telebistak munduko esperientziarik aktiboenak baino eragin handiagoa eduki dezake; esperientzia hori desplazatzera iristerainokoa. Zenbait umerentzat, telebistan agertzen edo erakusten den mundua mundu erreal edo egiazko bakar bihurtzen da.
Hasieran aipaturiko gomendio hura argitaratu zenetik sei urte joan dira, eta denboraldi horretan jasotako datuek nahikoa bide eskaintzen dute ondorio bezala honako hau esateko: alegia telebista asko ikustea dela jokabide gogor, bortxazko edo biolentoen arrazoietako bat, bakarra ez izan arren. Eta telebista ikusleak obesitatea ager dadin laguntzen duela ere begibistakoa da.
Telebista ikustearen eta iharduera sexualaren edo alkohol-kontsumoaren artean frogatutako harremanik ez badago ere, egia da USAko adoleszenteek ikusten duten telebistan (eta guk hemen hasiera besterik ez dugu ikusten, zertxobait geroago bada ere) erreferentzia eta konotazio sexual ugari jasotzen dituztela (urtebetean 14.000tik gora estimatu dira, erantzukizun sexualari, abstinentziari edo antisortzeari buruzkoak 150 inguru diren bitartean). Eta egia da, haurdunaldien eta transmisio sexualeko eritasunen intzidentziak adoleszenteen artean gora egin duela, eta Estatu Batuetan alkoholarekin harreman estua duten heriotzen prebalentzia adoleszente eta heldu gazteen artean gaixotasun, lesio eta heriotza–arrazoi nagusienetako bat dela ere.
Guzti horregatik, Amerikako Akademia Pediatrikoaren Komunikabideetarako Batzordeak honako gomendio hauek argitaratu ditu:
- Telebistaren eragina frogatzeko ahaleginak indartu egin behar dira pediatra eta gurasoen artean. Are gehiago, gurasoen partehartzea eta umeen artean telebista ikustean kritikatzeko ahalmena pizteko iniziatiba berriak bultzatu behar lirateke.
Pediatrek gurasoei beren seme-alabek telebista ikusten ematen dituzten orduak egunean bat edo bira mugatzea gomendatu behar diete. Gurasoen aldetik telebistaren ordezko egokiak garatzen lagundu behar lukete medikuek: irakurketa, kirolak eta entrenamendu fisikoa, eta heziketa–munduko dibertsioak.
Familia osoak parte hartu behar du seme–alabek ikusten dituzten programen aukeran. Gurasoek telebista beren seme-alabekin ikusi behar dute, “ikusten” dutena interpretatzen laguntzeko. Ahal dela, zinta magnetoskopikoetan (bideotan) eskaintzen diren aukera egokiak aprobetxatu behar lirateke, umeek eta adoleszenteek ikus ditzaten.
Pediatrek umeentzako kalitate handiko programazioa exigituko dien legeria eskatu behar lukete (beste pertsona inplikatuekin batera: guraso, hezitzaile, etab.ekin), gutxienez egunean ordubete umeentzako programa egokiz (hezitzailez, atseginez) osatua egon dadin.
Programa horiek ez lukete jostailutan oinarriturik egon behar; programa horiek umeei jostailuak saltzeko eginak bait daude.
Komunikabidetan sexualitatea erantzukizunez eta era egokian ager eta erakuts dadila eskatzen eta exigitzen jarraitu behar dute pediatrek.
Telebistatik edari alkoholikoen iragarkiak kentzeko ahaleginetan parte hartuko dute pediatrek.
Amerikako Akademia Pediatrikoak ikerketa gehiago bultzatu behar ditu telebistak umeengan duen eragina neurtzeko, eta umeei dedikaturiko telebista konprobatu eta hobetzen saiatu.
TELEBISTA ERABILTZEKO ZENBAIT AHOLKU
- Aparatua piztu aurretik, programazioari begirada bat eman.
- Ez jarri telebistatik metro t’erdi baino gertuago, aparatuaren tamainaren arabera.
- Erradiazio–dosia ia hutsala den arren, ez da komeni pantaila ukitzea.
- Ez erabili egoera txarrean dagoen telebistarik edota oso aparatu gastaturik.
- Ez ikusi TBrik ilunpetan.
- Entzun nahi bada, adi egotea eskatzen duen bolumenean mantendu telebista; ozenago ez.
- Ez egon ordu gehiegi telebistaren aurrean. Egunean bi ordu izan daiteke dosi egokia, noizean behin “betekadaren” bat onartu arren.
- Umearen adinaren eta sen onaren arabera, programarik egokienak bakarrik aukeratu.
- Eta azkenik, beti ere kontutan eduki umearentzat telebista ez dela jostailua eta ezta hezitzaile aparta ere. “Umeak zer ikusi, hura ikasi” dio esaera zaharrak. Beraz, alternatibarik eskaintzen ez zaion bitartean alferrik da umeari “Hainbeste telebistarekin tontotu egingo zara ...”, “Adimena lehortu egingo zaizu”, “Horrela jarraituz gero, begiak karratu bihurtuko zaizkizu...” eta antzekoak esatea. Haurrari zoora joatea, edota berarekin margotzen aritzea proposatzen bazaio (edota bere gustoko jostailuarekin elkarrekin jolastea), nekez egongo da telebista–aparatuari konektatuta egun osoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia