}

Umami: unibertsoaren hedapena deskribatzeko eredu kosmologiko berria

2019/06/06 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

umami-unibertsoaren-hedapena-deskribatzeko-eredu-k
Unibertsoaren hedapena azaltzen duen eredu kosmologiko berria proposatu dute EHUko ikertzaileek. Arg. NASA, ESA eta Hubble Heritage Team

Unibertsoa gero eta azkarrago hedatuz doa, baina fisikarientzat zaila da horren azalpen teorikoa garatzea, ez baitakite hedatze hori zer abiaduran gertatzen ari den ere. EHUko Grabitazioa eta Kosmologia ikerketa-taldeak unibertsoaren hedapen hori azaldu nahi duen eredu fisiko-matematiko bat proposatu du oraingoan, beste ikertzaile batzuekin elkarlanean. Egileen arabera, bat datoz ereduak ematen dituen emaitzak eta datu astrofisiko errealak.

Ruth Lazkoz eta María Ortiz Baños ikertzaileak. Arg. EHU

Physics of the Dark Universe aldizkarian argitaratu dute lana. Chaplygin eredu deritzenen taldekoa da proposatutako eredu kosmologikoa. “Unibertsoko materia guztia, hau da, iluna eta barionikoa, eta energia iluna fluido bakar batean biltzen ditu ereduak”, azaldu du Ruth Lazkoz ikertzaileak EHUren prensa-oharrean. “Grabitazioak gorputzen arteko erakarpena eragin dezake, eta hala egiten dute bai materia ilunak bai ohiko materiak, baina, harrigarriki, aldarapena ere eragin dezake, energia ilunak egiten duen eran. Gure proposamenaren arabera, litekeena da fluidoaren egoera denborarekin aldatuz joatea, zehazki, materiaren eta energia ilunaren proportzioak aldatu direlako. Horrenbestez, hasieran erakarpenezko joera izango zatekeen nagusi, hau da, kolapsoa, eta, gerora, berriz, aldarapenerantz joko zukeen”.

Ereduaz, unibertsoaren hedatze-abiadura kalkulatu dute. Berez, bi ikerketa-talde handi lehian ari dira aspaldian balio hori definitzeko, eta elkarrengandik oso urrun dauden balioak eman dituzte. EHUko ikertzaileen balioa, ordea, bi horien erdibidean dago, “bien arteko adostasun-puntu batean”, ikertzaileen esanetan. Era guztietara, eredu sakontzen jarraitu beharra dagoela aitortu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia