Ukimen-sentsazioen eragin subliminala
2010/10/03 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hurrengo lan-elkarrizketa batean izan dezakezun arrakastak akaso ez du zerikusi handirik izango zure curriculumarekin! Baliteke, hain zuzen, curriculuma aurkezteko azken orduan hautatu duzun karpeta horren pisuak garrantzi handiagoa izatea zure elkarrizketarien erabakian. Norbaitek pentsa lezake karpetaren xehetasuna huskeria bat baino ez dela. Berriki egindako esperimentu batean, ordea, besterik ikusi dute ikertzaileek.
Harvardeko psikologoak, Massachusettsko Teknologia Institutukoak eta Yale Unibertsitatekoak elkarrekin aritu dira ukimen-sentsazioen mundua gertutik behatzen. Ondorioak Science aldizkariak plazaratu ditu.
Ikertzaileek azaldu dutenez, fisikoki sentitzen dugunak zuzenean eragin diezaieke zenbait pertsonak edo gertaerak gugan sortzen dituzten erreakzioei. Erreakzio horietako batzuk “erabat oharkabean” sortzen dira, gainera. “Ukimena da gizakiok lehenengo garatzen dugun zentzumena, amarekin kontaktuan gauden une beretik; eta, gerora ere, norbere balorazio edo epai sozialek oinarrian duten euskarria izaten jarrai dezake. Tamalez, portaeraren inguruko ikerlanetan, ukimena da gehien gutxiesten den zentzumena”.
Jakina da gauza berriak esploratzean begiek eginkizun benetan garrantzitsua jokatzen dutela. “Baina kontuan izan behar da gizakiak abstrakzio metaforiko bat egiten duela, eta lehenbizikoz sentitu duenarekin zuzenean erlazionatzen duela. Norbaiti musu bat edo bostekoa emateak eragin kritikoa izan dezake interakzio sozialetan. Alegia, zerbait lehenbizikoz arakatzean, guztiak eragiten du: ikusteak, ukitzeak, sentitzeak eta manipulatzeak. Elkarren osagarri dira”.
Adibideak
Hori guztia egiaztatzeko, esperimentu ezberdinak egin dituzte. Horietako batean, esaterako, objektu baten pisuaren efektua aztertu nahi izan dute; “pisua, metaforikoki, seriotasunarekin eta garrantziarekin erlazionatu ohi da”, diote ikerlariek.
Arestian aipatutako kasu hipotetikoa behatu dute. Boluntarioei enpresa baterako langileak hautatzeko eskatu zieten; hautagai batzuen curriculumak karpeta arinetan eman zizkieten eta, besteenak, berriz, astunagoetan. Karpeta pisutsuetako curriculumen ustezko jabeak “gaituenak” zirela esan zuten boluntarioek. Are gehiago, karpeta pisutsuetako materiala aztertu zutenek esan zuten beren epaile lana ere besteena baino garrantzitsuagoa izan zela.
Beste esperimentu batean, interakzio soziala azaltzen zen istorio bat entzunarazi zieten parte-hartzaileei, eta, jarraian, buru-hausgarri bateko pieza zakar edo leunak ordenatzeko agindu. Bada, pieza zakarrekin aritu zirenek joera handiagoa izan zuten istorioko interakzioa bera “deskoordinatua eta zakarra” zela esateko.
Hirugarren saio batean lortutako emaitzak ere esanguratsuak izan ziren, ikerlarien iritziz. Auto baten salneurriaren inguruan tratua egin behar zuten boluntarioek; horretarako, batzuk aulki bigunetan eserarazi zituzten, eta besteak, berriz, aulki gogorretan. Bada, azken multzo horretakoak askoz malgutasun gutxiagorekin jokatu zutela diote psikologoek.
Diotenez, “emaitzak harrigarriak dira, beren sinpletasunean”, eta ukimenak kognizioan duen garrantziaz jabetzeko balio lezakete. “Argi dugu ukimen-ingurunea kontrolpean izatea taktika eraginkorra izan litekeela, besteak beste, negoziatzaile, inkestagile eta saltzaileentzat edo lan bila dabiltzanentzat”.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia