}

Uda-udaberrirako moda: nanoteknologia

2006/04/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Teknologia berri guztiek sortzen digute irrika, eta, zalantzarik gabe, nanoteknologiak halako kilima batzuk sortzen dizkigu sabelean. Zer ekarriko ote du? Zer aurrerapen ikusiko ditugu eguneroko bizitzan? Kalterik eragin dezake? Galdera horiek ez dute erantzunik oraingoz. Baina, ezjakintasunak ezjakintasun, teknologia berriek hitz berriak ekartzen dizkigute hiztegira, eta modan jartzen ari da nano delakoa.
Zientzia-fikzioa izan zen garai batean, baina dagoeneko merkatuan daude nanoteknologiarekin garatutako produktuak.
MEC

Berez, nano neurria adierazteko erabiltzen den aurrizki bat baino ez da. Nanometro bat, adibidez, metro baten mila milioirena da. Buruko ile bat hamar bat mila nanometro lodi izaten da. Beraz, oso neurri txikia adierazten du, atomoen eta molekulen eskala da. Hala, nanoteknologia eskala horretan lan egiten duen teknologia da, berri samarra, eta, ondorioz, hastapenetan dagoela esan daiteke.

Horrelako hitz berriek erraz liluratzen gaituzte, eta, nolabait, nano aurrizki horrekin osatutako hitzak modan jartzea ez da harritzekoa izango.

Nanoproduktuen zerrenda

Merkatu-azterketa baten arabera, hainbat produkturen etiketan iragartzen da nanoteknologiari esker garatutako produktuak direla. Zerrenda bat egin dute produktu horiekin Woodrow Wilson erakundeko adituek, eta, guztira, berrehun eta hamabi produktu aurkitu dituzte merkatuan. Joan den urtean antzeko azterketa bat egin zuen beste erakunde batek, eta produktu-kopurua erdia-inguru zen. Beraz, argi dago nanoteknologiaren presentzia zabaltzen ari dela.

Kirolerako tresna eta arropa batzuen etiketetan ere aipatzen da dagoeneko nanoteknologia.
MEC

Nanoteknologiarekin lortutako produktu horietako asko informatikarekin lotutakoak dira: prozesagailuak, flash memoriak... Ez da harritzekoa; izan ere, nanoteknologiaren sorreratik argi ikusi zen ordenagailuen munduari bultzada emango ziola.

Etxetresna elektrikoak ere badira, hala nola, hozkailuak, arropa-garbigailuak, xurgagailuak eta airea girotzeko aparatuak. Eta kirolerako hainbat tresna eta osagarri ere bai: golfeko makilak, teniseko erraketak, bizikleta-osagarriak, arropak, oinetakoak...

Kosmetika ez da atzean geratu, eta nanoteknologiari esker garatutako produktuen zerrenda horretan hogeita hamaika edertzeko produktuak dira, hamar produktutik bat baino gehiago. Aurpegirako kremak, eguzkitik babesten dutenak, makillajea, ezpainetako margoak... eta baita elikaduraren osagarriak ere, besteak beste.

Egia esan, halako produktuetan lehen ere erabiltzen ziren nano eskalako partikulak, baina, marketinaren ikuspegitik, ezaugarri hori nabarmentzea komeni da orain, puntako produktu baten irudia ematen baitu.

Berriegia agian

Kezka ere sortu du, ordea, nanoteknologiak azken bolada honetan. Izan ere, hainbat jendek uste du kaltegarria izan daitekeela ingurumenerako zein osasunerako. Kontua da nanoteknologia oraindik ez dagoela araututa, eta, produktu horiek merkatuan daudenez, beharrezkoa da legedia lehenbailehen eguneratzea.

Edertzeko produktuetan modan jartzen ari da nano aurrizkia.
MEC

Nanoteknologiaren bitartez garatutako produktu horiei analisi toxikologiko zorrotzak egiten zaizkie, merkatura iristen diren gainerako guztiei bezalaxe, eta ez dirudi osasunerako kaltegarriak direnik, inondik inora ere. Kezka nagusia ingurumenari dagokio; izan ere, nanoteknologian sortzen diren partikulak oso txikiak dira eta oso erraz barreiatzen omen dira. Horrek zer eragin duen oraindik ez dakite; eta jakina da gauza ezezagunei errespetua izan behar zaiela.

7K-n argitaratua.