"Ubideetako heriotzak. Energia berdearen ondorio beltza" lanak irabazi du CAF-Elhuyar sarien XIII. edizioa
2007/03/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Migel Mari Elosegi Irurtia biologoa da, tolosarra, eta zentral hidroelektrikoetara ura garraiatzen duten ubideen inguruan idatzitako artikuluarengatik jaso du CAF-Elhuyar sarien XIII. edizioko lehen saria. Hain zuzen, zentral minihidroelektrikoen ondorio kaltegarrietako bat aztertu du artikuluan, oso ezaguna ez dena, gainera: zentraletara ura eramaten duten ubideetan itota hiltzen diren animaliak. Euskal Herrian horrelako ubideen ehunka kilometro ditugula gogorarazten du Elosegik bere lanean, eta ubide horietako hilkortasuna aztertzen du. Horretaz gain, arazoa konpontzeko irtenbideak ere proposatzen ditu.
Bigarren saria "Sexuen arteko lehia eta bisigua" izenburupean aurkeztutako lanak jaso du. Egilea Ibon Cancio Uriarte biologo bakiotarra da. Ibon Canciok hirugarren saria lortu zuen CAF-Elhuyar sarien aurreko edizioan. Egileak, Nemo arrain ezaguna abiapuntutzat hartuta, arrain hermafroditak ditu hizpide, aldi berean ar eta eme diren arrainak. Artikuluan nabarmentzen du hermafrodita izatea ez dela salbuespena arrainen munduan; alderantziz, arrain espezie askok dutela estrategia sexual hori, tartean euskaldunok horrenbeste preziatzen dugun bisiguak. Estrategia horretatik zer ikasi eta erabil dezakegun ere aztertu du Ibon Canciok.
Hirugarren saria Arantzazu Villanueva Larre telekomunikazio ingeniariak irabazi du, begiradari jarraitzeko teknologiei buruzko artikulu bati esker. "Zeri begira zaude? Begiei begira" da lanaren izenburua. Artikuluan begiradari jarraitzeko sistemen garapenaz hitz egiten du ingeniari iruindarrak, eta duela urte gutxi eskuraezinak ziruditen aplikazioez. Ustez etorkizun handia izango duten teknologia horien ibilbidearen errepasoa egin du, eta begiradari jarraitzeko sistemek nola funtzionatzen duten azaldu du.
Azkenik, 25 urtetik beherako gazteentzako sari berezia "Xafla iragazgaitza: bike berria" artikuluarentzat izan da. Lizartzako Goretti Goikoetxeaundia Garmendia kimikariak idatzi du artikulua. Egileak negutegietako plastikoak xafla iragazgaitzak egiteko erabili daitezkeen ikertu du Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikerketaren nondik norakoak jaso ditu artikuluan. Xafla iragazgaitzak asfalto-betunez eta polimeroz eginak daude, eta non-nahi erabiltzen dira eraikuntzan: igerilekuetan, tenis-pistetan, tuneletan, urtegi artifizialetan.... Bada, negutegietako plastikoak xafletako polimeroa izateko balio duten ikertu du Goikoetxeaundiak, eta emaitza baiezkoa izan da. Egilearen arabera, horrek irtenbide on bat eman liezaieke negutegietan urtean sortzen diren dozenaka mila tona plastiko-hondakinei.
Saritan guztira 2.100 € banatuko dira, eta, saridunetako bakoitzak Imanol Andonegiren eskultura bat jasoko du. Horretaz gain, artikulu irabazleak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira, sariketaren edizio honi buruzko dosier berezi batean.
Epaimahaia
Urtarrilaren 27an elkartu zen epaimahaia Elhuyar Fundazioaren egoitza nagusian, aurtengo lanen balorazioa egiteko eta sariak ebazteko. Epaimahaia osatu dutenek eskarmentu handia dute zientziaren hainbat alorretan; hauek dira, hain zuzen ere:
- Cristina Alberdi, Inasmet-eko marketin- eta komunikazio-arduraduna.
- Mikel Alvarez, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia.
- Koldo Nuñez, Geologian doktorea, IMHko ingeniaritza-eskolako zuzendaria eta zientzia-dibulgatzailea.
- Joseba Etxebarria, ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia