Txitoa arrautzetik atera nahian
1996/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegaztiaren arrautza kanpotik barrutik baino errazago hautsi omen daiteke. Baina ez pentsa horregatik, txitoari kanpora ateratzea neketsuago egiten zaionik, alderantziz baizik. Barneko azal sendoan txitoak indarra egitean, kanpoko oskola pitzatu egiten da eta berehala apurtzen da arrautza. Horretaz jabetu direnak Manchester eta Zeelanda Berriko ikertzaileak izan dira, zenbait froga egin ondoren.
Kanpoko azalaren erresistentzia neurtzeko, arrautza erdibitu eta erdi zapalari barrutik presioa eragin zioten. Barneko geruzaren sendotasuna neurtzeko aldiz, arrautza osoa kanpoko bi aldeetatik estutu zuten. Ondorioa, barneko azala kanpokoa baino %34 irmoagoa dela izan zen.
Agidanez, horren azalpena arrautza-oskolaren egitura mikroskopikoan egon daiteke. Ikertzaileen azterketen arabera, barne-geruza hexagono itxurako kaltzita-kristalez dago osatua eta kanpokoa berriz, material organikozko sare bat da. Dirudienez, kanpoko azal horrek ahultzen du arrautzaren egitura osoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia