}

Txitatze-garaiaren sinkronizazioa

2001/04/02 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hegaztien txitatze-garaiaren eta euren bazkaren arteko sinkronizazioaz ari gara.
Izan ere, txitak haztea neketsua da eta energia asko gastarazten die gurasoei. Beraz, oso garrantzi handikoa da garai hori bazka gehien dagoen garaiarekin egoki sinkronizatzea. Bazkaren eskuragarritasuna aldatzen bada, txitaldia zapuzteko arriskuan gera daitezke hegaztiak (baita beste edozein animalia ere, noski).

Jaques Blondel ekologoa amilotx urdinaren txitatzeari buruzko datuak biltzen ibili da 1970eko hamarkadaz geroztik. Datuak Korsikan eta Montpellier-en bildu ditu. Korsikan artadietan txitatzen dute amilotx urdinek eta Montpellierren harizti batean. Hala ere, Montpellierren badago artadi batean txitatzen duen amilotx urdinen taldea eta horiek dira sinkronizazioaren garrantzia agerian jarri dutenak. Izan ere, Korsikako amilotxek ekaina inguruan txitatzen dute, arteek hosto berri eta samurrak dituztenean. Kontuan izan, hosto berri gehien dagoenean izaten dela har--kantitate gehien eta harrak direla amilotx urdinen elikagai nagusia. Montpellier inguruan, ordea, hariztiak dira nagusi eta horietan txitatzen dute amilotx gehienek. Hariztiak maiatzean hostatzen direnez, Montpellierko amilotxek hiru aste lehenago txitatzen dute. Baita Montpellierko artadian txitatzen duten amilotxek ere. Hori bai, azken horiek Korsikakoek baino bi bider energia gehiago erabiltzen dute isotopoen bidez egindako ikerketen bidez ikusi dutenaren arabera. Azken finean, Montpellierko artadiak ere ekainean hostatzen dira eta horrek txitatze--garaiaren eta hostoei lotutako harren eskuragarritasunaren arteko sinkronia--eza dakar. Eta asinkronia hori izango litzateke energia gehiago gastatzearen arrazoia, hosto berririk ezean jateko gutxiago dute eta. Beraz, nabarmena da gauzak ondo sinkronizatzearen garrantzia.

Hala ere, naturan beharrezkoa da populazioaren talde txikiek sinkronia ez hori izatea, horrela inoiz hostatze-garaian aldaketarik balego (adibidez, urteren bat edo batzuk ohiz kanpokoak izan direlako edo klima aldatzen delako), horri aurre egingo lioketen hegaztiak egongo liratekeelako. Sinkronia erabatekoa balitz eta inguruko baldintzak aldatuko balira, amilotx urdinak desagertu egingo lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia