Inperioak erori egiten dira, eta erori ahala, inperio berriak sortzen dira. Betiko istorioa.
The New York Times egunkari ospetsuak titular deigarri bat argitaratu du udazken honetan: China is the engine, driving Nations away from fossil fuels. Alegia, Txina da erregai fosiletatik ihes egiteko bidean gidari, benetako motorra. Haren ustez, energiaren esparruan aldaketa lideratzen ari den herrialdea Txina da une honetan. Asko dira ideia horrekin ados dauden ahotsak, AEBn bertan… Ez da kanpotik datorkien ideia bat.
Eta ideia horren oinarrian ez dago Trump administrazioak azken urteotan eragin duen anabasa. Horrek ere ez du laguntzen, noski, baina legealdi batetik bestera agintariak aldatzen dira eta orokorrean efektua ez da aldatzen. Arrazoia sakonagoa da. Sinplekerietan erorita, esan daiteke berdin duela zer nolako gobernua duten AEBn. Edozein modutan, txinatarrak ari dira munduaren aldaketa eragiten energia-mailan.
Erreportajea irakurtzean, pil-pilean dagoen liburu bat etorri zitzaidan burura: Breakneck, Dan Wang-ek idatzia. Txina eta AEB konparatzen ditu. Haien gizarteak, bai eta haien ekimenaren filosofiak ere. Idazlea Txinan jaioa da, baina haur txikia zelarik familiarekin Kanadara joan zen bizitzera, eta gerora AEBn bizi izan da, eta baita berriz Txinara itzuli ere. Denbora bera eman du Estatu Batuetan eta Txinan, eta konparaketa egin du bertatik bertara.
Txina handia da. Estatu Batuak ere bai. Handiak, ez bakarrik azaleran, baita jende kopuruan eta dirutan ere. Biak dira gaur egungo munduan lider ekonomikoak eta aldaketen sustatzaileak. Onerako eta kalterako. Teknologikoki, ingurumenari dagokionez, ikerketan eta sozialki, denon begiradan daude.
Bere hitzetan, oso antzekoak dira estatubatuarrak eta txinatarrak. Bien funtzionatzeko modua oso praktikoa da. Dirua inbertitzen dute inbertitu behar denean. Eta jendearen pentsaera ere antzekoa da. Baina alde nabarmen bat dago bien artean proiektu berriak gauzatzeko garaian.
Wang-en tesia esaldi batean laburbiltzen da: abokatuek gidatzen dituzte AEBak, eta ingeniariek gidatzen dute Txina. Estatu Batuetan, agintari zein herritarren artean, abokatu asko izateko joera dago. Txinan aldiz, ingeniaritzaren kultura dago zabalduta denetan. Ideia eztabaidagarria da, baina gogoeta egiteko abiapuntu interesgarria dirudi.
Ingeniaritzako kontu askotan eta, besteak beste, ingurumenaren aldeko proiektu askotan nabari da. Adibide bat da elektrifikazioa. Dena elektrifikatu nahi dugu, eta beraz, bateriek hartuko dute garrantzi handia. Arazoa da litioz egiten direla, eta litioa urria dela munduan, eta arazo geopolitikoak sortuko lituzkeela litioen iturrien kontrolak. Irtenbide bat da litioaren ordez sodioa erabiltzea. Ez da hain eraginkorra, baina erabili daiteke, eta sodioa herrialde gehienek izango lukete, itsasotik erauzteko metodo ona garatzen bada. Bada, arlo horretan, Txina aurretik doa. Europan eta AEBn ikerketa-mailan badago ere, Txinak sodiozko bateriekin funtzionatzen duten ibilgailua ditu kalean jadanik.
Adibide bat besterik ez da, baina horrelakoei esker, AEBn aurrean, eta agian baita Europaren aurrean ere, Txina ari da deskarbonizazioa lideratzen.
Txinaren lidergoa oso argia da maila askotan, eta mendebaldean eztabaidan gaude zergatik ari den hori gertatzen. Nolanahi ere, gaurko errealitatea da Txina bultzaka ari dela, baita deskarbonizazioaren arloan, eta AEB eta Europa ez direla lehiakideak haientzat.
Nolanahi ere, esanguratsua da ez Txinak ezta AEBk ere, ez dutela ordezkaririk bidali Brasilen ospatzen ari den COP30 Nazio Batuen klimaren goi-bileraren hasierara. Eta jarraitzen dute izaten planetako kutsatzailerik handienak.
Guillermo Roa Zubia
Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea