Tximistek erreakzio nuklear atmosferikoak eragiten dituztela baieztatu dute, Nature aldizkarian argitaratu berri duten lan batean. Eta erreakzio horietan isotopo erradioaktiboak sortzen dira.
Teorikoki proposatuta zegoen tximistetan sortzen diren gamma-izpiek erreakzio nuklearrak eragin ditzaketela. Baina, orain arte ezin izan da baieztatu teoria hori. Bada, ikertzaile japoniar batzuek frogatu dute teoria zuzena zela. Otsailaren 6an Japonian izandako ekaitz batean, lau erradiazio-detektagailuren bidez neutroiak eta positroiak detektatu zituzten. Hala, jasotako datuetatik ondorioztatu ahal izan dute tximistetan sortutako gama-izpiek atmosferako partikulen nukleoekin talka egitean, erreakzio nuklearrak gertatu zirela. Erreakzio horietan neutroiak eta isotopo erradioaktibo ezegonkorrak sortu ziren; eta azken horiek desintegratzean, positroiak.
Gainera, ikertzaileek iradoki dute, aurkikuntza honen arabera, tximistak isotopo erradioaktiboen bigarren iturri naturala liratekeela (izpi kosmikoak dira lehena). Tximistetan sortzen diren isotopo erradioaktiboen artean daude 13C, 14C eta 15N, adibidez.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.