
Eredu matematikoetan oinarrituta, tximistek elkarren artean nolabaiteko konexioa dutela ikusi dute Israelgo Unibertsitate Irekian. Hain zuzen ere, sareen teoria erabili dute, gizabanakoen arteko harremanak aztertzeko erabili ohi den matematikaren alorra.
Ikerketa horren arabera, tximistagune nagusi batzuk daude; gune horiek aktibo daudenean, beste gune batzuk ere aktibatzen dira (edo aktibatu dira aurretik). Beraz, nolabaiteko harremana dute elkarrekin.
Espaziotik jasotako irudiak erabili dituzte ikerketa egiteko, Columbia zundak jaso zituen irudiak, hain zuzen ere. Izan ere, espaziotik Lurrari begiratuta, hainbat astronautari iruditu izan zaie tximistek elkarri eragiten zietela, nahiz eta tartean kilometro asko egon.
Orain ikusteko dago tximisten arteko lotura hori fisikoki nola gertatzen den: batzuek uste dute gakoa tximistak askatzen dituen elektroietan dagoela, beste batzuek uhin elektromagnetikoetan... Ikusten den bezala, badago zer ikertua.
Argazkia: NASA.
Nagore Rementeria Argote
  Elhuyar Zientzia
  
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.
        
                     
                  







