Tximeleta hibridoa

Heliconius heurippa Kolonbiako tximeleta endemiko bat da. Goiko argazkian ikusten den bezala, hegoetan bi koloretako arrastoak ditu: gorriak eta horixkak. Beheko argazkietakoak, berriz, genero bereko Heliconius cydno (arrasto horixkaduna) eta Heliconius melpomene (arrasto gorriduna) dira.

Horrela ikusita, H. heurippa beheko bien konbinazio bat dela dirudi, ezta? Bada, hain zuzen ere, hala omen da. H. heurippa beste bi tximeleten hibrido bat da, Panamako ikertzaile batzuek frogatu dutenez.

Frogapena egiteko, elkarrekin hazi zituzten H. cydno eta H. melpomene espezieak laborategian, eta, hiru belaunaldiren ondoren, H. heurippa-ren oso antzeko tximeletak jaio ziren. Tximeleta horiek genetikoki konparatu zituzten H. heurippa-rekin, eta berdinak omen ziren, neurri handi batean. Guztiz ziur egoteko proba gehiago egin beharko dituzte, baina, oraingoz, behinik behin, ia segurua da H. heurippa hibridazioz sortutako espeziea dela.

Hibridazioren ondorioz ditu espezie horrek hegoetako bi arrastoak. Eta ez da kontu hutsala; izan ere, hegoetako ereduak berebiziko garrantzia du tximeletetan. Besteak beste, ugalkidea aukeratzeko eredu horri erreparatzen diote. Laborategian hazi dituzten hibridoek, aukeran, nahiago zituzten kide berekoak. Eta hori ezinbestekoa izan bide zen naturan H. heurippa espeziea sortu zenean.

Argazkia: M. Linares.

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali