}

Txibia erraldoiak Txileko kostaldean

2004/03/26 Elhuyar Zientzia

Txileren hegoaldeko kostaldeak txibia erraldoiez beteta agertu dira azken asteetan.

Txileren hegoaldeko kostaldeak txibia erraldoiez beteta agertu dira azken asteetan. Animalia horiek ozeano irekian bizi dira normalean, eta gauez azaleratzen dira arrain txikiak jateko. Orain arte aurkitu dituztenak 70-150 zentimetro luze dira.

Envisat satelitearen laguntzaz aztertu dute gertaera hori, eta, ikusi dutenez, agerpena lotuta dago kostaldetik kanpoko ur-masaren aldaketekin. Inguru hartan ohikoa da mantenugaien azaleratzea. Elikagaitan aberats diren sakoneko ur hotzak gora joaten dira haizeak azaleko ur epelak baztertzen dituenean, eta, ondorioz, arrantzagune aberatsak sortzen dira. Azken asteetan, ordea, ez da horrelakorik gertatu, eta horrek inguru batzuetako uraren tenperatura altuagoa izatea eragin du. Hain zuzen, gazitasun- eta tenperatura-gradiente handiak erakarri ditu txibiak, kondizio horietan aurkitzen baitute elikagaia.

Bat-bateko inbasio horrek kezka eragin du inguru hartako arrantzaleen artean. Txibia erraldoiak interes komertziala duten arrainekin elikatzen direnez, harrapakinak arriskuan jar ditzaketela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia