}

Txerto antzeko bat garuneko tumore bat tratatzeko

2009/12/27 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Txertoak gure immunitate-sistema lanean jartzeko sistema bat dira. Normalean, immunitate-sistemak birus jakin batzuen kontrako erantzuna prestatzea izaten da helburua. Nafarroako Unibertsitatea Klinikan, ordea, garuneko tumore baten kontra jarri nahi dute lanean immunitate-sistema. Entsegu kliniko bat prestatu dute txerto berezi horren eragina neurtzeko.
Normalean, immunitate-sistemak birus jakin batzuen kontrako erantzuna prestatzea izaten da txertoen helburua (Argazkia: El Alvi).

Ohiko txertoetan, eraldatutako birus bat sartzen digute gorputzean, benetakoaren itxura bera duena baina, berez, kalterik egingo ez diguna, gorputzak kontra egiteko babes-sistemak presta ditzan. Hala, inoiz benetako birusa sartuko balitz, kalte egin aurretik eraso egingo lioke gorputzak.

Horren guztiaren atzean dagoen mekanismoa da gure organismoa gai dela gorputz arrotzak ezagutzeko. Birusak, noski, kanpotik sartutako gorputzak dira. Tumore-zelulak, aldiz, ez; berez, berdinak dira tumoreetako eta gure organismoko gainerako zelulak. Baina, tumore-zelula bihurtzeko, aldaketa jakin batzuk jasaten dituzte zelula arruntek. Besteak beste, zelulen kanpoaldeko osagai batzuk aldatzen dira; hau da, zelulen kanpoko itxura aldatu egiten da. Horregatik, immunitate-sistemak arrotz gisa identifika ditzake, eta haien kontrako erantzuna presta dezake.

Nafarroa Unibertsitatea Klinikako espezialista bat paziente bati garuneko tumorea erauzten (Argazkia: Nafarroako Unibertsitatea Klinika).

Tratamendua, txertoa baino gehiago

Terapia berria ez da txertoa bakarrik izango. Tumoreak tratatzeko ohiko bideekin konbinatuko dute txertoa Nafarroako Unibertsitatea Klinikan. Beraz, hainbat minbizi tratatzen direnean bezala, tumorea kirurgia bidez erauziko diete gaixoei, eta, ondoren, erradioterapia-saioak eta kimioterapia-saioak emango dizkiete. Horiek guztiak egindakoan emango diete txertoa.

Klinikako espezialistek azaldu dutenez, oso garrantzitsua da prozesu guztia egitea, immunitate-sistemak muga bat baitu, hau da, gorputzean tumore-zelula gutxi daudenean bakarrik baita eraginkorra. Tumorea handia denean, zelula arrotzak asko dira, eta organismoa ez da gai guztien kontra egiteko.

Gainera, oso baliagarria zaie tumorea erauztea. Izan ere, erauzitako tumore-zatiko zelulak erabiltzen dituzte txertoak prestatzeko, eta, horregatik, komeni zaie ahalik eta tumore-zelula gehien erauztea.

Zelula horietatik, kanpoaldeko proteina batzuk baino ez dituzte erabiltzen txertoa egiteko; zehazki, gorputzaren zelula osasuntsuekiko desberdin egiten dituzten osagaiak. Immunitate-sistema zelulen kanpoko itxuran oinarritzen da jakiteko zelula jakin bat arrotza den edo ez, eta kanpoaldeko proteinak aztertzen ditu horretarako.

Beraz, proteina zehatz horiek hartzen dituzte, eta pazienteen odoleko immunitate-sistemako zelulekin konbinatzen dituzte. Horrela lortzen dute immunitate-sistemako zelulak aktibatzea, eta kanpoaldean proteina horiek dituzten gorputzen kontrako erantzuna prestatzea.

Entseguan neurrira egindako txertoak erabiliko dituzte: paziente bakoitzarena egiteko paziente jakin horren gorputzetik hartu dituzte osagaiak (Argazkia: ChrisGladis).

Paziente bakoitzari berea

Ikus daitekeen bezala, neurrira egindako txertoak dira entseguan erabiliko dituzten horiek. Hain zuzen, paziente bakoitzarentzako txertoak sortzeko, paziente jakin horren gorputzetik hartzen dituzte beharrezko osagaiak, bai immunitate-sistemako zelulak, bai tumore-zelulak (tumoretik beretik lortutakoak eta prozesatutakoak). Txerto bakoitza egiteko, paziente jakin baten tumorea eta odola erabiltzen dituzte. Guztiz neurrira egindako txertoak izango dira.

Entsegua arrakastatsua izatea espero dute espezialistek, aurretik ere erabili baitute beste tumoreren bat tratatzeko, eta emaitza onak lortu baitzituzten orduan. Entseguak arrakasta badu, jende gehiagorekin erabiltzen hasi ahal izango dira. Baina emaitzak lortzeko itxaron beharko dute. Oraingoz, 37 lagunekin egingo dute proba.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia