Xabier Arregi Iparragirre,

None

Txaten euskara, euskara txatartua


“Euskaraz ere egiten dute eta! Txukun antzean gainera” genioen txatgpt horiek denak ezagutu genituenean. Mendebaldekoek ez ezik, txinatarrek ere erakutsi zioten euskaraz beren DeepSeek balea urdinari. Hori ere ikusi genuen.

Geroztik, hankak lurrean eta begiak zorrotz, harriduraz haragoko iritziak ugaritu dira. Ja ez dago onarpen doakorik; orain iritzi kritikoagoen sasoia da.

Eta, hala, euskararen arloko iritzi kualifikatu zenbaitek auzitan jarri dute adimen artifizial sortzaileak ekarri dituen tresna horien gaitasuna. Kazetaritzaren esparrutik etorri zaizkigu berriki ikuspegi kritikoak. Adibidez, Irene Arraratsek esana da: “Ez dut uste adimen artifizialak idazten duenik… Berak dauzkan datuekin konbinazioak egiten ditu, konbinaziorik probableenak egiten ditu, eta eskatutako parametroen arabera osatu testuak, irudiak edo dena delakoa. Baina hori pentsatzea al da? Hori idaztea al da? Ez dut uste.” Adimen artifizialaren ahalak eta mugak non dauden albo batera utzita (luzeago joko luke kontu horrek), sortzen den euskararen kalitateak eta bizitasunak ematen du zer pentsa.

Egiatan, euskara lauan eta zozoan harrapatuta gaudeneko kezka solaskide konputazionalekin hasi aurretik dator. Ez da oraingoa. Aspalditik ari gara esaten ingurune soziolinguistiko egokiaren bultzadarik gabe oso mugatuak direla hiztunon bitartekoak euskarari grazia eta txinparta eransteko. Ezin zaie tresna konputazionalei bakarrik egotzi sortzen dugun euskararen kamustasuna.

Baina, hori horrela izanda ere, aurrerantzean euskara estandarra euskara txatartua izango den beldurra aintzat hartzekoa da. Eta nolakoa dugu euskara txatar hori? Tira, txat bat eta bakarra ez dagoenez, ez dago hizkera bat eta bakarra. Gainera, zer eta nola eskatzen zaien, badakite moldatzen ere. Halaz guztiz, ezaugarri komun batzuk antzematen dira: hizkera goraturako joera, batzuetan naturaltasun gutxikoa, egitura linguistikoen errepikatzea, asmakizunak eta akatsak ere bai tarteka… Hizkuntza-ereduen oinarri eleaniztuna izan daiteke ezaugarri horiek orokortzeko joeraren erantzuleetako bat.

Bada, hortaz, zer hobetua. Eta bada hobetzeko beharra ere, gero eta gehiago idazten baita tresna horien laguntzaz. Egin diren azterketek diotenez, 2025ean online argitaratu diren testuen % 50etik gora dira adimen artifizialeko tresnaren batek osorik, edo partzialki, sortuak. Horrek esan nahi du sorkuntza zirkularraren paradigma indartzen ari dela. Adimen artifizialak testuak sortu, eta testu horiek berak bihur daitezke sistema horien lehengai.

Jardunbide horrek, bistan da, eragin uniformizatzailea du, eta hizkuntzaren pobretzea ekar lezake. Hori eragozteko, testuen kalitateak eta aniztasunak garrantzi handia hartzen dute, eta zaindu beharrekoak dira. Baina nola zaindu?

Errezeta bakarra bururatzen zaigu: tresna sortzaileen esku ez uztea azken testua, geure egile-senari eustea, eta jarrera aktiboz aritzea testu-sorkuntzan, nahiz prozesu horretan, zergatik ez, tresna lagungarriren bat erabili komeni zaigunean. Laguntzaileak tresnak izan bitez, ez gu. Gu, egileak.

Xabier Arregi Iparragirre,

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali