
Emakumeek gizonek baino gehiagotan izaten dute txantxarra, ehiztari-biltzaile izateari utzi eta nekazari bihurtu ginenetik. Jakina, elikatzeko modua aldatzeak eragin zuen hori, hein handi batean. Dena den, nekazari bihurtzeak eragindako ugalkortasun handiagoak ere badu zerikusia, Oregon Unibertsitatean egindako ikerketa batean ondorioztatu berri dutenez. Azaldu dutenez, haurdunaldian gertatzen diren aldaketa fisiologikoek (emakumeen sexu-hormonak ugaritzeak, listu gutxiago ekoizteak -listuak mikrobioen kontrako propietateak baititu-, eta energiatan aberatsak diren jaki gozoak jateko apeta handiagoa izateak) erraztu egiten dute txantxarra eratzea.
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.