}

Txantxarra, haurdunaldien eskutik

2008/11/18 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Esaera zahar batek dio haur bakoitzeko hortz bat galtzen dutela emakumeek, eta badirudi ez direla hitz hutsak esaera horrek esaten dituenak. Tira, galdu, agian, ez dituzte galduko, baina egia da emakumeek gizonek baino txantxar gehiago izaten dituztela. Dirudienez, nekazari bihurtutakoan haur gehiago izaten hasteak eragin zuen hori. Hori ondorioztatu du Oregon Unibertsitateko John Lukacs antropologoak.
Haur gehiago izaten hasteak eragin zuen emakumeek gizonek baino txantxar gehiago izatea.

Betidanik uste izan dute adituek gure hortzen osasuna kaskartzen hasi zela elikatzeko modua aldatu genuenean. Ehiztari-biltzaile izateari utzi eta nekazari bihurtu ginenean elikadura-ohiturak aldatu genituen. Gu geu elikagaiak ekoizteko gai izateak gure elikadura pobretu zuen, oso espezie gutxi hazten genituelako, eta gutxi horiek gure dietaren zati handi bat betetzen zutelako. Elikagaiok zerealak ziren batik bat —hala nola garia eta artoa—, eta denok dakigu zerealak oso aberatsak dira azukretan (almidoitan, hain zuzen ere). Dietan azukreak gehitzeak areagotu egiten du, oro har, hortzak txantxartzea.

Nekazaritzan hastearekin batera, gainera, lanak sexuaren arabera banatu genituen, eta banaketa horretan, emakumeei egokitu zitzaien janari artean denbora gehiago ematea... eta mokadutxo bat jatearen tentaldiaren aurrean egotea. Horregatik dute emakumeek, aditu gehienen ustez, gizonek baino txantxar gehiago.

Elikadura baino zerbait gehiago
147 hortz-bilduma aztertu zituen John Lukacsek gizon eta emakumeen hortz-osasunari jarraitzeko. (Argazkia: EIA-Jordi Maestre )

Nekazari bihurtzeak izan zuen beste ondorio bat izan zen batetik bestera mugitzeari utzi geniola. Horrek posible egin zuen emakumeek seme-alaba gehiago izatea, batetik, ez zutelako haurrekin aurrera eta atzera ibili beharrik izan, eta bestetik, elikagai gehiago eskuragarri izatean errazago zelako umeok aurrera ateratzea.

Oregon Unibertsitateko antropologoak susmoa zuen nekazaritzan hastearekin batera emakumeak haur gehiago izaten hasteak ez ote zuen nolabaiteko eraginik izango haien hortz-osasunean.

Bada, bere susmoak inolako funtsik ote zuen ikusteko, 147 hortz-bilduma (milaka hortz denera) aztertu zituen, orain dela 12.000 urteko populazioetatik hasi eta orain dela 800 urteko populazioetaraino. Orain dela 8.000 urte inguru hasi ginenez nekazaritzarekin, ikusi ahal izan zuen zein zen hortzen osasun-egoera bai nekazari bihurtu aurretik bai ondoren.

Eta, esandakoa, berretsi egin zuen emakumeek aldiro-aldiro hortz-arazo gehiago dituztela nekazaritza-gizarteak sortu zirenetik. Hiru arrazoi aipatu zituen elikatzeko ohitura hutsetatik harago. Lehena, emakumeek elikagai gozoak, energiatan aberatsak direnak, jateko apeta izaten dutela haurdunaldian.

Ondu gabe daudenean biltzen dituztelako elikagaiak askotan fruituen eta barazkien industrian. (Argazkia: Morguefile )

Bigarren arrazoia listuarekin lotu zuen Lukacsek. Emakumeek gizonek baino listu gutxiago ekoizten dute, eta horrek eragiten du elikagai-hondakinak kanporatzeko zailtasun handiagoa izatea. Hori gutxi balitz, gainera, haurdunaldian zehar aldatu egiten da listuaren osaera kimikoa, eta, besteak beste, txikitu egiten da listuaren mikrobioen kontrako eragina.

Hirugarren arrazoi gisa esan zuen haurdunaldian kantitate handitan egon ohi dela estrogenoa, eta estrogenoa hainbat faktore fisiologikorekin lotuta dagoela, hala nola txantxarra eratzearekin. Bada, haurdunaldiek gora egin bazuten, txantxar-kopuruak ere gora egin ahal izan zuen horren ondorioz.

Lukacsek ez daki zer neurritan eragiten duen aipatutako faktore bakoitzak emakumeek gizonek baino txantxar gehiago izateko arriskuan. Baina bere ustez, argi dago ez dela kulturarekin, hau da, elikatzeko ohiturekin, bakarrik lotuta dagoen gauza bat, hainbat talde etnikotako, kulturatako eta ohituratako populazioetan behatu baitu joera orokor hori.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia