Tunguskako "berri" berriak
1993/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
“ELHUYAR. Zientzia eta Teknika” aldizkariaren azken abenduko eta urtarrileko aleetan gure kolaboratzaile nekaezina den Alfontso Martinez Lizarduikoak “Tunguskako kataklismoaren enigma itzela” izenburuko bi artikulu eman dizkigu (Ikus “ELHUYAR. Zientzia eta Teknika” 66. eta 67. zenbakietan). Artikuluen gaia mende honetako gertakari natural harrigarrienetako bat da; Tunguskan 1908an gertatu zena, hain zuzen.
Nature aldizkari famatuaren 93ko urtarrilaren 7ko alean, gertakari honi buruzko azken ikerketaren berri eman da. Lan horren egilea NASA-ko Goddard Space Flight Center-eko Christopher Chyba da, Paul Thomas eta Kevin Zahnle laguntzaile dituelarik.
Alfontso Martinezek bere artikuluetan ederki azaldu zigunez, Tunguskako kataklismoa argitzeko egin diren saioek hipotesi desberdinak plazaratu dituzte. Antimateria, zulo beltz txikiak, OHEak (Objektu Hegalari Ezezagunak), meteoritoak, etab... dira hipotesi horietan gertakariaren kausa moduan erabili direnak.
Argitaratu berri den lanaren arabera, erabili diren hipotesi bitxiek ez dute lekurik. Chyba-k askoz ere arruntagoa den fenomeno baten aldeko argudioak ematen ditu: asteroide batek Lurraren atmosferara sartzean sortuko lukeenaren ondorio omen da Tunguskakoa. Horrenbestez ez dago berrikuntza handirik; atmosferan barrena etorritako meteoritoaren hipotesia behin baino gehiagotan agertu baita.
Baina hipotesi hauek onartzeko arazo bat zegoen: talkaren lekuan ez dago krater handirik. Badira krater txiki batzuk inguruan, baina tamaina horretako hondamendirik sor zezakeen meteorito bati legokiokeena ez dago. Horregatik, hipotesi hau defendatu dutenek dentsitate txikiko meteorito bat edo kometa bat izan zitekeela plazaratu izan dute. Honela esplika zitekeen lurrazalean talkarik egin gabe atmosferan lehertu izana.
Chyba eta laguntzaileek 30 m diametroko harrizko asteroidea proposatu dute hondamendiaren eragiletzat. Tunguskakoa azaltzeko lurrazaletik 10 km-ra lehertu eta 10 eta 20 megatoi arteko bonba baten energia aska dezakeen fenomenoa beharko litzateke. Kometa edo dentsitate txikiko meteoritoak (karbonozko asteroideak) altuera handiagoan lehertuko lirateke. Burdinazko meteoritoak aldiz, lurrazaleraino heldu eta talka egingo luke.
Baina ikerketa honen ekarpen nagusia ez da objektuaren izaera bera (hori ere bai noski, ondorengoak baldintzatzen baititu), baizik eta objektu horren zatikatze eta sakabanaketa azaltzeko proposatu duten indar aerodinamikoen efektua. Hipotesi honek meteorito arrunt baten eragina planteatzen duenez, onargarriagoa dirudi zientzilarientzat.
Bestalde, Lurraren atmosferan meteoritoak zatikatzearen fisika Artizarreko kraterren eragile diren talken fisikaren parekoa denez, bide honetan ikerketa gehiago egitea espero dute, eta horrela, Tunguskako enigmaren inguruan geratzen diren itzalak argituz joatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia