}

Tumoreen aurkako nanopartikulak

2002/06/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Minbizia tratatzeko metodologiak gero eta harrigarriagoak dira. Azkenaldian, tumoreen hazkuntza eteteko sistema bitxien berri izan dugu. Horietako bat tumoreak behar dituen odol-hodiei eraso egitea da. Hazten den heinean, odol-hodi berriak sortu behar ditu tumoreak, eta, beraz, zientzialariek hodi horien sintesia eragoztea proposatu dute. Medikuntzan, horri angiogenesia deritzo. Baina, orain arte, hori egiteko metodoek ez dute erabateko arrakasta izan.

Orain, Kaliforniako talde batek nanopartikuletan oinarritutako metodo baten berri eman du Science aldizkariaren martxoaren 22ko alean. Nanopartikula horiek apoptosia (zelulen suizidioa) eragiten duen gene mutatu bat dute itsatsita. Nanopartikulak tumorean injektatuta, odol-hodien zelulak hil egiten dira eta tumoreak ezin du aurrera egin. Geneari Raf-1 deritzo, baina ez da partikulek garraiatzen duten molekula bakarra.

Beste osagai batzuk erabilita, nanopartikulak hazten ari diren odol-hodi berriak ezagutzeko gauza dira. Hodi horien zeluletako mintzetan dauden proteina berezi batzuk ezagutzen dituzte. Proteina horiek, integrinek, zelula barrura barnera dezakete mutatutako genea, apoptosiaren mekanismoa martxan jartzeko. Teorian landutako estrategia hori praktikan ere jarri dute saguekin zientzialariek.

Tumore handiak eragin dizkiete saguei; esan dutenaren arabera, 80 kiloko pertsona bati bi kiloko tumorea eragitea bezalakoak ziren. Estrategia horren bidez, sei eguneko tratamenduen bitartez, tumoreak desegitea lortu dute. Gainera, metastasiak garatu zituzten saguen tumore guzti-guztiak desegin dituzte metodologia horren bitartez.

Teknika harrigarri berri bat dago martxan, beraz, gene mutatuak garraiatzen dituzten nanopartikulak erabiltzen dituena, hain zuzen. Odol-hodien zeluletako apoptosia eragitea izan daiteke gakoa, ikerketa horren arabera. Saguetan arrakastaz lortu dena, ordea, gizakietara iristerako oraindik ibilbide luzea dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia