}

Tratamendu eraginkorra C hepatitisarentzat

2001/10/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Alemaniako ikertzaileek aurkeztutako tratamenduaren eraginkortasuna ia % 100ekoa da, baina hepatitisa akutua denean bakarrik balio du.

C hepatitisa gaitz larria da, kroniko bihurtzen denean batez ere. Epe luzera zirrosia eta gibeleko minbizia eragin dezake, eta kasu batzuetan baita heriotza ere. Munduan 170 milioi pertsona daude kutsatuta, nahiz eta kasuak murriztu egin diren 90eko hamarkadan odol-transfusioen kontrola zorroztu zenetik. Izan ere, C hepatitisaren birusa odolaren bidez transmititzen da.

C hepatisaren birusa

Gaitza goiz detektatzea funtsezkoa da C hepatitisa kroniko bihur ez dadin, baina hori ez da erraza izaten. Gaixotasunaren sintomak gripearen oso antzekoak dira eta, askotan, kutsatu eta handik hilabete edo urte batzuetara egiten da diagnostikoa. Ohiko tratamendua alfa interferona eta ribabirina ematea da, baina gaixoen erdiak besterik ez dira sendatzen.

Alemaniako ikertzaileek hepatitisa goiz diagnostikatu zitzaien 44 gaixokin egin dute ikerketa. Batez beste, kutsatu eta 89 egunera hasi zuten tratamendua. 4 astez egunero alfa interferona injekzioa eman zitzaien eta, beste 20 astez, astean hirutan. Albo-ondorioak zirela eta, gaixoetako batek bertan behera utzi zuen tratamendua, baina beste 43etatik 42 sendatu egin ziren. Tratamendua hasi eta 3,2 astera, serumeko birus-maila detekzio-ataritik behera zegoen.

Tratamenduaren eraginkortasuna % 100ekoa da ia, baina, hori bai, C hepatitisa goiz detektatzen denean bakarrik balio du, kroniko bihurtu baino lehen. Ikerketaren egile Michael P. Manns-ek dioenez, "ikerketa honen bidez, baliteke jendea C hepatitisa goiz diagnostikatzearen garrantziaz jabetzea".

I nformazio osagarria:
New England Journal of Medicine

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia