Trafikoa lurpetik
2005/01/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Metropolitan railway izenarekin bataiatu zuten munduko lur azpiko lehen tren-zerbitzua Londresen, 1863ko urtarrilaren 9an. Metroaren jaiotza izan zen hura. Sasoi hartan Londres munduko hiririk handiena zen, bi milioi biztanle baino gehiago zituen, eta asko ari zen hedatzen. Ez da harritzekoa, Londresko portua orduko garrantzitsuena baitzen. Egunero-egunero, merkantziaz betetako era guztietako itsasontziak sartu eta irteten ziren hango nasetatik.
Jakina, portuko mugimenduak hirian ere bazuen isla, hiriko kaleak porturako joan-etorriak egin behar izaten zituzten ibilgailuz eta jendez betetzen baitziren. Ez hori bakarrik. Hiri aberatsa eta industriala izanik, hiri barruko mugimendua handia zen; eta hirira uhartearen barrualdetik iristen zen jende- eta ibilgailu-kopurua ere ez zen txikia. Nahasmen horretan, trafiko-arazoak eguneroko bilakatu ziren. Metroa sortzea agintariek aukeratu zuten irtenbidea izan zen.
Erabakia iraultzailea izan zen, baina metroari majo kostatu zitzaion trafiko-arazoetarako benetako irtenbide bihurtzea. Izan ere, trenen trakziorako lurrun-makinak erabiltzen hasi ziren. Lurpean ibiltzea bera nahikoa ez, eta mugitzeko ke ugari sortzen zuen sistema erabili behar!
Dena den, garraiobide berriak eragin nabarmena izan zuen Londresko lur gaineko trafikoan, dezente arintzea lortu baitzuen. Horregatik, hazten ari ziren beste hiri batzuetan metroaren aldeko apustua egin zuten. New York-en 1868. urtean ireki zen munduko bigarren metroa.
Tren metropolitarren benetako bultzada XIX. mendearen bukaera aldera iritsi zen. Londresen trakzio elektrikodun lehen linea jarri zuten abian 1890. urtean. Emaitzak oso onak izan zirenez, munduko hiri nagusi gehienetan sortu zuten metro-zerbitzua: Istanbulen 1896an, Parisen 1900ean, Bostonen 1901ean, Berlinen 1902an... Ordura arte lurrun-makina bidez zebiltzan metroetan ere, laster elektrizitatea erabiltzen hasi ziren.
Elektrizitatearen abiaduran ez, baina bizkor aldatu dira gauzak metroetan ere XX. mendearen hasieratik gaurdaino. Beste hainbat esparrutan bezala, teknologiaren aurrerapenak isla itzela izan du lur azpiko tren-zerbitzuetan. Gaur egungo metroak azkarrak, erosoak eta seguruak dira, eta teknologiak eskaintzen dituen baliabide guztiak dituzte: informazio-pantailak, ahozko zein idatziko mezuak, berogailu- eta hozte-sistemak, gidatzeko sistema automatikoak... baina garraiatzeko sistema bera, oinarrian, ez da gehiegi aldatu.
Metro gehienek bi trenbide izaten dituzte, bakoitza norabide batean. Elektrizitatea jasotzeko beste errail bat izaten dute alboetan, edo, batzuetan, gainaldeko katenaria. Hortik hartzen dute mugitzeko behar duten energia. Trenbidearen zabalera ohikoa izan arren, bagoiak normala baino estuagoak eta baxuagoak izaten dira. Eta geltokietako nasak altuak izaten dira, bagoietara eroso sartu ahal izateko eta denbora irabazteko.
Trenen luzera geltokien luzeraren araberakoa izaten da. New York-eko metroko linea batzuek, adibidez, 11 bagoiko trenak izaten dituzte. Parisen ohikoa da 5 bagoi izatea, eta Madrilen 3 eta 6 artean, linearen arabera. Batzuetan trena osatzen duten bagoi guztiak makinadunak izaten dira, tira egiten dute; beste batzuetan, atoian eramandakoak ere izaten dituzte. Edozelan ere, trenetako bagoi eragile guztiak bakarra balira moduan mugitzen dira, agintea duen gidaria bat izaten baita. Gidari hori trenaren aurrealdean joaten da normalean.
Duela urte batzuk gidariaren lana trena gidatzea izaten zen, baina gaur egun, teknologiaren ekarpenei esker, beste zeregin batzuk ditu. Metro-linea gehienak automatikoak direnez, zerbitzua oso erregularra izaten da, eta energia aurreztearen ikuspegitik, merkeagoa. Gidariek bidaiarien sarrera-irteerak zaindu behar izaten dituzte, ateak ondo irekitzen eta ixten direla ikusi, trena bera ondo dabilela eta gidatzeko sistema automatikoan ez dela akatsik gertatzen egiaztatu. Sistema automatikoek huts egiten dutenean ere, gidariek trenaren agintea hartzeko aukera izaten dute.
Trenaren kontrola, hala ere, ez da mugatzen gidariak ikusten duenera edo tren barruko segurtasun-sistemek adierazten dutenera. Gaur egungo metroetan trenen zirkulazioa, zentralizatutako aginte guneetatik bideratzen da. Linea bakoitza zaintzen dute horietan, eta aginduak bidali sistema automatikoetara: geratzeko toki jakin batean, baztertzeko geltokiren batean, bizkortzeko... behar izanez gero, argi-indarra eteteko aukera ere badute, edo, hainbat transmisio-sistema erabilita, gidariei aginduak zuzenean emateko.
Ezaugarri horiek kontuan hartuta, ez da harritzekoa metroa izatea hiri handietako garraiobide erabiliena. Trenen maiztasunaren eta luzeraren arabera datuak asko aldatzen badira ere, adituek diote norabideko eta orduko 30.000 eta 40.000 bidaiarik erabiltzen dutela metroa. Egunean zehar sekulako jendetza da hori. Hartu goizeko 8etatik iluntzeko 8etarako 12 orduko tartea. Tarte horretan, munduko edozein hiritan 700.000tik gora pertsona mugitzen dira metroz.
Datua ikaragarria da, baina, hala ere, metroak ez dira gai izan hiri handietako trafiko-arazoak konpontzeko. Arintzeko bai, hori ezin da ukatu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia