Toumaï: hominidoa ala tximinoa?
2002/10/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Toumaï -ren garezurra 2001eko uztailean aurkitu zuten Txadeko basamortuan, eta joan den uztailean argitaratu zituzten Nature aldizkarian urtebeteko ikerketen emaitzak. Michel Brunet izan zen ikerketaren arduraduna, eta haren hitzetan, "Toumaï-ren anatomiak argi uzten du gizakiaren adarrekoa dela eta gorila eta txinpantzeetatik banatuta dagoela. Are gehiago, badirudi txinpantzearen eta gizakiaren arteko banaketatik oso hurbil gaudela". Adierazpen horiek egiteko, M. Brunet garezurraren morfologiaren ikerketan oinarritu zen; kopeta irtena, aurpegi sudurmotza eta hagin txikiak gizakiaren ezaugarri nahastezinak direla zeritzon.
Baina paleontologo guztiak ez dira ondorio horiekin bat etorri, eta Toumaïren garezurraren ezaugarri batzuk tximino handien familietatik hurbilago daudela eman dute aditzera. Orain arteko azken iritzia, Milford Wolpoff paleontologo estatubatuarrak eman du Nature aldizkarira bidalitako eskutitz batean.
Milford Wolpoff-en arabera, ez Toumaï-ren haginak, ez kopeta ezta garezurraren zulo okzipitalak ere ez dute adierazten Sahelanthropus tchadensis gizakiaren adarreko lehen espeziea izan zenik. Gainera, Wolpoff-en iritziz, Toumaï hominido bat dela ziurtatzeko bipedoa dela frogatu behar da. Hori baieztatzen ez den bitartean, Toumaï koadrupedoa dela kontsideratuko dutela gaineratu du.
Paleontologoen iritzi kontrajarriak ikusirik, badirudi eztabaidak oraindik luze joko duela; azterketan aurrera egiteko fosil gehiago aurkitzen ez diren bitartean, behintzat.
Informazio gehiago:
http://www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=6273
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia