}

Topaketa espaziala

2000/02/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Eros asteroidearekin elkartzekoa da NASAren zunda bat. Etorkizunean bidai luzeetan geldiguneak egiteko erabil litezke asteroideak.

Izar baten inguruan biraka ari den materia pixkanaka elkartuta jaiotzen dira planetak. Eguzki sistema horrela sortu zen. Baina prozesua ez da bukatu. Aurrerantzean aske dauden pusketak ere elkartuko dira planeta berriak eratzeko. Izan ere, Lurrera eroritako meteoritoak eta asteroideak horren partaideak dira. Duela 65 milioi urte, asteroide bat Lurrera erori eta izugarrizko talka sortu zuen. Ondorioz, dinosauroak desagertu omen ziren.

Planetez gain, eguzkiaren inguruan biraka gelditzen direnen arteko puskarik handienak, beraz, asteroideak dira. Eros horietako handienetakoa da. Hiri txiki baten tamainakoa da. 1898ko abuztuan aurkitu zen arte ezagutzen ziren 432 asteriodeek Marteren eta Jupiterren orbiten artean mugitzen ziren. Eros, aldiz, bira bakoitzean inguru haietatik abiatu eta Lurreko orbitara asko gerturatzen da. Horrek bi irakurketa mota ditu.

Katastrofistentzat kezka sortzeko beta badago, Eros-ek Lurraren aurka talka egiteko probabilitatea, gutxi gorabehera, hogeitik bat dela diotelako. Baina modu baiezkor batean ikus daiteke egoera, NASAko NEAR zundaren misioak duen ikuspuntua.

Asteroideak planeta handien erdibidean daude. Horregatik askotan bidaia luzeen geldigune izateko proposatu dira. Bestalde, espazioko behategiak kokatzeko tokirik aproposenak izan litezke. Eros-ek ere aukera hori eskaintzen digu baina hain urrutira joateko beharrarik gabe. Marterako bidaietako geldigunetzat har daiteke. Baina hori eta beste antzeko ideiak gauzatzeko, lehenengo esplorazioa hasi behar da. Eta horixe da NEAR zundaren helburua.

Misioa

1996ko otsailaren 17an jaurti zuten Near Earth Asteroid Rendezvous (NEAR) zunda, John Hopkins' Applied Physics Laboratory-ko azken teknologiaren produktua. Asteroideen azterketarako espazioratzen zen lehenengo zunda izan zen. Horrela, eguzki sistemaren sorreraren ikerketarako ate berria zabaldu zen. 1997ko ekainean Matilde asteroidearen paretik pasa zen.

Atzo NEAR Eros-en inguruko orbitan sartu zen. Hasieran altuera handiko orbita (330 km-ra) bada ere, pixkanaka hurbilduko zaio altuera gutxiko orbita lortu arte (50 km-ra). Behin hurbilduz gero, sentsore eta espektrometroen bitartez asteroidearen azala aztertuko du NEAR-ek. Lortutako informazioa hurrengo pausoak emateko oso baliagarria izango da, geroagoko misioetan ontziren bat azala horretara jaistea espero baita. Oraingo pausoaren arrakastari begira daude NASAn. Ez da erraza ikerketak egiteko adinako denboraz hain grabitate txikia duenaren orbitari eustea. Oraingoz hantxe dabil. Topaketa Lurretik 260 milioi kilometrora gertatu zen atzo arratsaldeko 16:30ak inguruan. Zain egongo gara hurrengo egunetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia