}

Tok-tok! Hemen dira termitak

2005/05/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Atea jo gabe sartzen dira etxean, baina ez isilik. Aitzitik egurrezko lurra edo habeak jaten ari direnean soinu berezi bat ateratzen dute: tok-tok. Soinu horrek funtzio bat baino gehiago omen ditu; besteak beste, ondo antolatutako koloniari termita bakoitza non dabilen erakusten omen dio.
Termita langileak zuriak izaten dira, eta haien betebeharra da jana (egurra) bilatu eta termitategira eramatea.

Europan hiru termita-espezie daude. Baina komeni da zehaztea termitak intsektu-mota asko direla: oro har, intsektu egurjale asko sartzen dira termiten multzoan.

Esan bezala, termitek soinua ateratzen dute egurra jaten dutenean. Soinu hori matrailezur indartsuekin egurra bibraraziz ateratzen dute. Argitaratu berri den ikerketa batean ikusi dutenez, termitek soinu horren arabera aukeratzen dute jaten duten egurra; izan ere, badira egur-zati handiak jaten espezializatuta dauden termitak, eta, alderantziz, egur-zati txikiagoak nahiago dituztenak. Bada, egur-zatiaren tamainaren arabera, bibrazioa desberdina da, eta, ondorioz, ateratzen duten soinuaren tonua altuagoa edo baxuagoa izaten da. Hala, termitak atsegin duen tonuko egurra aukeratzen du.

Ikerketa horretan, tamaina desberdinetako pinu-egurrezko zatiekin ateratzen duten soinuaren tonua neurtu dute: 7,2etik 2,8 kilohertzera doa. Zati handiekin maiztasun txikiagoko bibrazioak izaten dira, nolabait galdu egiten baita bibrazio hori egurraren luzeran. Bada, ikerketan erabili duten termitak —Australian egin dutenez ikerketa hango termita-espezie bat erabili dute, Cryptotermes domesticus — nahiago omen zituen tonu altuko bibrazioak ateratzen zituzten egur-puskak, hau da, egur-zati txikiak.

Dirudienez, termita-espezie horren inguruan bizi den beste espezie batek nahiago izaten ditu zati handiagoak, eta, hala, lehia saihesten da.

Termitek tunelak egiten dituzte egurrean, eta altzariak, lurra eta bestelakoak hondatzen dituzte.
Future Services, Inc.

Termitek oro har jaterakoan ateratzen duten soinu horrek koloniako gainerako termita langileak erakartzen ditu. Izan ere, termitek hanketan eta antenetan bibrazioa jasotzen dute, eta bibrazioari jarraituta egur goxo horretara irits daitezke. Egurra jaterakoan egiten duten mugimendu azkar hori termitategiko kideei arriskuez ohartarazteko ere erabiltzen dutela uste du zenbait adituk.

Termitategian ondo antolatuta

Dena dela, egur-zati txikiak errazago garraia daitezke termitategira; han koloniaren zati handi bat langileek ekarritako elikagaien zain dago. Izan ere, termitak ondo antolatutako intsektuak dira. Erleen eta inurrien antzera, hainbat gizarte-maila dituzte: errege-erregina, soldaduak eta aipatutako langileak, termitategira jana ekartzeko ardura dutenak, alegia.

Soldaduen eginbehar nagusia termitategia babestea da. Hori dela eta, langileetatik bereizten dituen ezaugarri fisiko nabarmen bat dute: baraila sendo beldurgarriak. Etsairen batek koloniari eraso eginez gero, ezinbestekoak dira soldaduak, baina ezin dute beren kabuz elikatu, eta, ondorioz, langileen laguntza behar dute.

Noizbehinka termita-espezie berriak aurkitzen dira, eta horietako bat da hau, den baino hogeita bost bat aldiz handiago ikusita.

Errege-erreginen betebeharra oso bestelakoa da: ugaltzea. Eta, horregatik, termitategiaren erdian ondo babestuta egoten dira. Termita-espezie batzuetako erreginak 25 urte ere bizi daitezke, eta urte horietan 60 mila arrautza errun ditzakete. Arrautza horietatik ernetzen dira kolonia osatzen duten langileak eta soldaduak, eta baita etorkizunean termitategi berriak osatuko dituzten errege-erreginak ere.

Errege-erregina gazteak ilunak izaten dira (langileak, berriz, zuriak) eta hegoak izaten dituzte; hala, hegan ateratzen dira ‘gurasoen etxetik’. Bikoteka hara eta hona ibiltzen dira hegan —hori izaten da termitak ikusteko izaten den aukera gutxietako bat, izan ere, gainerakoan ezkutuan egoten dira—, eta une egokia iristen denean, lurrera jaitsi eta ugaldu egiten dira. Horretarako lur hezea aukeratzen dute, ahal dela inguruan egur hila ere baden lekuren batean, eta kolonia berri bat osatzen dute.

Une horretatik aurrera, berriro ere zail gertatzen da termitak ikustea. Baita etxean bizilagun baditugu ere. Izan ere, termitategia lurraren azpian egoten da, eta termita langileak etxearen habeetatik igotzen dira janari bila. Tok-tok-tok entzuten denerako, beranduegi da; seguruenera termita-kolonia osoa ari zaigu etxearen egurrezko egitura jaten.

Egurjaleak, dirujaleak

Termitategiak aurkitzeko, era honetako tramankuluak erabiltzen dira.
Future Services, Inc.

Euskal Herrian baserrietan eta herrietako alde zaharretako etxeetan egiten dute termitek kalte gehien, egurrez eginda dauden eraikinetan, alegia. Baina eraikin berriagoetan ere sartzen dira: porlanezko habeetatik igota aurkitzen dute altxorra: egurrezko lurra edo altzariak.

Baina egundoko kalteak herri-ondarean eragiten dituzte: eraikin esanguratsuetan, artelanetan, eta baita artxiboetan ere. Kontuan izan behar da, egurraren zelulosa erabilita egiten dela papera, eta, ondorioz, papera bera ere jaten dute termitek.

Liburutegi handietan eta dokumentu asko gordetzen diren artxiboetan beldurrak dantzan jartzen dira termita hitza entzundakoan, eta, zer esanik ez, gaueko isiltasunean, tok-tok-tok, termitak aterik jo gabe sartu direla konturatzen direnean. Dantzan jartzen dira, bai, baina ez termiten danbor-doinuak pozten dituelako, noski.

7K-n argitaratua.