Tliltepetl, begi milimetrikoaren etxea
2009/10/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Teleskopioa eraiki baino lehen, lan handia egin zuten teknikariek eraikitzeko tokirik aproposena topatzeko
Badirudi Teleskopio Milimetriko Handia Mexikoko golkora begira dagoela, golkoaren aurreko mendilerro handi baten ertzean baitago. Baina teleskopioa espaziora begira jartzeko eraiki dute, eta arrazoia da espazioko uhin milimetriko asko iristen direla ertz horretara, beste toki askorekin konparatuta, behintzat.
Tliltepetl sumendiaren gailurra oso altu dago, teleskopio erraldoi bat instalatzeko toki egokia du (harainoko errepidea egiteko ere bai), eta, batez ere, oso zeru gardena du uhin milimetrikoentzat. Haren gaineko atmosfera oso lehorra da, hezetasun gutxi du, eta hori ezinbestekoa da uhin milimetrikoak behatzeko, ur-lurrunak xurgatu egiten baititu uhin horiek.
Baina, aukeran, antzeko beste toki apropos batzuk ere bazeuden teleskopioa instalatzeko. Tliltepetl sumendia aukeratu zuten onena zelako, baina proba asko eta asko egin ondoren. Hiru mila metrotik gorako hamar mendi baino gehiago aztertu zituzten, tartean Nevado de Toluca (Xinantecatl, 4.680 m), Cofre de Perote (Nauhcampatepetl, 4.300 m) eta La Malinche (Matlalcueyetl, 4.420 m) sumendiak. Mexikoko sumendirik altuenak 5.000 metrotik gorakoak dira (Citlatlaltepetl edo Pico de Orizaba 5.610 m, Popocatepetl 5.500 m eta Iztaccihuatl 5.220 m), baina ez ziren egokiak orografia aldetik, eta ez zen haien zeru milimetrikoaren kalitate-probarik egin.
Zeru garbiaren bila
Probak egiteko, mendi bakoitzera igo behar izan zuten tresnak hartuta, zeruaren gardentasuna neurtzeko. "Gardentasun-probak erradiometro baten bidez egiten dira" azaldu du Itziar Aretxagak. "Erradiometroak atmosferaren igorpen milimetrikoa neurtzen du zeruko zirkulu maximo batean (zenitetik horizonteraino, lurraren gunea plano berean izanda zirkulu maximoa osatzeko). Goiko atmosferaren geruzak oso hotz daudenez, iturri milimetriko oso indartsuak bilakatzen dira, gure urruneko galaxia milimetrikoak baino miloi bat aldiz distiratsuagoak".
Probak zirkulu maximoan egiten dira, angelu guztietatik datorren erradiazioaren gardentasuna neurtzeko. Izan ere, horizontetik gertu ikusten diren astroen uhin milimetrikoek atmosfera-zati handiagoa zeharkatu behar dute zenitean ikusten direnenek baino.
Gainera, etengabeko probak dira, urtaroaren arabera aldatu egiten baita gardentasuna. Neurketen ondorioz, astronomoek badakite garai lehorrean (udazkenean, neguan eta udaberrian) 0,85 eta 4 mm arteko uhinak ikusten direla ondoen, eta garai hezean (udan), berriz, hiru eta lau milimetro arteko uhinentzat dela gardena atmosfera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia