Titikaka, aintzira fededuna
2001/04/24 Elhuyar Zientzia
Eguzkiaren uhartea eta Ilargiaren uhartea Titikaka aintziran daude, Boliviari dagokion partean. Inkentzat gune sakratuak ziren eta pelegrinazioan hurbiltzen ziren haraino. Hain ziren garrantzitsuak, ezen erregeek ere Kuzkotik harako bidaia egiten baitzuten. Inkek makina bat tenplu eta behatoki astronomiko utzi zuten han eta arkeologoak oraindik han ari dira lanean. Estatu Batuetako bi arkeologok Eguzkiaren eta Ilargiaren uharteak aztertu dituzte eta Inken zibilizazioa sortu aurretik ere gune erritualak zirela ondorioztatu dute. K.a. 2000. urtean hasi eta inken garairaino iristen diren arrastoak ikertu dituzte 185 aztarnategitan. Aztarnarik zaharrenak ehiztari eta biltzaileenak dira eta ez dute uharteen erabilera erritualik erakusten. Baina inken aurretik bizi izan zen tiahuanaco herriak utzitakoek, berriz, (K.o. 400-1000) bai. Tiahuanaco herriarenak diren hainbat gailu aurkitu dira uharteetako gune erritualetan eta lehorretik tenpluak dauden tokiraino garraiatu zirela uste dute. 1.000 urte geroago inkek egin zuten gisa, tiahuanacoak ere pelegrinazioan hurbiltzen omen ziren uharteetara.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia